Gutxi baina onenak Gutxi baina onenak * Asier Aranguren Badira hamar urte Arrasate Press sortu zela edo Ttipi ttapak bere doaneko hamabostekari izateko asmoari heldu ziola. Dagoeneko euskarazko herri prentsan arrakasta izan duen eredua ere identifikatuta dago: astekari hamabostekaria, dohain, autoedizioz landutakoa, diru laguntza publiko eta publizitateari esker finantziatzen dena, etxeetako buzoira banatutakoa, edukietan ia inori min egiten ez diona eta euskara batuan idatzitakoa. Jakina, orokorrean hartutako ezaugarri perfila da hau eta noski, herri edo eskualde bakoitzak egokitu egin du eredu tipo hau bere inguruaren izakera propiotara. Ospea eta entzutearen ostean hedapena etorri zen. Asmakizun berri baten ohiartzuna izan zuten haserako aldizkariek eta gripearen birusa baino azkarrago zabaldu zen euskarazaleen artean berri ona. Makina bat proiektu desberdin hasi dira urrengo urteetan, baita ahulenak agortu ere osasuntsuenaren teoriari jarraituz, eta egun bolada baretu egin da olatu guztiekin gertatzen den moduan. Datu nagusiak, ordea, ezagunak dira euskal aldizkarigintza lokalean: 50 en bat aldizkari, 400.000 bat irakurle. Beste bat gehituko dut nik hemen: 100 bat langile soldatapean. Eta aldizkarien egileak eurak direnez, euskal prentsa lokalean lanean gogor dihardutenei begira gelditu nahi nuke gaur. Lan kontestua ezagutzen ez duenarentzat behar beharrezko ohar bat: euskal prentsa lokalean bi langile mota nabarmen dago, soldatapean diharduen tituluduna eta borondatez, herrigintzan edo ametsak betez lanean diharduena. Honek, jakina, ez du esan nahi soldatapean dauden guztiak tituludunak direnik (normalean hala den arren) eta ezta borondatez dabiltzanak titulurik ez dutenik (euki ez daukatena diru ordaina da). Aldizkariaren maiztasuna zenbat eta bakanagoa (hiruhilabetekari, bihilabetekari ...) orduan eta borondatezko lan gehiago eta soldatapeko gutxiago. Halere, astekarietan ere produkzioaren lan haundiena ordaindutako talde batek bere gain daukan arren, betida dohainik bere denbora eta lana ematen duenik. Borondatez egindako lana lagungarri da nire ustez, beharrezkoa eta eskerronez mimatu beharrekoa. Zalantzarik ez honetan. Baina erantzunkizuna langileek hartu behar dute euren gain. Beste edozein jardueratan bezalatsu, asteroko hamabosteroko hileroko aldizkaria etxeetara txukun helarazteko lanak profesionalen esku egon behar du. Borondatez diharduten den denak elkarrekin zirkora trapezistak ikustera joan edo karibeko eguzkitara tekila edan eta dantza egitera txangoa eginda ere, hemen gelditzen direnek irakurleen etxeetan utzi behar dute tajuz aldizkaria puntual. Hori da xedea, bolondresen bizi aldaketen mende ez egotea alegia. Baina helburu hau betetzeko duintasuna behar du euskal herri aldizkarigintzan lanean dabilenak bere kontratu kondizioetan. Egia da garai batean esperentzia askorik gabeko lizentziatu berrien lehenengo lanleku izan zela herri aldizkarigintza; egia da baitere gazteak zirela orain hamar urte langileok; egia da lan talde txikiak direla eta espezializazioa ez dela oso erraza; egia da zenbaitzuk igerileku haundiagotara jauzi egiteko erabili duten tranpoliña izan dela zenbaitetan eskualde aldizkarigintza ... Bai, baina egia guzti hauek errealitate aldakorra baino ez dira noski. Esperientzia ez zeukatenek makina bat karakter idatzi, orrialde maketatu edo iragarki saldu dituzte honez gero; hamar urte eta gero guztiok zahartu gara neurri berean, baretu eta lotu sarri; komunikabide haundietara bene benetan balio duenak beti egingo du alde suertea eta egarria lagun baditu; baina lan talde txikiak izaten jarraituko dute aldizkari lokalek luzaro. Errealitate honen inguruan, bada, hausnarketa pare bat. Lan talde txikiak izanik liderraren izaerak izugarri markatzen du aldizkariaren edukia, itxura eta norabidea. Lagunarte, espedizio edo parrokietan ere gauza bera gertatzen da. Erne beraz aldizkari horretako zuzendaria aukeratzerakoan, irakurgaia bera neurri haundi batetan arduradunaren izaeraren isla izango baita(kirol asko, diseinu hauskorra, euskalgintza nagusi, ideologi markatua, gutarrak/besteak eskema, euskalkia ...). Beste datu bat, soldatapean lan egiten duten 100en bat langileetatik erdiak pasatxo egun erdiko edo ordukako soldatarekin dira, euren artean hainbat kontratu idatzirik gabe. Produktua profesionalen eskuetan utzi nahi badugu, erantzunkizuna eta eszelentzia eskatuko badiegu, lan egoerak ere duina behar du izan, derrigor. Lana bait da, ez militantzia. Eta bukatzeko beste gogoeta bat, kazetari diseinugile gerente publizista, guztiek dituzte seguru egundoko intuizio eta ideiak (nire amak dio, kuadrillan esan didate, neskalagunak aipatu zidan ...) baina sarri irakurleei eurei galdetzea komeni da, beharrezko da aldizkaria norentzat egiten dugun kontutan hartzea eta behar bezala ikertzea, badira horretarako bide zientifikoak. Izan ere aldizkaria bera ona, erakargarria eta irakurgarria nahi badugu onenen eskuetan utzi beharra bait dago. Gutxi baina onenak. Asier Aranguren, kazetaria, EHUn irakasle.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.