Iparraldeko komunikabideak eta euskara Iparraldeko komunikabideak eta euskara * Luzien Etxezaharreta Iparraldeko komunikabideetan euskarak tokia badu aspaldian prentsa idatzian. 90.eko hamarkadan aldaketa bat nabaritzen da: Hego Euskal Herriko prentsaren garapena eta irakurlegoaren hazkundea Iparraldean, Euskal Telebistaren ofizializatzea eta denetan ikuskari izatea, euskal irratien gero eta indartze handiagoa. * Euskara prentsa idatzian Astekariak "Escualduna" astekaria XIX. mende bukaeran Baionan jaio zen. Egun "Herria" izenarekin dabil, 1944.eko bukaera geroztik, Lafitte apaizak buruzagitza hartu geroztik. Herriak astero 3000 ale banatzen ditu. Astekarien artean Enbata eta Ekaitza astekari politiko abertzaleek euskarari toki egiten diote, elebitasuna erabiliz. La Semaine du Pays Basque astekaria 6. urtean sartua da. Noizbehinka artikulu bat edo beste euskaraz ematen du. Hilabetekariak Amikutzu, aldizkari berria 99.eko otsailean jaioa da. Benafarroan iparraldeko berriak, Amikuzekoak (Donapaleuko kantonamendukoak eta Iholdikokoak) ematen ditu, Hego Euskal Herriko "herri aldizkarien" tankeran. Ttipi Ttapa, Bortzirietako herri aldizkaria, Saran sartu ondoren, 98.ean Senpere aldera hedatu zen Lapurdin. ELB (Euskal Herriko Laborarien Batasuna) sindikatak "Laborari" aldizkari elebiduna plazaratzen du. Honek nekazarien mundua hunkitzen du. Zuberoan "Le Miroir de la Soule" astekaria plazaratzen da. Euskarazko kronika txiki bat agertzen da. Donapaleun "Le Journal de Saint Palais" astekaria mende honetan zabaltzen da. Euskara noizbehinka piska bat erabiltzen du. Udal opozisioetako hainbat taldeek ere aldizkari elebidunak plazaratzen dituzte, hala nola Baionan (Kutzu) edo Donibane Lohizunen(Kitzik). Aldizkari hauk hargatik noizbehinkariak dira tokiko giroari eta gertakariei egokituta. Hegoaldeko prentsa Iparraldean Urte hontan uste da 4.000 Hego Euskal Herriko biztanle Lapurdin bizi direla, jatorriz gipuzkoarrak. Honek irakurlego berri bat ematen dio Hego Euskal Herrikoprentsari Hendaiatik Baionaraino. Diario Vasco, Egunkaria, Deia eta Gara irakurtzen dira gero eta gehiago. Bestalde, 1990.a geroztik Egunkariak erredakzio bat Baionan jarria du. Garak otsail honetan gauza beran egiten du. Iparraldeko albisteen tratamendu handiagoa emanez, bi hauek irakurlego berezia finkatzen ari dute. Argia astekaria aspaldian ezagutua da, bereziki 80.eko hamarkada geroztik indar berezia egiten baitu Iparraldeari buruz. Irakurle finkoa dauka, sendotzen ari dena. * Euskara irratian Euskal Irratiak 1981eko abenduan "Gure Irratia" hasi zen, osoki euskaraz. 1982an, Garazin "Irulegiko Irratia" eta Maulen "Xiberoko Botza" hasi ziren, frantsesa doi bat erabiliz. Iparralde euskal irratiek entzumen handia dute, beren kalitatea gero eta handiagoa. Elkarlana bideratzen ari dute informazio eta kultur sailetan. Radio France Pays Basque Aipatzen bada ere "frekuentzia euskaldun bat" zerbitzu publikoa obratzen duen irratiarentzat, oraindik toki gutxi ematen dio euskarari. Arratsaldeko ordu batetik goiti, 45 minutuko magazine bat, albiste eta magazine batzuekin egiten da astean bost egunez. Goizean, agendaren zati bat eta informatiboen tituluak euskaraz ematen dituzte. Hegoaldeko Irratiak Hego Euskal Herriko irratiek entzulego gero ta handiagoa dute. Euskadi Irratiak eta Euskadi Gazteak emisorek entzule jarraikia daukate, bai musikaren kalitate aldetik bai informatiboengatik, oro har beren profesionalisma onarengatik. * Telebista Euskal Telebista Euskarak telebistako entzumenean garapen handia egiten ari du 1998az geroztik, Euskal Telebistak errepikagailuak Iparraldeko toki guztietan jarri baititu. Frantziako erakunde publikoen (CSA) baimenarekin eta Udalen Sindikataren laguntzarekin egina da. Azpimarratzekoa da Jaurlaritzaren laguntzarik gabe ez zela egiten ahalko. TDF, Frantziako Telebistaren erakunde publikoak ere ematen du mantenimentua, udalen eta Jaurlaritzaren laguntzarekin. "Iparraldeko ordua" albistegia, egunero bietan zabaltzen du ETBk, eta hurbiltasunekoaktualitatea jarraitzen baitute, ikuslegoa indartzen ari dute. France 3 Telebista Baionan, France 3 telebista gateak tokiko talde bat jarria da Baiona Angelu Biarritzeko "distrikaren" laguntzarekin. Hiru minutuko euskarazko emankizun soila baizik eginez, euskal kultur munduaren ase eza nabaritzen da, etsipena eta haserrea piztuz. Aldudarrak Aldudarrak elkarteak, Alduden (Nafarroa Beherean) garatu ideiak bide egiten ari du. "Tokiko telebista" proiektua garatzen ari dute, albistegi magazine hilabetekari grabatu bat momentukoz aurkeztuz. Iparralde guzira hedatzeko gogoa du. Beren ekoizpenek euskarari toki nagusia ematen diote. Luzien Etxezaharreta, kazetaria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.