145 Zenbakia 2001-11-23 / 2001-11-30

Gaiak

Udal Kultur Ekintzak. Eibartarren Ahotan

ALUSTIZA, Nerea

Eibartarren Ahotan Eibartarren Ahotan * Eibartarren Ahotan proiektua 1999ko udan hasi zen martxan, Eibarko eta eskualdeko ahozko ondarea jasotzeko asmoarekin, eta lan horretan dihardugu harrezkero. Proiektuaren helburua bat bakarra, baina zabal eta sakona: Eibarko eta inguruko herrietako nagusiekin hitz egin eta antzinako ipuin eta kontuak bideoz jasotzea. Ohiturak, bizimodua, sinesmenak eta lanbide zaharrak. Asmoa, hurrengo belaunaldiei XX. mendearen lehenengo zatiaren bizimoduaren ñabardurak eta alderdi desberdinak zehatz mehatz, protagonisten ahotan, jasoko dituen ikusentzunezko artxibo eta datu basea lagatzea, zaletuen gozamenerako eta adituen (filologo, historialari, etnografo zein soziologoen) azterketarako. Eskualdearen eta Eibarren ezaugarri ekonomiko eta sozialak ezagututa, arreta berezia eskaini nahi izan diogu industriari, batez ere galzorian dauden lanbide zaharrei: armagintza, damaskinatua, bizikletak, josteko makina... Gure historia eta etnografia sakonean aztertzeko aukera paregabea dugu, eskualdeko memoria historikoaren eta ondare kulturalaren berreskurapenean beste pauso bat emanez. Dena euskara hutsez eta azken helburua batutako informazioa herritar guztiei eskaintzea eta dibulgatzea izanik. Gure ustez, Kultur Ondarearen berreskurapenean, ahozko lekukotasunen bilketari ez zaio garrantzi gehiegirik eman, eta ezinbestekoa da ahozko iturri hori kontuan izatea, garai bateko gizartearen ezaugarriak bere osotasunean jaso eta gordetzeko. Euskonews & Media 145.zbk (2001/11/23 30) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria