145 Zenbakia 2001-11-23 / 2001-11-30

Gaiak

Euskara zientzia erakundeetan

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

Euskara zientzia erakundeetan Euskara zientzia erakundeetan * Josemari Velez de Mendizabal Eusko Ikaskuntza ausart azaltzen ari da euskararekiko bere konpromezua, sekula baino borondate sendoagoarekin, nonbait. Erakundearen historiak berak garamatza Eusko Ikaskuntzaren sorbururaino, euskararen aldeko aurreneko aldarrikapen eta apustu irekiarekin topo egiteko. Bide luzea, beraz, Eusko Ikaskuntzak alde horretatik eraman duena, ziurrenik inoiz ez behar bezala errekonozitua. Baina, garbi dago, konbentzimendutik planteaturiko lantegiak ez du inoiz errekonozimenduaren saria itxaroten, ongi eta zintzo zuzendutakoak berez eguneroko uztan oinarritzen baitu arrakasta. Hamabost dira orain arteko Eusko Ikaskuntzaren Kongresuak eta 1918ko urrun hartatik hamaika bira eman ditu euskal gizarteak bere ardatzaren inguruan ez beti, zoritxarrez, abiadura eta baldintzarik egokienetan eta XXI. mendearen hastapenetan barrena abiatu gara, erronka berriei aurre egiteko asmoarekin. Gure hizkuntzari begira aparteko aukera paregabea ageri dela iruditzen zait, inoiz ez baita euskara orain bezain babestua egon, batzuetan alderantzizko ustea nagusi dakigukeen arren. Hizkuntzaren bilakaera positiboa, dena den, hainbat alderditatik aberas daitekeelakoan nago, bidea ez baita inoiz amaitzen. Gizarte osoaren ardura izanik ere, zientzia erakundeei sekulako errespontsabilitatea dagokie, mendetan zenbait zirkulu interesatutatik arlotetzat hartutako gure euskarak erpin garaietan utzi behar baitu bere arrastoa, beldur eta konplexurik gabe. Hizkuntza bizi eta moderno bati dagokion legez. Eusko Ikaskuntza, hastear duen bere XV Kongresuan erakutsiko duen bezala, zientzia erakunde moderno da eta, gutxienez, orain arte ibilita daramatzan urteak adina bizi eta indarrez beterik irauteko gogoarekin aurkeztu da XXI mendera. Eta euskarak toki berezia izan behar du elkartearen planteamendu orokorrean, bere lanaren emaitzak euskal gizartearen garapen integralean ondorioa izan dezan. Ez da hitz arranditsuetakodiskurtsoekin ezer lortzen, ez bazaio borondatezko teoriari bultzada praktiko eta ongi egituraturiko lan eskema batekin laguntzen. Horregatik, lerro hauek idaztean ez nuke sinpletasun salagarrietan erori nahi, jakin baitakit bide luze eta zailtasunez beteriko baten abiapuntu malkartsuan aurkitzen garena. Milaka urtetan zehar eraso ahaltsu guztiei nola edo hala, zori hobe edo txarragoarekin aurre egin dion hizkuntza ahulak denetariko sendabideak behar ditu, oraindik ere, susperraldi hauskor eta engainagarrian ito ez gaitezen. Zientzia egitea eta, oro har, kultura sortzea ez da dekretuz agin daitekeen zerbait. Ahaleginean hilko ginateke horrela arituz gero eta, zer esanik ez, egiaztapen bera aplika geniezaioke zientzia eta kulturaren hizkuntza lanabesari dagokionez ere. Kulturaren kontzeptuarekin berarekin batera doa askatasunarena, eta alde horretatik funtsezkoa da, ene ustez, hizkuntza hautatu ahal izatea, ez baitzaio inori sortzezko prozesuan eragozpen gerta lekiokeen ezer inposatu behar. Alderantzizko jarrera askatasun sakrosantaren aurkako atentatutzat har genezake. Baina, otoi, ez ditzagun otarre bertsuan osasun egoera desberdinetako hizkuntzak ezar, denei tratamendu berdina emateko asmoarekin. Horrek, batere zalantzarik gabe, heriotzako zigorra adieraziko luke ahulenentzat. Beraz, edozein ospitaletan legez, zainketa eta errezeta diferenteak erabili beharko dira barneratutakoentzat. Eta espainieraren inguruko II Mundu Kongresua zela eta, Valladoliden lehengo urrian entzun ahal izan genuenez laurehun milioi hiztun dituen hizkuntzarentzat neurri bereziak eskatzen baziren, zer ez dugu exijituko gurearen modukoarentzat? Euskal gizarteari dagokio zuzen zuzenean euskara bizi eta indartsu iraunaraztea, eta Eusko Ikaskuntzaren gisako zientzia erakundeek ezinbestekotzat jo behar dute gure hizkuntzaren kalitate maila etengabe jasotzea. Lehen nioen bezala, une aproposean gaude beti da aproposa eta teknologia berriek bikain lagun diezagukete langintza horretan. Baina teknologiaguztiak soberan daude ez bazaie plangintza burutsuarekin elikatzen, eta horretan egon behar du hain justu zientzia erakundeen protagonismoak. Euskal administrazioak zabal eta jori lagundu behar du zientzia erakundeen lana, batere aitzakiarik gabe. Orain arte esploratutako bideek biderkapenaren esfortzua eskatzen digute eta gizarte zibilaren eskutik aurrera jarraituz botere publikoek neurri aurrerakoi eta burutsuak babestu behar dituzte, euskarak azken hogeita bost hogeita hamar urteotako joera itxaropentsuari segituko badio. Josemari Velez de Mendizabal, Eusko Ikaskuntzako gerentea Euskonews & Media 145.zbk (2001/11/23 30) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria