145 Zenbakia 2001-11-23 / 2001-11-30

Gaiak

Udal Kultur Ekintzak. Durango

Institucional

Durango Durango SAN FAUSTO JAIAK Urriaren 13an ospatzen dira. San Faustoetako ospakizunik ezagunenak honako hauek dira: Zezenak dira eta Artopilen banaketa. Jakin badakigu, Zezenak dira azken 400 urtetik hona ospatu izan dela Durango Urian, antzera samar beti ere. Zezen bat askatzen da Alde Zaharreko kaleetan zehar sama inguruan soka bat duela lotuta eta Santa Anako Plazara eraman behar da. Santa Anako Plazara heldutakoan, gaur egun horrela gertatzen ez bada ere, zezena burdinazko txirrindola batera lotzen zen eta herriko eta inguruko gazteek euren indarrak neurtzen zituzten animaliaren aurrean. Noizbait zezena toreatu ere egiten zuten, eta ikusleentzako mailak ere jartzen ziren. Artopilen banaketa arreta handiz gordetzen den beste usadio bat dugu. Udaletxeko arkupetan, dantzari batek ohorezko aurrezkua udal agintariei egin ondoren, zinegotziek San Fausto egunerako bakarrik egiten den gozokia banatzen dute. EUSKAL ASTEA Euskal Astearen helburu nagusia da ondo antolaturiko kultur astea eskaintzea. Horretarako Durangon egiten diren ekitaldi sakabanatuak urteko sasoi batera bildu eta, behar besteko baliabideak jartzen dira. Gainera, Durango interesdun gune Turistikoa bilakatzen da aste horretan. Horretarako, Durangoko talde, elkarte eta kolektiboen ekarpenak batzen dira, besteak beste, folklorea, ohiturak, kultura, euskara, herri kirolak eta beste batzuk. UMEEN EUSKAL JAIA Durangoko Tronperri eta Txoritxu Alai Dantza Taldeek antolatzen dute San Fausto jaien inguruan. NAZIOARTEKO FOLKLORE JAIALDIA Durangoko Kriskitin Dantza Taldeak antolatuta, Nazioarteko Folklore Jaialdia uztailean egiten da. Munduko taldeak etortzen dira. DURANGON FOLK Durangoko Kriskitin Dantza Taldeak antolatuta, Liburu eta Disko azokarekin batera egiten da. Kantauri itsasertzeko, estatuko eta Frantziako taldeak etortzen dira gonbidatuta. MUSIKA HAMABOSTALDIA Musika klasikoaz osatutako ekitaldia. Azaroa eta abendu bitartean egiten da Bartolome Ertzilla Musika Eskolak eratuta. JULENE AZPEITIA IPUINETA BERTSO PAPER LEHIAKETA Duela 18 urte hasi zen Durangoko Udala gazteentzako literatur lehiaketa hau antolatzen. Julene Azpeitia Lehiaketa izen bereko irakasle euskalduna gogoratzeko antolatzen du Durangoko Udalak. Julene, Zumaiarra jaiotzez, gerra aurrean eta ostean aritu izan zen Durangon eta Durangaldeko eskoletan euskara irakasten. Horregatik, lehiaketa honetako atalik gehienak eskola ume eta gazteei zuzenduta daude, izan ere, Julenek gazteak hezi eta euskalduntzen jardun baitzuen urteetan zehar. ZINEA EUSKARAZ 2001 Duela 5 urte hasi ginen Tinko Euskara Elkartearekin euskarazko pelikulak ematen Durangon. Asmoa da programazio iraunkorra eratzea. Horixe da une honetan dugun erronkarik handiena: umeentzako euskarazko pelikulak eskaintzea, ahal bada, astero. Helburu nagusiak hauexek dira: Zinea euskaraz ikusteko zaletasuna piztea haur eta gazteengan; eta apurka apurka bada ere, umeentzako euskarazko pelikulen eskaintza iraunkorra eratzea, pelikulak euskaraz ikustea ohiko gauza izan dadin, ez noizean behingoa. EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA Gerediaga Elkarteak antolatuta, Euskal Herriko liburu eta disko azokarik garrantzitsuena da. Abenduaren 8aren inguruan izaten da eta lau bat egun irauten du. EUSKAL DENDA Arbaso Elkarteak antolatua, abenduaren 8aren inguruan izaten da, Liburu eta Disko azokarekin batera. Euskal artisautza garatzeko eta bultzatzeko azoka. DURANGOKO PASINUE Aste Santuan egiten da: Jesusen Pasio eta heriotzaren antzezpena. Hiru emanaldi izaten dira. Pasioaren lehenengo antzezpenak 60ko hamarkadan egin ziren. Geroztik, 30 urteko etenaldi baten ostean, 90ko hamarkadan berreskuratu eta berriro hasi da antzezten. DURANGOKO PARTYA ACID Durangoko elkarteak antolaturiko topaketa informatikoa da, maratoi informatikoa. Aste Santu ostean burutzen da. 150 lagunetik gora biltzen dira nork bere ordenadorearekin, ezaguerak, jokoak, musika eta beste hainbat konpartitzeko. Lehiaketa egiten da: musika, 3D grafikoak, 2D grafikoak eta beste. udala.net Euskonews & Media145.zbk (2001/11/23 30) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria