Euskarazko komunikabideak. Normalak? Euskarazko komunikabideak. Normalak? * Joseba Arregi Aspaldikoa izan da euskalgintzan ihardun izan direnen artean euskararen etorkizuna euskarazko komunikabideei hertsiki loturik dagoenaren konbentzimendua. Komunikabideak euskaraz eskaintzea beharrezkoa eta ezinbestekoa zen, eta da, euskarak etorkizunik izatea nahi badugu. Euskararen etorkizunaren giltzarria komunikabideetan dago hezkuntzan hainbat. Horregatik eman zion hasieratik Eusko Jaurlaritzak horrenbesteko garrantzia ETB eta Euskadi Irratia sortzeari. Euskadi inguruan ikusentzunezko edo ahozko komunikabideak publikoak izatea ohizkoa zen, ez zuen inolako susmorik sortzen. Besterik zen, idatzizko komunikabideetan. Ikusentzunezko komunikabideak publikoak izatearen ohiturak ez zuen publiko eta pribatuaren arteko eztabaidarentzat tarterik uzten. Eguneroko prentsa idatziaren beharra geroz eta indartsuagoa zen heinean, ordea, publiko eta pribatuaren arteko eztabaida berehala sortu zen. Ikusentzunezko komunikabideek publiko izaten jarraitzen dute. Egunerokoak kudeaketa pribatua du, baina laguntza publikoari esker bizi iraun dezake bakarrik. Egoera honek etorkizunean hainbat buruhauste ekarriko digula ziur nago, gaur egun gure inguruan moldatzen doan giroa ez baita Eusko Jaurlaritza abiatu zenekoaren tankerakoa. Ezagutzen ditudan euskarazko komunikabideak kontuan hartuta, ordea, bada arretaz begiratu beharreko zerbait: komunikabide hauek duten mutur batean kokatzeko joera, era batera edo bestera, arrazoi bategatik edo besteagatik. Idatzizko nagusienak ezker abertzalearen muturrean. ETB, berriz, programazioari dagokionez, eta esan nahi dudana azpimarratzeko errealitatea zertxobait bortxatuz, kirolaren, folklorearen eta algararen muturrean. Badakit esandako hauek zehaztu, matizatu, eta astiroago aztertu beharko nituzkeela. Bere hortan utziko ditut, ordea, aztertu nahi nukeen puntua beste bat delako. Euskarazko komunikabideak, euskalgintza osoak bezala, helburu bat badu, euskaraeta bere erabilera soziala normaltzea da. Normaltasuna gaur, eta elebiduna izan nahi duen gizarte batean, zertan datzan definitzea ez da bat ere erraza. Hala eta guztiz ere, normalizazioa, normalkuntza, euskararen erabilera gizartean normalizatu beharra aipatzen dira, aipatzen ditugu, etengabe helburu gisa. Eta egoera normal hori lortzeko asmoz hartzen ditugu hartzen ditugun erabakiak, erabakitzen ditugu erabaki beharreko programak, sortzen ditugu beharrezko tresnak, kasu komunikabideak. Hori bai: jakinik egiten ditugunak ez direla beti, ezta urrutitik ere, guztiz normalak, bereziak direla hartzen ditugun neurriak, ezohizkoak hartzen ditugun erabakiak. Eta egia da gutxiendutako egoera batean aurkitzen den hizkuntza bat ezin utz daitekeela babesik gabeko, laguntzarik gabeko, ahalegin berezirik gabeko lehian. Ez naiz, beraz, ezohizko laguntza berezi horiek zalantzan jartzen hasiko. Euskararen etorkizuna eta bere normaltasuna gogoan izanik, ordea, galdera bat egitea beharrezkoa iruditzen zait. Ez ote genuke noizean behin aterpetik atera eta normaltasunaren froga egin behar bide zuzenetik ote goazen jakiteko, ezohizkotasunean anormalitatea geroz eta bermatuagoa izan ez dadin euskararentzat, normaltasunaren helburua geroz eta urrutiago egon ez dadin, euskal komunikabideak bezala euskara muturren batean sartuta geldi, eta ito, ez dakigun? Beti gaixo moduan tratatua izaten denak joera izan ohi du azkenean bere burua gaixo izaeran bakarrik ikusteko. Euskarak, eta euskal komunikabideek beharrezkoa izango dute zor zaien babesa, baina, beharrezkoa izango dute lehiaren errealitatearen erauntsiaren indarra probatzea ere, euren izaera betirako gaixoarena izatea nahi ez badugu. Joseba Arregi, EAJ PNVko parlamentaria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.