Euskal kezka Euskal Kezka * Mikel Olazabal Euskarazko komunikabideei buruzko lerro batzuk eskatu dizkidate eta azterketa sakon eta teknikoegiak goi mailako adituen esku utzi ostean hemen dituzue, aportazio gisan, euskal komunikazioan 15 urte eman dituen kazetari apal baten hainbat burutazio: * Prentsa idatzia: Euskal aldizkari historikoei zor zaien begirunea azpimarratu eta gero, uste dut Euskaldunon Egunkariaren garapena mirari bat dela euskal gizartean. Teknikoki uste dut txukuna dela, duina. Hutsik handiena astelehenetan ez plazaratzea da. Kontsolidazio bidean egunero kioskoetan izatea da falta den urrats bakarra. Bueno, hori eta informazio lokala indartzea. * Irratia: Euskadi, Bizkaia, Gaztea, Arrate, Segura, Irulegi, euskaldunok eskaintza dexente dugu. Batzuetan aurrekontu mugatuen eta errazkeriaren erruz, betelan gehiegiz osatuak, baina tarteka, gaztelerazko konpetentzi basatiari aurre egiteko ere bai. Euskaraz informatzeko eta entretenitzeko gai alegia. * Telebista: Euskara modernitatean integratzeko behar beharrezko tresna da telebista, eta herri telebista txikiak ahaztu gabe, hor dugu Euskal Herriko etxe guztietan ETB 1 etengabe 24 orduz indarrean. Agian folklorikoegia, kirol emanaldi gehiegiz, errepikapenekin abusuren bat eginez... bai, baina etengabe, mamu aberats, digital, multinazionalei, urtean 365 egunez hortzak erakusten eta euskaraz bizi nahi duen euskaldun jatorrari ikus entzuteko lehio moderno bat zabalduz. * Lizarra Garazi: Euskaraz bizitzea gauza naturala eta logikoa da hainbat euskal biztanleentzat, batipat herri txikietan jaio eta hezitako pertsonentzat. Alderantziz, Euskal Herriko hirietan euskaraz egitea eta erantzuna jasotzea, oso zaila gertatzen da oraindik. Irakurle, hori da erronka. Lizarra Garaziko euskal batasuna eguneroko euskalzaletasunarekin lotu behar da. Politika merkea alde batetara utzi eta euskaldun sentitzen garenok, gutxienez, beste guztietatik bereizten gaituen hizkuntza erabili behar dugu ogia erosteko, autobuseko tiketahartzeko, lagun artean hitz egiteko... euskal komunikabideak erabiltzeko. Bestela jai dugu. * Zalantza: Euskara hutsez jarduteak, zalantza eta kezkaren bat ematen du tarteka. Euskal berriemaile izateak poza eta harrotasun puntu bat sorrerazten du, baina baita profesional bezala zeure bideari, neurri batean edo bestean, hegoak moztu dizkiozulakoan konfirmazioa ere bai. Gaur egun euskal kazetariok ba ditugu egunkari, aldizkari, web orrialde, irrati eta telebista tresnak gure hizkuntzaren aldeko militantzia zabaltzeko. Baina, nahikoa al da hori? Ez ote gaude txikien mailan sekula sekulorum jarraitzera behartuta? Batzuetan, euskal festa erraldoietan kontrakoa frogatzen saiatu arren, ez ote dugu biriketaraino sartuta galtzaile mentalitatea? Mikel Olazabal, ETBko kirol arduraduna
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.