26 Zenbakia 1999-03-19 / 1999-03-26

Gaiak

Komunikazio aniztasuna eta elkarlana

ZUBIRIA, Peio

Komunikazio aniztasuna eta elkarlana Komunikazio aniztasuna eta elkarlana * Pello Zubiria Euskarazko komunikazioak, euskal kultura osoak, eta derrigor euskal nazioak bere osotasunean, elkarlana du beharrezko tresna nagusia. Gure baitan txikiak gara eta inguruan munduko kulturarik erraldoienak dauzkagu; inguruan baino, gainean esan beharko nuke, edo hobeto, munduko kulturarik erraldoienek beren baitan gauzkate. Zer da euskarazko jarduera bat Lapurdin frantsesezko uholdearen barruan? Zer pintatzen du euskarazko ekimen batek Bizkaian gaztelaniaz bizi den mundu oso baten txoko batean? Elkarlanaren fruituak dira euskarak eta euskarazko tresna garrantzitsuenek azken urtean emandako urratsak. Kolaborazio horrek lortu du euskarak berak tresna moduan zituen (eta oraindik dituen) hainbat gabezia gainditzea, gure hizkuntzari bazterketatik atera eta Euskal Herriko gizartean txoko bat egitea, euskaraz produzitzen denaren kalitatea eta konpetitibotasuna hobetzea... Eta urrats handiagoak eman ez badira, sarritan militante euskaltzaleen, euskaraz bizitzeko prest dauden profesionalen eta gai hau instituzio publikoentzako lehentasunezkoa dela sinesten duten arduradun politikoen artean aski kolaborazio izan ez delako izan da. Mende bukaerak gainera datozkigun aldaketa erraldoien kontzientzia ekarri digu denoi. Luze joko lukeenez, ez naiz hasiko 90eko hamarkadan Euskal Herrian, Europan eta munduan gertatu diren aldaketak zerrendatzen. Baina aldaketok hor daude, eta beste aldaketa are handiagoen atarian ipini gaituzte. Euskarazko komunikabideetan ari garenoi dagokigunez, gure lehentasunezko beharra komunikazioaren munduan gertatzen ari diren mugimenduetan gure posizioak ez galtzekoa da. Optimistago mintzatuz, aldaketa garaiotako aukera berriak baliatu behar ditugu gure posizioa hobetzeko kultura erraldoietan mugitzen diren komunikabideen aurrean. Euskal komunitateari komunikazio alorrean ere biziraupena bermatu eta nahi dugun Euskal Herri euskaldun horretan guk ere gure alea aportatzeko.Bi baldintza nagusi bete behar ditugu hori egoki burutu ahal izateko. Batetik, komunikabieetan gabiltzanon profesionaltasuna, gure tresnen konpetitibateari loturik doana, gure kalitate maila. Eta bestetik, elkarlanerako jarrera, handiekin lehiatu ahal izateko. Kezkati nabil bigarren atalari dagokionean. Jokabide gehiegi ikusten dut euskarazko jarduerak lortu duen merkatu txiki honen barruan borrokatu eta nagusitzeko ahaleginean, eta gutxiegi eremu hori zabaltzeko beharrean. Gutxiegi da lortu duguna. Gutxiegi euskal gizartearen biziraupena bermatzeko, gutxiegi gure proiektu eta enpresen aurrerabidea segurtatzeko. Aurrera begira, bi ardatzotan finkatu behar du elkarlanak, nire ustez. Bata: euskal mundutxo barruko konkurrentzia fenomeno normaltzat hartu eta erregulatu, horren barruan gatazkak bideratzeko moduak eraikiz. Jardueraren batean bada nabarmena aniztasunaren garrantzia, informazio eta komunikazio alorrean da. Elkarlanaz ari garenez eta ez inolaz ere unanimitateez, atal hau konplexurik gabe aztertzea oso da inportantea. Eta bigarren ardatza: erdaraz funtzionatzen duten gure inguruko/gaineko munduen aurrean konpetitiboak izateko sinergiak antolatu. Asko hobetu behar dugu honetan, bai atal bakoitzeko sinergiak handitzeko (komunikazio agenteen artekoa, guri dagokigunez) eta baita atal ezberdinen artean dauden posibilitateak ustiatzeko ere. Euskararen biziraupena hein handi batean maitasun ekintzen gainean eraiki da; eta jakina da maitasunaren anaia bizkia dela gorrotoa. Maitasun gorroto dinamikak gainditu eta mitoen babesean (ez galdetu noiz babesean eta noiz aitzakiatan) handitutako hegemonizaletasunak beren lekuan ipini, errukirik gabe aldatzen ari den munduaren erdian herri eta kultura bezala elkarren artean leihatu eta aldi berean kanpora begira konpetitibo izateko. Hitzak direla? Hitz horiei pertsona, talde, enpresa eta erakundeen izenak ezartzeko ariketan hasi gaitezke kafe baten inguruan. Gauzak hobetzeko asmotan, hori bai. Kezka azaldu dut, eta itxaropenaezin utzi aipatu gabe. 1998ko udazkenetik giro berri batean bizi da euskal herritarra; giro horrek aurreko lotura, aurriritzi eta beldur asko askatuko duelakoan nago. Teknologia berriek eta orohar jazotzen ari diren aldaketek sortu duten lurrikarak denok astintzen ari gaitu lozorrotik, desafio berriak eta oso gogorrak askotan ipiniz begien aurrean, eta baita aukera berri eta oso handiak eskainiz ere. Eta azkenik, inertziarentzako antidotorik onena den belaunaldi berrien etorrera ere ez du inork oztopatuko. Beharrak elkartuko gaitu, zozoak bagara. Burutsu jokatzen badugu, beharrei aurre hartuko diegu elkarrekin. Pello Zubiria Camino, Argia aldizkariko zuzendaria