278 Zenbakia 2004-11-26 / 2004-12-03
Museora gerturatzeko arrazoiak.
Victor Hugo Etxea XVII. Mendeko eta itsasoari begira dagoen arrantzaleen ohiko etxe bat da. Gaur egun bertan, urte osoan irekia dagoen Turismo Bulegoa, Erakusketa Areto eta Museo Aretoa daude, hiru soilarutan banatuta.
Victor Hugo Etxea. Etxeak Victor Hugo idazle frantsesari zor dio bere izena, XIX. mendeko Pasaiarekin maitemindurik bizi izan baitzen idazle ospetsua etxe honetan. Bere idatzietan, Pasaiari buruzko goraipamenak egiten ditu, “Pirinioak” izeneko liburuan, 1843.urtean egindako bisitan izandako bizipen eta inpresioak jaso zituelarik.
1843ko udaran, Victor Hugok ez zuen hona etortzeko asmorik, ustekabean aurkitu zuen Donibaneko herri hau. Mendebaldeko Piriniotatik zehar bidaia bat burutzen ari zen, eta Donostian zebilela, Ulia menditik zehar, San Pedroraino iritsi zen. Emakumezko batelariek, “Pasajes zahar eta berria”-ren arteko harremana mantentzen zutenek, honaino ekarri zuten eta ikusten zuen guztiarekin txunditurik geratu zen. Beraz, denboralditxo batean bertan geratzea erabaki zuen, esan bezala, gaur egun ezaguna den Victor Hugo Etxean hain zuzen ere. Behatzaile ona denaren gisa, inguruaren deskribapen ederra egiteko aukerarik ez zuen galdu, bertan errealismo, errespetu, gizatasun eta baita ironia ere isladatuz.
Victor Hugo Etxea laukizuzen oina duen eta lau isurkiko estalkia duen etxea da. Beheko solairua eta gainean beste bi solairu dituen etxea da; beheko solairuan urte osoan irekia mantentzen den Turismo Bulegoa aurkitzen da, gaineko solairuan, Museo Aretoa aurki dezakegu; gaur egun “Erakusketa iraunkorra: Garai bateko Moda (XIX. mendea)” erakusketaz goza dezakegularik. Azken solairuan, erakusketa Aretoa dago kokatua, urtean zehar behin-behineko erakusketa ezberdin ugari ospatzen direlarik.
Beheko solairuan, terraza dago eta lehenengo eta bigarren solairuan fatxada osoa hartzen duten egurrezko barandila duten balkoiak ditu.
Jada, Museo Aretoan barneratuko gara, bertan gaur egun erakusketa iraunkorra dago, 2003ko maiatzean inauguratu zena, Victor Hugoren 118. urtemuga, ospatuz inauguratu zen “Erakusketa Iraunkorra: Garai Bateko Moda (XIX.mendea)” izenarekin.
Erakusketak.
“Erakusketa Iraunkorra, Victor Hugo: Garai bateko Moda (XIX. mendea)”
Museo Aretoan, gaur egun Jantzien Erakusketa bat ikus daiteke “Erakusketa Iraunkorra: Garai bateko Moda (XIX. mendea)” izenekoa. 2002. urtean Victor Hugoren jaiotzaren bigarren mendeurrena ospatu zenean, ekitaldietako bat antzezlana izan zen, bertan erabilitako jantziak gaur egun museo aretoan ikusteko aukera eskaintzen da. Erakusketa hiru gaietan banatzen da: Moda erromantikoa, XIX. mendeko moda pasaitarra eta erdi aroko moda. Erakusketa honetan, Victor Hugoren idazlanetako pertsonai ezagunenen jantziak ikusteko aukera izango dugu eta era berean XIX. mendean Pasaian aurkitzen ziren ogibide ezberdinen jantziak.
“Ibilbide Erromantikoa” kale antzerkiak, Rosa Rojo eta Laburla Produkzioak zuzendua, izandako arrakastaren arrazoietako bat jantzien lanketan eginiko ikerkuntza zehatza izan da. Erabilitako atrezzoak, perfektuki karakterizaturiko pertsonaiekin batera, ikuslea denboran atzera garraiatzen zuten eta bazirudien egiazki XIX. mendeko Pasaian aurkitzen zela, kaleetan barna osteratxo bat egiten.
Victor Hugoren balizko bigarren bisita baten eszena abian ipintzeko beharrezkoak ziren hirurogei pertsonaientzako jantzien gehiengoa prestatu zen, eta bere literatur obrako zenbait pasarteren errepresentazioak egin ziren, Quasimodo, Esmeralda, Jean Valjean bezalako pertsonaiekin eta bestalde historikoki nabarmenak diren pertsonaiak, Laffayette markesaren gisan.
Erakusketan ikusi ahal izango diren jantzi ugari, XIX. mendeko pasaitarrei, beraien ogibideei eta ermandateei dagozkie. Pasaiako egunerokotasunaren barne ziren marinela, saregilea, sardin saltzailea, Portzelana Fabrika Errealeko emakumezko nahiz gizonezko langilea, eskalea, bale arrantzalea, upelgilea, espartingilea, galiziarra, postaria edo eta soilki pasaitar bizilagunak, irudikatuak izango dira garaiko janzkeren bitartez.
Bestalde, frantziar idazlearen obra ezagunenei omen eginez, Quasimodo, Esmeralda, Frollo abadea, Jean Valjean, Myer apezpikua eta bere serora irudikatuak izango dira, baita bufoi jarraigo eder bat, titiriteroak, soldaduak eta “Parisko Gure Ama” obrako ihauteri ospetsuan parte hartzen duten pertsonai andana, beraien jantzien ikusgarritasuna, dotorezia eta konplexutasunagatik interes handia piztuko dutenak.
Era berean, Lafayette pertsonaiak, nahiz eta Victor Hugorekiko anakronikoa izan, lekua izango du erakusketan Pasaiako itsas historiaren zati denez.
Ezin dugu ordea Pasaiako pertsonaia berezkoez ahaztu,Victor Hugok bere idatzietan aipatu zituenak, bere egonaldiari buruzko deskribapenetan eta herriari buruzko gogoetetan, Manuela bizilagunaren kasuaren gisan, Basquetz anderea edo eta batelerak. “Erakusketa Iraunkorra: Garai bateko Moda (XIX. mendea)”.
Bisitariak.
Orokorrean gure bisitarien perfila oso zabala da, batez ere frantsesak eta euskaldunak gerturatzen dira baino Kataluniatik eta Madriletik ere etortzen den bisitari kopurua oso nabarmena da.
. Ekimenak bisitariari egokitzen al dizkiozue?
Bai, bisita gidatuak egiten ditugunean, bisitarien araberako perfilari egokitzen saiatzen gara bisita. Ez da berdina ikastoletako haurrekin, jubilatuekin edo V.H.ren obrari buruz jantzia datorren pertsona edo talde bati zuzendua dagoen bisita. Denen interes eta beharretara egokitzen saiatzen gara; denentzat bisita baliagarria eta interesgarria gerta dadin.
Proiektuak.
Momentuan, Museo Aretorako martxan daukagun proiektua, Victor Hugo-ren “Liburu Birtuala” da.
“Victor Hugoren Liburu Birtuala” erromantizismo garaiko idazle ospetsuaren bizitza eta obra bilduko dituen proiektua izango da. Azken finean Victor Hugoren datuak, zein bere obrari buruzko informazioa kontsultatzeko edo lortzeko balioko duen proiektua izatera zuzendua dago.
Honekin batera, Victor Hugoren liburu edo idazlan guztiak bilduko dituen Liburutegia osatu nahi genuke.
Etorkizunerako erronkak.
Etorkizunerako aurreko galderan komentatutako “Liburu Birtuala” dugu erronka nagusiena eta honekin batera, aipatutako Liburutegia osatu nahi genuke Victor Hugoren Obrarekin.
Luzera Victor Hugoren inguruko Museo bat osatua nahiko genuke.
Non, nola, noiz
Victor Hugo Etxea Donibane kalea, 63 20110 Pasai Donibane Tel.: 943 341 556 Fax: 943 341 777 victorhugo@oarsoaldea.es www.oarsoaldea.net
ORDUTEGUA Astelehenetik igandera: 11:00-14:00/16:00-18:00 Itxia: abenduak 25/urtarrilak 1/urtarrilak 6
Sarrera: Dohain
Beste informazioak.
Aipagarria iruditzen zaigu, Pasaian zehar Bisita Gidatu ezberdinen aipamena egitea. Bisita gidatu hauetako batzuk Victor Hugoren idatzietan oinarrituz baititu sortuak. Gainera, bisita hauetako batzuetan Victor Hugo Etxearen bisita egiten da.
Bisita ezberdinak dira batzuk oinezkoak, beste batzuk Pasaiako Badian zehar txalupaz egiten dira eta bada bat bai oinez Pasaiako bi barruetatik, Pasai Donibane eta Pasai San Pedrotik ibilbidea egiten dena eta ondoren txalupa bidez Pasaiako Badian zehar ibilbidea egiten duena. Bisita hauetako batek, Victor Hugo idazlearen izena darama hain zuzen ere, esan bezala bere idatzietan azaltzen diren deskripzioetan oinarritzen baitira, ibilbidean zehar ikusten diren monumentu ezberdinak azaltzeko.
Jarraian Bisita Gidatuen aukera Pasaian barrena:
VICTOR HUGO IBILBIDEA
Ezaugarriak: Oinez Iraupena: 30 min- 45 min Azalpena: Pasai Donibaneko alde zaharra zeharkatuko dugu, bertan ditugun garrantzi historiko eta monumental handiko puntuak besteak beste; Victor Hugo poeta frantses erromantikoaren etxea, Victor Hugo Etxeko Museo Aretoa eta Ontziola (Itsasontzi Tradizionalen Ikerketa eta Eraikuntza zentroa) ikusiz.
BLAS DE LEZO IBILBIDEA
Ezaugarriak: Oinez Iraupena: 30 min- 45 min Azalpena: Pasai San Pedroko alde zaharra zeharkatzeaz gain, arrantzaleen kaia ikusteko aukera izango dugu. Aipatzekoa da Blas de Lezo sanpedrotar itsasgizon ausartaren etxea.
BATELEREN IBILBIDEA
Ezaugarriak: Txalupaz Iraupena: 1 ordu Azalpena: Badian zehar egokitutako txalupa batean Pasaiko portuaren mugimendua eta garrantzi historiko eta monumental handiko puntuak uretatik ikusteko aukera izango dugu. Batelerak, XVI eta XVII. mendeetan batelen bidez portuko zonalde ezberdinen arteko komunikazioa ahalbidetzen zuten emakume ausartak ziren, Victor Hugok “Pirinioak” liburuan utzitako idatzietan emakume hauen bizitzaz hitz egiten digu.
LAFAYETTE IBILBIDEA
Ezaugarriak: Txalupaz + oinez Iraupena: 1 ordu + 30 min Azalpena: Badian zehar, egokitutako txalupa batean, Pasaiko portuaren mugimendua eta garrantzi historiko nahiz monumental handiko puntuak uretatik ikusteko aukera izango dugu. Ondoren, Pasai Donibaneko alde zaharra oinez zeharkatuko dugu, beste aukeren artean Victor Hugo Etxea eta Museo Aretoa ezagutzeko aukera izango dugularik. 1777an Lafayette Markesak Pasaiako portua aukeratu zuen, bere segurtasunagatik, Ipar Ameriketako independentziaren aldeko gudara abiatzeko.
BI PASAIEN IBILBIDEA Ezaugarriak: Oinez + garraioa txalupaz (barruti batetik bestera) Iraupena: 1 ordu Azalpena: Pasai Donibane eta Pasai San Pedroko barrutien alde zaharrak zeharkatuko ditugu. Barruti batetatik bestera txaluparen bidez pasako gara. Barruti bakoitzeko Monumentu interesgarrienak ezagutzeko aukera paregabea izango dugu. Aipatzekoa da monumentuen artean, Victor Hugo etxea eta bere Museo Aretoa ezagutzeko parada izango dugula, besteak beste.