26 Zenbakia 1999-03-19 / 1999-03-26

Gaiak

Euskara batua ala euskalkiak herri aldizkarietan?

ITURAIN, Iñaki

Euskara batua ala euskalkiak herri aldizkarietan? Euskara batua ala euskalkiak herri aldizkarietan? * Iñaki Iturain Hamar urte pasa dira euskarazko lehen herri aldizkaritzat jo izan dena, Arrasate Press, sortu zenetik. Hamar urteotan berrogeita hamar inguru dira Arrasatekoak zabaldutako bideari ekin diotenak. Herri aldizkari horien guztien elkargune den Topagunea izeneko elkartea ere sortu da. Topaguneak emandako datuen arabera, aldizkari horien tirada orokorra 100.000 ale ingurukoa da, eta horien irakurle kopurua ia 300.000ra inguratzen omen da. Elkarte gehienek autopropagandarako duten joerak dakarren datuen puztuketa arinduta ere, begibistan dago herri aldizkariena garrantzi handiko fenomenoa dugula euskalgintzaren baitan. Hamargarren urteurren horren karian iazko azaroan Arrasaten antolatutako Herri Aldizkarien III.Jardunaldietan, gai batek sortu zuen eztabaida apur bat bertaratu ginenon artean: euskalkien erabilera herri aldizkarietan. Euskara batuak ere urteurrena izan zuen iaz: 30 urte bete zituen, Arantzazun sortu zenetik. Eta joan den urtean galdera bat plazaratu zen euskalgintzara, bi urteurren horiek uztartzen dituena: euskara batua ala euskalkiak herri aldizkarietan? Galdera, berez, ez da aldizkari horietan erabiltzen den euskararen isla zuzena; izan ere, herri aldizkari ia denetan euskara batuaz idazten baita erabat, eta garrantzizkoenen artean batean ez beste guztietan. Hala ere hainbat jende kezkatuta dago, benetan, kontu honekin. Batzuek herri aldizkarietan euskalkiak erabiltzea proposatzen dute. Arrasateko topaketatik astebetera Gasteizen mahainguru bat eratu zen lau herri aldizkarietako ordezkariekin, Eibarko eta kitto, Bergarako Berrigara, Nafarroako Bortzirietako ttipi ttapa eta Sakanako Guaixekoak, galdera horrexeri erantzuteko: batua ala euskalkia herri aldizkarietan? Niri mahaiaren eraketa ez zitzaidan oso egokia iruditu galderari erantzuteko, denak euskalkien erabileraren aldekoak zirela baitzirudien. Nolanahi ere, entzuleen artetik egindakogaldera batzuei erantzunez, irizpideak zehazten eta ñabardurak sortzen hasi ziren. Kontua da Berrigara eta ttipi ttapa batuaz idazten direla eta Guaixen euskalkian idazten dena %3 inguru omen dela. Eta kittoren kasua bestelakoa da; aldizkari honetan benetako ahalegina egiten dute Eibarko euskara islatzen. Han errezagoa ere badute; izan ere, bertako euskararen tradizio idatzia omen dute. Hortaz, zergatik ote zen lau ordezkariak, denak, euskalkien aldeko jarrera agertu izana hasieratik? Nik uste dut, eta munduko ausardi(keri)a guztiarekin saiatuko naiz galderari erantzuten, batzuentzat ez dagoela nahikoa garbi zer ote den batua. Euskara batuaren oinarriak Euskara batuak, sortu zenetik, hiru oinarri izan ditu eta ditu: aditz laguntzailea, deklinabidea eta ortografia, eta orain hiztegi batua. Zutabe horien gainean jaso zen euskara batuaren eraikuntza. Baina batuaren etxea zutabe hutsak dira jantzi ezean; etxea apaindu egin behar da, hornitu, edertu. Eta hori, jakina, tokian tokiko langaiekin egin behar da. Oinarri berdinean gainean eraikita egonagatik, oso desberdinak izan daitezke etxe horiek. Hor kokatu behar da euskalkien ekarpena, horretan jantzi behar dute biluzik dagoen batua, nork bere erara. Batuak ezarritako oinarriak ez dira horren estuak, bide zabal samarra uzten digute nork bere bidea egiteko. Gertatzen da, ordea, herri aldizkarien eraikuntza horiek, orain artean, oso antzekoak egin ohi direla gehienak, euskara motari dagokionez, eta kasu askotan oso etxe itsusiak, herriko estilotik oso urrunduak, herri zapore gutxikoak, ez gatzik ez piperrik gabekoak; tartean gauza txar, oker eta desegoki asko ere bai. Sarri gehiegi urrundu gara herriko jendearen hizkeratik, eta jende askorentzat idatzi ulerkaitzak sortu ditugu, komunikazioa ikaragarri zailduz. Baina hori berdin gertatu da batuan zein euskalkian. Ez baitira izan hizkuntza batuaren oinarriak horretaratu gaituztenak, beste zerbait baizik. Izan ere, euskara batuak ez gaitu lotzen horren kate motzean. Bere baitanoso euskara desberdinak kabitu litezke, tokian tokiko aberastasun estilistiko guztiekin, bai lexikoari dagokionez, baita esamolde, esakera, kontatzeko era eta abarri dagokionez ere. Euskara batuaren oinarriak hizkuntzaren azalari baitagozkio, eta ez sakoneko egiturari. Heldu den igandean jinen gara eta datorren domekan etorriko gara, biek esanahi berdina dute eta biak batua dira. Batuan edozein euskalkitan bezain jator, egoki eta aberats idatz daiteke, eta horrela idazten ikasteko eredu izan litezkeen hiztun on askoak dauzkagu herri euskaldun guztietan. Azken urteotan idatzirako euskal eredu baten bila ahaleginik handienetakoak egin dituen Jose Ramon Zubimendik, ahozko jardunetik ahalik eta hurbileneko eredua proposatuz eta eredutzat aspalditxotik euskalkietan idatzita dauden Auspoa Sortako liburuetako euskara joz, batuaz idazten du. Are gehiago, batuaz argitaratu ditu eredurako erakusten dituen hainbat testu, bere garaian euskalkietan idatzitakoak. Ahozkoan euskalkia eta idatzian batua Batua sortu zutenean, hain zuzen, arlo idatzirako sortu zuten. Nik uste dut ahozkoan tokian tokiko komunikaziorako tokian tokiko hizkera erabiltzen segitu behar dugula; herri hizkerei eutsi egin behar zaie eta bizirik mantendu. Baina horretarako herri aldizkariak ez dira tresna egokiak, inondik ere. Zesarri Zesarrena bezalaxe, ahozkoari ahozkoa eta idatziari idatzizkoa. Hitz, berba edo ele egin eta mintzatu sinonimoak dira, baina idatzi aditzak ez du sinonimorik, erderatiko eskribitu ez bada behintzat. Kasualitatea ote? Herri hizkerari eusteko hortxe daude eskolak, hor irrati edo telebistak. Eremu lokala dutenetan uste dut egokiena bertako hizkeraren aldeko aukera egitea dela. Aldizkarietan herri hizkera erabiltzekotan, ahoz sortutakoa bakarrik islatuko nuke; beraz, aldizkari ia guztietan egin ohi diren elkarrizketa eta kaleko galdeketetan; baina ez, inondik ere, kazetariek idatziz zuzenean sortu beharreko testuetan. Hain zuzen, aldizkari batzuetan egiten dutenaren justu kontrakoa; behintzat,nik aztertutako aleetan hiztunei jasotakoa batuaz eta kazetariek sortua euskalkiaz idatzia ikusi baitut. Batzuen kasuan, gainera, ez dago esaterik darabilten euskara moldea euskalkia denik, baizik eta bertako hiztun batek esango lukeenaren balizko transkripzio fonetikoa. Nik dakidala, inguruko hizkuntzetan, bakar batean ere ez da egiten horrelakorik. Imajinatzen honelako zerbait: zomo la meó revizta qu’a zalío? Irakurlearengana hurbiltzeko ahalegina, idazkera ahalik eta bertako hizkeratik gertukoena egiteko saioa, eskertzekoa da. Baina saio hori hizkuntza batuak, naziorako ereduak, jarritako mugez gain eramatea komenigarria al da? Ez naiz ni izango bide horretan ahalegintzen ari direnei zilegitasuna kenduko diena, ez horixe! Baina nire ustetan oso bide, gutxienez, zaila da hori; eredu nagusitik urrundu ahala, arau eta irizpide orokorrak kolokan jarrita, dena dago eginkizun, erabakizun, eta lana ikaragarri zailtzen da, biderkatu egiten da; zalantzak sortzen dira une oro. Galderak eta galderak Euskaltzaindia txikiak sortzen hasi beharko ote dugu, herriz herri, idatzirako ereduak proposatzeko? Benetan lortzen al da aldizkaria ulergarriagoa izatea? eta batez ere, herritar guztientzat? Herri horietako irakurlegoa homogeneoa al da, denak herrian jaioak, denak euskaldunzaharrak? Zenbat eredu eman behar dizkiegu idazten hasi behar duten gaztetxoei? Herri aldizkariak beste? Galdera asko dira eta beste asko ere egin litezke: Benetan sentitzen ote du Eibarko irakurleak eta kittoren idazkera gertuagoa Arrasatekoak Arrasate Pressena baino? Egunkariak, Argiak, azken hogei urteotan batuaz plazaratutako milaka liburuek, eskoletako testuek... beren bidea egiten dute, eta horrek bere eragina izan du eta bere ondorioak ditu. Hala ere, herri hizkerak, euskara bizi bizirik dagoen herrietan, lehenean dirau, tokian tokiko ahozko jardunak ez dira horregatik aldatu. Batuak herritar batzuei ulermen arazoak sortzen dizkien eskualdeetan ez ote litzateke aski bertako euskalki batua erabiltzea inguruhorretako herri aldizkari guztietan? esate baterako, bizkaieraz egiten den herrietakoetan bizkaiera batua? Batuaz aparteko bide eta aukera hori zaila dela diodanean gogoan ditut herri aldizkari gehienetako giza baliabideen eskasia eta nolabaiteko egoera: kazetarietan mugimendua handia izaten da; prestakuntza eta lan baldintzak, kasu batzuetan, nola halakoak dira. Herritarrenganako hurbiltze bide hori batuan eginez gero zereginak asko dira eta erronka interesgarria da eta, zaila ez dut esango, baina bai ardura handia eskatzen duena herri aldizkariotan dihardugunontzat. Ondo eginez gero, bi etekin lortuko genituzke, idazkera herritarrari hurbildu, eta batuaren eraikuntza herri zapore jator eta aberatsez jaztea, guztiontzat baliagarri. Azken bolada honetan, alde batetik eta bestetik, hainbat gauza ari da idazten gai honen gainean. Koldo Zuazok Egunkarian, euskalkien erabileraren alde agertuz, Goenkale aipatzen zuen hizkera jator eta herrikoiaren adibide eta eredu eta horixe zela bere arrakastaren arrazoia; baina, hara bitxikeria: Goenkalen, jator eta egoki bai, baina batuan egiten dute berba. Iñaki Iturain, bi herri aldizkaritako erredakzio batzordekide: Orioko Karkara eta Donostiako Irutxulo