145 Zenbakia 2001-11-23 / 2001-11-30

Gaiak

Udal Kultur Ekintzak. Oriako Sorgin-Dantza bideoan

Institucional

Oriako Sorgin Dantza bideoan Oriako Sorgin Dantza bideoan * Oriako (Gipuzkoa) haranean sortua, Sorgin Dantza izenez ezaguna dugun dantza balio ukaezina duen legatu historiko kulturala da. Eta honen garrantziaz jabetuta Lasarte Oriako Udalak Sorgindantzaren Lagunak Kultur Elkartearekin elkarlanean, laister Oriako Sorgin Dantza bideoa plazaratuko du. Bideo honek, 1997an argitaratutako liburuaren jarraipen gisa, dantzaren garbitasuna gorde nahi du, eta dantza hori ezagutarazteko eta hedatzeko, hezkuntza tresna baliogarri izan nahi du. Sorgin Dantza gizonezkoen inauterietako konpartsa bat da, bandera bat jasotzen duen buruzagi batek zuzendurikoa. Dantzariek bi errenkada paralelo osatzen dituzte, isekazko errito honetan tradiziozkoak diren bi mozorro motei dagozkienak: ezkerreko errenkada sorginek osatzen dute, gona gorriz eta txirikordadun iztupazko ileorde horailez neskatxa nekazariz jantzitako gizonek; eskuinetara Intxisuak jartzen dira, galtza eta alkandora zuriz jantzitako gizonak, gorriz margotu edo estalitako kartoizko kapela koniko luze batez burua estalia daramatenak. Dantzan ari direla bi errenkadak aurrez aurre ditugu: biek aurrera eta atzerajauziak eman eta hatz erakusleaz mehatxu txikiak egiten dituzte. Amaitzeko, gizonezkoen errenkadak emakumezkoenean besarkada eta egoera nolabait pikaroak sorrarazten dituzte. Bai keinuzko elementuen ugaritasunak, bai erritmo eta doinuen euskarriek, zera susmarazten digute: dantzak kondairazko oinarri bat zuela, gaur egun ipuin herrikoiaren tolesetan gordeta dagoen kontakizunen bat. Ipuin herrikoi honek, bere zatietako batean, inauterietako bi mozorroren arteko liskarra iradokitzen du, eta hor egon daiteke Oriako aldaera gipuzkoarrera iritsi arte, hain ongi gorde den ihauterietako koreografia honen oinarri. oria.org Felipe Maya Urruticoechea, Lasarte Oria datu historikoak (Lasarte Oria 1995) ORIAKO SORGIN DANTZAREN LAGUNAK K. E. Oriako Sorgin Dantza (Lasarte Oria 1997) Euskonews & Media 145.zbk (2001/11/23 30) Eusko IkaskuntzarenWeb Orria