26 Zenbakia 1999-03-19 / 1999-03-26

Gaiak

ETB-1en eskaintza

AMEZAGA, Josu ARANA, Edorta BASTERRETXEA, Jose Inazio ITURRIOTZ, Ander

ETB 1en eskaintza ETB 1en eskaintza * Edorta Arana, Josu Amezaga, Jose Inazio Basterretxea eta Ander Iturriotz Telebista programatzailearen lana asmatu huts egin joku bikoitzean mugitzen da. Eskumenera dituen programekin ikus entzuleen gustukoa izan daiteken eskaitza osatzen du. Aldi berean, iragarleei audientzia multzo potolo bat saldu nahi diolako publizitate truk, programazio erakargarri bat antolatu behar du. Lan horretan ari dela, konpetentzia zertan dabilen kontuan hartu beharko du ere. Eta, marko orokor gisa legedia, merkatuaren arauak, produkzio baldintzak, aurrekontua eta, sarritan ahaztu egiten diren telebista kanalaren jarrera filosofikoa, oinarri ideologikoa eta helburu politikoak buruan eduki behar ditu. Egin behar duen aposturako arrakasta eta porrota dira aurrez aurreko bi muturretan dauden sariak. Telebista kanal bateko arduradunek (programatzailea da markaturiko helburu estrategikoak zelan gauzatuko diren erabaki beharko duen pieza garrantzitsua) badakite programazioa dela ikus entzuleen etxeetara sartzeko bidea. Horrekin batera, genero desberdinak erabiliz munduaren ikuspegi bat, bizitzaren aurrean har daitekeen jarrera bat eta, guztiaren gainetik, gertaera sozial, kultural, ekonomiko edo politikoak ulertarazteko proposamen bat da programazioa. Gainera, eskaintza hori, egun dugun hedabiderik boteretsuena erabiliz egiten denean, pentsatzekoa da pantailaren bestaldean dauden bizilagunengana heltzeko bide egokian gaudela. Euskarazko telebistagintzak egiten duen eskaintza nolakoa den, programa zehatzen atzetik ageri diren hainbat planteamendu orokor eta erreferentzialak zelakoak diren jakin gurak jarri du abian ETB 1en programazioaren nondik norakoak aztertzea. Irakurgai duzun lan hau unibertsitatean eginiko ikerketa horren atal bat da, lehen hurbilketa bat. Bertan, Euskal Telebistaren lehen kanalak pantailaraturiko emanaldia, bere osotasunean lehenengo eta prime timea eta honen baitan albistegiak gero, aztertu ondorengoak aurkituko dituzu. 1998koudaberriko emisioak hartuz, ikerketaren emaitzek erakusten dutenez, egun osoko programazioan lau dira ETB 1en ekaintzan nagusitzen diren generoak: Haur/Gazteentzakoa, Kirola, Magazina eta Erreportaia/Dokumentala. PROGRAMA GENEROA EGUN OSOKO EMANALDIA % Haur/Gazteentzakoa 24,2 Kirola 18,1 Magazina 13,9 Erreportaia/Dokumentala 11,1 Fikzioa 8,5 Albistegia 6,4 Euskal Kultura 5,3 Tradizionala/Euskara Lehiaketa 3,9 Erlijioa 0,9 Umorea 0,7 Klasifikatzeke 0,8 Promoak+Iragarkiak+Karetak 5.8 Gure inguruko gainontzeko telebistekin konparatuz berezi samarra den ETB 1en programazio parrilak, gainera, emisio esparru gisa duen Euskal Herriarekin nolako erlazioa duen jakin gura izan dugu. Horretarako, programa bakoitzaren baitan Euskal Herriarekin zerikusia duen elementurik ote dagoen miatu dugu. Azterketaren emaitzen arabera, emanaldiaren %72,2ak loturaren bat dauka Euskal Herriaz. Gaiak, pertsonaiak,edota lekuak Euskal Herrikoak dituzten programen artean nagusi dira Albistegiak, Euskal Kultura Tradizionala, Erlijioa, Magazina. Gainera, Fikzioa eta Kirola bezalako generoek, barne produkzioko programei esker, altua dute gure herriarekin zerikusia daukaten elementuen presentzia. Aitzitik, hemendik kanpoko erreferentziak azaleratzen dituzten programen artean daude Umorea eta Erreportaia/Dokumentala generokoak. Baina, lehen esan dugunez Haur/Gazteentzako programazioak berebiziko lekua du ETB 1en eskaintzan Gainera, aipatzekoa da genero horretako programen artean ehuneko 50a Euskal Herriarekin erlazionaturiko edukien (gaiaik, tokiak, pertsonaiak, istorioak, e.a.) presentzia erakusten duela. Prime timea da zalantzarik gabe, audientzia aldetik eta beraz publizitate fakturazioari dagokionez, konpetentzia gehien sortzen duen ordu sorta. Iluntzeko zortzi t’erdiak eta hamabiak bitarteko "urrezko orduetan" komertzialtasunaeta beste kanalekiko parekotasunak antzeman daitezke ETB 1en programazioan ere. PROGRAMA GENEROA PRIME TIMEko EMANALDIA % Kirola 35,7 Magazina 17,2 Erreportaia/Dokumentala 0,2 Fikzioa 22,3 Albistegia 10,8 Euskal Kultura 5,1 Tradizionala/Euskara Promoak+Iragarkiak+Karetak 8,7 Lehen erabili dugun faktorea hemen ere aplikatuz, prime timean sartzen diren programetan Euskal Herriaren presentzia %78,3koa da, beraz egun osoko emanaldian baino bost puntu altuago. Baina, beti kontsideratu ohi den bezala, Albistegiak dira kanalaren ideologia eta jarrera politiko eta sozialaren erakustokirik gardenena. ETB 1en kasuan, ikerketa honen bidez jakin ahal izan dugu marrazten den esparru erreferentziala, mapa politiko eta soziala eta ageri diren pertsonaiak nolakoak diren. Albistegietan sakonduz Lehenik eta behin aitortu beharra dago informazio saioetan Politikak duen pisutzarra (%44,4). Aipaturikoari Gizartea (multzo honetan trafikoaz, hirigintzaz, ekologiaz eta abarrei buruzkoaz gain teknologia eta ekonomiako albisteak ere sartuz) gehituz gero, beteak d ugu albistegia %80,2an. Beraz, tematikoki nahiko definituak dira ETB 1en berri saioak. Definizio tematikoaz gain, albistegietan aipatzen diren hamar notiziatik zazpi Euskal Herriarekin zerikusia daukate. Datu honek, aurki pertsonaien jatorria eta notiziak non sortu eta non eragina daukaten ikusterakoan ageri den ideia azpimarratu besterik ez dute egiten: Euskal Herrian zentratuak direla ETB 1en albistegiak, Estatu espainiarraren presentzia ere oso markatua delarik. Protagonistei dagokionez, erditik gora Euskal Herriko toki desberdinetatik (%52,3a da guztien sumatoria) etorritakoak dira. Horien barruan, probintzia desberdinen pisua ezin da konparatu, esaterako, nafarren erdira ez da heltzen arabar protagonisten presentzi. Bestalde, entitate informatibo markatua du Hegoaldeak, bertatik etorritako pertsonaiak Iparraldekoak baino hamar aldizsarriago ageri dira notizietan. Esan bezala, Euskal Herriaren barruan zehaztu ditugun maila guztien batuketa eginda, pertsonaien erdia bertokoak dira. Horrezaz gain, Mundukoak (inguruko bi estatutik haruntzagokoak) eta Estatu espainiarrekoak dira aipatzeko modukoak. Izan ere, Espainiako protagonisten pisua %15,9koa da, ondoko taulan azaltzen denez. PROTAGONISTEN NOTIZIA % ESPARRU GEOPOLITIKOAK Araba 4 Bizkaia 6 Gipuzkoa 6,6 Nafarroa+NFK 9,9 Iparraldea 0,7 EAE 8,6 Hegoaldea 13,2 Euskal Herria 3,3 Espainia 15,9 Frantzia 1,3 Mundua 30,5 Protagonista horiek burutzen dituzten zereginetan marrazten den joku esparruan ere antzeko joerak atzematen dira. Esaterako, notizia diren gertaera gehienak (Munduko %28,5az gain) Nafarroakoak, Bizkaikoak eta Espainiakoak izaten dira. Informatiboki pisutsuak kontsideratzen diren toki gehienak, nola ez, Euskal Herriko toki desberdinetan gertatuak dira (%57,6), baina hala ere Espainiak %13,2ko garrantzia du. Albistegietan aipatzen diren notizien "eragin esparrua", alegia, geopolitikoki noraino duten garrantzia eta informatiboki noraino duten itzala aztertuz gero, Euskal Herria, toki desberdinetako notizien presentzia gehituta gero, ageri da toki erreferentzial gisa. Notizietan ageri diren protagonistak, lekuak edota gaiak, ikusi dugun bezala, gure herriarekin erlazionaturik ageri dira, gutxi gora behera, lautik hiruko proportzioan. Beraz, informazio saioetan aipatzen diren notiziek, orohartuta, Euskal Herriarekin zerikusia duten ala ez galderari erantzunez, berriro ere, hiru esparru geopolitiko ageri zaizkigu oso modu garbian: Euskal Herria bere osotasunean, Mundua eta Euskal Herria eta Espainia bateratuko dutenak. Ondoko taulan, ETB 1eko notiziek zelako esparru geopolitikoekin loturak erakusten dituzten azaltzen da eta lehen postuetan dago gehienetan Espainia eta Euskal Herriarekin nolabaiteko lotura agerianuzten dutenak. NOTIZIEK DITUZTEN NOTIZIA % ERREFERENTZIA GEOPOLITIKOAK Espainia+Euskal Herria 34,4 Euskal Herria 28,5 Mundua 23,8 Espainia 6 Mundua+Euskal Herria 5,3 Frantzia+Espainia+Euskal 1,3 Herria Frantzia 0,7 Ikusi dugun bezala, eta ikerketa honek jarraipena duen neurrian ( ) datu eta irakurketa gehiago ekarriko dituen arren, agerian dago gaur egungo ETB 1en eskaintzak lotura zuzena duela Euskal Herriarekin. Genero aldetik, Haur/Gazteentzakoa, Kirola, Magazina eta Erreportaia/Dokumentala nagusi diren bezala (prime timean gauzak aldatu egiten dira Kirolak berebiziko lekua eskuratzen duelako) bertoko erreferentzialtasuna erakutsi egiten dute. Bestalde, programazio informatiboari kasu eginez, Politikak eta Administrazio desberdinek duten nagusitasuna dela medio, protagonista, gertaera lekuak eta baita notizia horiek duten eragin esparruari dagokionez Euskal Herria ageri zaigu indartsu. Edozelan ere gogoratu beharra dago, herri honetako toki desberdinak ageri arren Euskal Herriak ez duela izaera nazional eta bateratu gehiegirik erakusten. Beste modu batera esanda, Euskal Herria esparru geopolitiko erreferentziala baino bere barruan markatu ditugun azpi sailak presenteago daudela ETB 1eko albistegietan. Artikulu hau Euskal Herriko Unibertsitateak finantziatua eta UPV 016.323 HA 159/97 kodea duen ikerketatik ateratako datuetan oinarritua da. Ikerketa taldeko kideak dira Josu Amezaga, Edorta Arana, Jose Inazio Basterretxea eta Ander Iturriotz irakasleak. Edorta Arana, Josu Amezaga, Jose Inazio Basterretxea eta Ander Iturriotz, Gizarte eta Komunikazio Zientzietako irakasleak EHUn.