Laiaren garaitik Internetera Laiaren garaitik Internetera * Arantxa Iturbe Laia, lurra iraultzeko garai batean erabiltzen zen lanabesa da. Museoetan ikusita ezagutzen dugu hogeitabatgarren mende atariko kalekumeok, askoren ustez laiaren garaian geratu behar zuen hizkuntza lanabes dugunok, barne. Laia eta euskara parez pare jartzen dituztenen alde esan beharra daukat, badutela antza biek, lanabes diren neurrian, ez beste ezertan. Laia aspaldian desagertu zen, lurra iraultzeko tresna erosoagoak sortu ziren neurrian, eta euskara, aldiz, laiaren ondotik Interneten bide zidorretaraino heldu da, garaiari egokitu nahian. Horixe baita lanabes batek bizirauteko bide bakarra: garaian garaikora egokitzea. Kuriosoa da, eta esanguratsua seguruenik sikiatraren batek aztertuko balu segituan aterako luke ondorio jakingarriren bat Euskonewsen Euskadi Irratiari buruz hitz bi egiteko laiaz hizketan hasi beharra. Sikiatrari lana errazteko esango dut, hogeitalau orduz euskaraz ari den komunikabide batean lan egiteak beti eramaten gaituela euskaraz, euskara lanabesaz, hizketa egitera, komunikabidearen ezaugarrietako bat, ezaugarri nagusiena oraindik, bera delako. Ezaugarri nagusi den hori bera, askotan oztopo eta muga nagusi izateak bihur gaitzake sikiatraren bezerogai. Eta ez naiz, euskaraz lanean aritu beharrak egunerokotasunean sor ditzakeen arazo txiki eta gaindiezinak diruditen horiei buruz ari, Euskadi Irratiaz edozein hausnarketa egiteko orduan euskarari buruzko hausnarketa egin beharraz baizik. Eskizofreniko bihurtzeko modukoa izaten da batzutan egoera: hogeitalau orduz euskaraz ari den komunikabide izatetik, hogeitalau orduz ari den komunikabide izatera pasatzeko irrika sortzen du horrek. Eta ez, bere ezaugarri nagusia baztertzeko daukagulako. Baina bai, bereizten gaituena lanabesa delako, eta ez helburua: lurra iraultzea, edo pixka bat gaurkotuz, komunikatzea. Hemen idazten aritzeak desoreka beretsua sortzen dit: aldizkari elektronikoak izango dira akaso datorren mendekoaldizkariak. Aldizkari elektronikoa eta Euskadi Irratia, bidea besterik ez dira. Komunikatzea dute ezinbesteko iraungo badute, eta komunikazioaren legeak ez dira laiaren garaitik aldatu: komunikatzeko nork komunikatua, zer komunikatua eta nori komunikatua izatea dira derrigorrezko. Hiruretakoren batek hutsegin ezkero, alferrik dira komunika biderik modernoena edota lanabesik gaurkotuena. Lanabesa baztertuta gera ez dadin garrantzitsua da berritzea, gaurkotzea, ahalik eta erosoena izatea, baina lantzeko lursailik ez duenak beti izango du laia sobran, bai lehen eta bai orain. Esango nuke hor dagoela Euskadi Irratiaren etorkizunaren gakoa: ze lur sailetan ari garen ondo aztertu eta ze eratara irauli nahi dugun ikertzean. Lanabesa aurrez erabakita dago. Gure esku dago lanabes horren erabilpen egokia egitea eta datorren mendean jendeak, irauli dugun lurrari erabili dugun lanabesari baino garrantzia gehiago ematea. Horrek esan nahiko baitu, azkenean, lortu dugula komunikatzea. Arantza Iturbe, Euskadi Irratiko esataria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.