145 Zenbakia 2001-11-23 / 2001-11-30

Gaiak

Eusko Ikaskuntza Interneten: informazio-zerbitzua Euskal Kulturaren alde

CUESTA EZEIZA, Arantza

Eusko Ikaskuntza Interneten: informazio zerbitzua Euskal Kulturaren alde Eusko Ikaskuntza Interneten: informazio zerbitzua Euskal Kulturaren alde * Arantza Cuesta Ezeiza Eusko Ikaskuntza 1918an sortu zuten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Foru Aldundiek eta gaur egun oraindik oinarrizko xede berberak mantentzen ditu, hau da, "euskal kulturaren ohiko baloreen sustapena eta Eusko Ikaskuntzen hedapena eta ikerketa". Honen bilakaera ez da euskal gizartearen errealitatetik eta milurteko berriak eskaintzen dizkigun erronketatik kanpo geratu. Euskal kultura bera da bere xede nagusia eta horren ohiko baloreak oinarritzat hartuz, Eusko Ikaskuntzak lanean dihardu erreferentzia berrien bila eta erdietsitako emaitzei ahalik eta hedapen handiena eman nahirik teknologia berriak komunikazio kulturala bideratzeko tresna bezala erabiliz. 1995. urtean eta Informazioaren Teknologia berrien aldeko jarrera ausarta erakutsiz, Eusko Ikaskuntzak bere datu baseak informatizatzen eta artxiboak digitalizatzen hasi zen. Berez, Erakundeak berak eguneroko lanetan jorratzen edo sortzen duen informazioa kudeatzeko teknologia berri horiek erabiltzen hasten da. 1996ko ekainean Internet sarean sartzen da. Erakundea bera lehen aldiz sarean aurkeztea abiapuntu nagusia izan zen arlo horretan bere lana garatzearren betiere oinarrizko xedeari helduz: sarean euskal kulturari buruzko edukiak aurkeztea eta mundu osoan barrena euskal kultura zabaltzea. 1997an Eusko Ikaskuntzako Mediateka sortu zen Erakundeko Informazio Zerbitzu berezia izanik. Zerbitzu horren egiteko nagusia zera da: Eusko Ikaskuntzak berak kudeatzen duen informazioa koordinatzea, tratatzea eta, batez ere, euskarri digitalean zabaltzea. Azken lau urteotan euskal zientzialarientzako eta, oro har, gizarte osoarentzako interesgarriak izan daitezkeen hainbat proiektu garatu dira. Horien artean honako hauek bereziki azpimarra ditzakegu: Bernardo Estornes Lasa Fondoa sarean jarri da, Auñamendi Entziklopediaren bertsio digitala alegia; datubase handiak sortu dira, besteak beste, "Euskal Kultura prentsan 1900 1975"; dokumentu fondoen datu baseak eta datu base bibliografikoak; katalogazioak eta argazkien digitalizazioa, soinuen fitxategiak eta abesti herrikoiak; 1907az geroztik Eusko Ikaskuntzen argitalpenen % 90 digitalizatu da, Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkariaren 1. aletik 2001. urtera bitartean alegia; guztira 140.000 orrialde digitalizatu dira eta horien aurkibidea ere antolatuz orrialdeetan testu osoa bilatzeko aukera izanik; eta abar. Bernardo Estornes Lasa Fondoa, Auñamendi Entziklopediaren bertsio digitala eta eguneratua Eusko Ikaskuntzaren Argitalpenen Fondoa (140.000 orrialde / PDF) Euskonews & Media Aldizkaria (145 ale, 2.500 artikulu, 8.500 irudi) Multimedia Galeria: Argazkiak Audioa Bideoa Dokumentuen datu baseak: Manuel Irujo, Angel Apraiz eta Manuel Lekuona Fondoak Datu base Bibliografikoak Datu basea: Euskal Kultura Prentsan (1900 1975) Datu basea: Euskal Kantutegia Datu basea: Sari eta ekitaldi kulturalak Datu basea: Jaien Egutegia Euskal Herriko ohiko jaiak Datu basea: Euskal Herriko Datu Geografikoak Erakundearen Web orrialdea 1998an euskal kultura eta zientziari buruzko astekaria sortu zen, Euskonews & Media. Jada 145 ale jarri ditugu sarean eta azpimarratzekoak dira horren aniztasuna eta edukien aberastasuna. Guztira 3500 harpidedun baino gehiago ditu eta kontinente guztietako bazter ezberdinetan irakurtzen dute. Informazio kopurua hain handia izanik, 2000. urteaz geroztik Eusko Ikaskuntzako Mediateka ON LINE INFORMAZIO SISTEMA garatzen hasi zen berau ardatz nagusia izan dadin informazio hori guztia bildu eta egituratzeko. Horren bitartez, bertan ditugun fondo guztiak elkarrekin lotu egin daitezke eta aldi berean Eusko Ikaskuntzak etorkizunean gara ditzakeen proiektuekin ere bat egiteko aukera ematen digu. Informazio sistema hori diseinatzerakoan helburu nagusia erabiltzaileari erraztasunak ematea izan da informazioa guztia eskura dezan. Horregatik, bilaketarako tresnaaurreratuenak ezarri dira sistemak emaitza zehatzak eskaini ditzan eta erabiltzaile bakoitzaren interesekin eta eskariekin bat egin dezan. INFORMAZIO SISTEMA horrek gaur egungo eta etorkizuneko proiektuei buruzko informazio kudeatuko du, Eusko Ikaskuntzak Internet sarearen bidez zabaltzeko interesgarritzat jotzen duen informazio guztia alegia. Arantza Cuesta Ezeiza, Eusko Ikaskuntzaren Mediatekako arduradun teknikoa Euskonews & Media 145.zbk (2001/11/23 30) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria