13 Zenbakia 1998-12-04 / 1998-12-11

Gaiak

Liburuaren etorkizunaz

ALONSO, Jon

LIBURUAREN ETORKIZUNAZ Liburuaren etorkizunaz * Maiz esaten dizute: "hitz egin ezazu literaturaren eta eskulturaren arteko harremanaz", "egidazu artikulu bat literatura eta zineari buruz", "mintza zaitez literatura eta...". Eta edozeri buruz, berdin zait. Berdin zait benetan kezkatzen nauen gauzetako bat, honelako kontuez ari garela, bistan da, literaturaren beraren eta liburuaren etorkizuna baita. Hortaz, horren ondoren ezar diezadaketen edozein gaik ez du niretzat garrantzia handirik. Nik neuk guztiz jarrera bazterrekoa eta guztiz toki ezdeusa daukat kulturaren munduan. Esan nahi dut, ez dut informazio pribilejiaturik, ez dakit mendebaldeko gune editorial garrantzizkoenetan zer egosten den, ez dakit teknikak ekarriko bide digun iraultzak noraino eraman gaitzakeen. Fosil bat naiz, eta hogei urte gutxiago banitu, eta ni bezalako makarra bat ikusiko banu, ederki egingo nuke irri delako gisajo horren kontura, egin egin izan dudan bezala hogei urte gutxiago nituenean eta elementu kasposo bat ikusten nuenean. Kontua da elementu bazterrekoa, oztopo egiten duen tresna, zokobetailua, gaur, neu naizela. Baina, hain elementu bazterrekoa, baztergarria, albokoa eta alboragarria izanik ere, deusetaz jabetzen ez banaiz ere, garbi ikusten dut, bederen, liburuaren mundua, gaur arte ezagutu dugun bezala, desagertzera, hondoratzera doan mundu bat dela, eta gu harekin. Ez dakit ostikoak nondik etorriko diren, ez dakit birmoldaketarako aukera edukiko dugun, eta horrek guztiak kezkatzen nau. Ondoren kuestio hau zehaztuko beharko genuke: liburua gaur arte ezagutu dugun bezala esaten dudanean esan nahi dut liburua kontsumo masiboko gauza bezala, edozein etxetan ikusten dena, derrigorrez, kasik lehen mailako beharrak asetzeko artikulua bailitzan eta, gainera, gizartearen oniritzi eta bedeinkapen guztiak jasotzen dituena. Hori bukatu da. Gaztelerazko, alemanerazko, ingleserazko, frantseserazko literatura handiak kexu dira. Merkatua agortzen ari zaie, emeki emeki. Baina oraindik banatzekodaukaten pastel puska handia da, euren merkatuak erraldoiak direlako. Hala ere, dudarik gabe, poliki poliki estrategia berriak, murrizketak eta aldaketa sakonak ezagutuko dituzte. Hau honela izanik, zer gertatuko da euskaldunon merkatu nimiño, hauskor, eratugabe eta silbestrearekin? Ez da oso bizkorra izan behar konturatzeko nazioarte mailan literatura handienek jasango dituzten aje hauek guztiak guk dexente aurretik, denboraz, eta dexente biderkaturik, ondorioz, jasango ditugula. Mila irakurle gara, aizue, Afrikako edo eta Amazoniako tributxo galdu eta txiki baten tamainakoak; ikastoleko haurrek gure esperantza zuria gutaz paso egiten dute. Nago luze gabe hasiko direla argitaletxeak desagertzen, botaldiak murrizten, titulu kopuruak beheratzen, sasi idazleok nekazaritza biologikoan sartzen. Bai, jaunak eta andreak, berandu iritsi garelako sentipena daukat, berandu da guretzat. Gero eta gehiago gara mendian galdurik bizi diren baserritarrak bezalakoak, irrati zahar bati atxikiak telebistarik, ordenagailurik edo internetik badagoen ezjakitun. Benetan diot, ez dut uste gurasokeriaz begiratzen ditugun baserritar horiek guk baino paper eskasagoa jokatzen dutenik munduko kulturari dagozkion gauzetan. Literatura, ordea, besterik da. Literatura eraldatu egingo da, materialez, zabalbideez eta gainerako axalkeriez, baina iraun egingo du, gizon emakumeek, ezagutzen dugun tankerako gizon emakumeek, irauten duten beste. Literatura pertsonaren senaren alderdi ezkutuenari dagokio, eta ez da sekula desagertuko errobot, klon edo auskalo zer bihurtzen ez garen arte. Mendebaldeko pentsamenduaren oinarria greziarrek ezarri zuten. Guk ezagutzen ahal ditugu Eskilo eta Sofoklesen antzerkia, edo ez. Jakiten ahal dugu, edo ez, Homero izeneko poeta eta kontalari bat izan omen zela. Aristotele eta Platon esistitu zirela sinets dezakegu, edo ez. Igoal igoal da. Guk haien berri jakin edo ez, haiek asmatu zituzten ideia, jarrera, pose, uste, sinismen, beldur berberak dauzkagu, haiek ezarri zituztenildoetatik ibiltzen gara, denetan imitatzen ditugu, oso orijinalak eta oso bakanak garela uste badugu ere, inozo halakook. Gero "Cayo Largo", edo "La jungla de asfalto", edo horietako zinemako klasiko bat ikusten dugunean, inork esaten badu azken finean hor Antigona errepikatzen ari zaigula edo eta Euripidesek asmatu zuela argudio hori ez ohi dugu sinesten, arpa jotzen ari zaizkigula pentsatzen dugu. Baina egia da, hala da. Esan nahi dut, gizona gizon deno, litekeen gizarterik agrafoena eta analfabetoena sorturik ere, beti izango da Euripides Sofokles Eskilo eta gainerakoak, eta gure munduko eraikuntza intelektual guztia eratu dutenen edo eraketa horren lekukotasuna utzi dutenen obra ezagutuko duen norbait, irakurria izango duen norbait, eta delako horrek leku pribilejiatua izango du gizartean, boterea daukatenei men egiten badie, edo eta presondegia, tortura eta heriotza ezagutuko ditu, boterea daukatenei oldartzen bazaie. Literaturak, hortaz, iraun egingo du. Nola, zer eliteren eskuetan izango den, zenbat irakurriko den, besterik da. Aisialdirako industriak zer kontsumorako produktu asmatuko duen langileak eta jendetzak pozik edukitzeko, auskalo. Baina eta egun ezagutzen dugun munduko produktu guztiz arrunt bat aipatzeagatik , analfabetoen gizarte batean telefilmekin bonbardatzen bagaituzte, ez eduki zalantzarik beti gidoilariak izango direla atzean, eta gidoilari horiek historia guztien iturrientzako hots, literaturarentzako sarbideak edukiko dituztela. Baina, jakina, herriaren gaineko menderatze sistemak, ezagutzaren zabalbideez eta jakintzaren demokratizazioaz mintzatzen hasten baldin bagara, gauza konplikatzen da. Hor konpon, jendeak ez du irakurri nahi, zer egingo diogu. Mesedez, emazu, interneteko itsaso honetan nabigatzen duzun mariñel horrek, nire larritasuna sendatzeko edabea. Jon Alonso. Argazkia: Aitor Bayo/Euskal Kultura Gaur. Liburuaren mundua (Joan Mari Torrealdai) Copyright © Eusko Ikaskuntza