UZTA OPAROA Uzta oparoa * Mahatsa irail urri aldean eta garia uztailean biltzen diren bezala, liburuen uzta abendu hasieran egin ohi dugu Euskal Herrian, Durangoko Euskal Disko eta Liburuen Azokarekin batera, orduan kaleratu ohi direlako nobedaderik garrantzitsuenak, eta, aldi berean, orduantxe egin ohi dugulako urteko balantzea. Egin dezagun ba, guk ere geurea. 1998koa urte oparoa izan da, obra asko eta askotarikoak eskaini dizkiguna. Laburtzen hastekotan, nondik hasi? Ardoaren konparazioa eginez, adinaren araberako sailkapena egin genezake. Baditugu zenbait autore ospetsu, 45 60 urte bitartekoak, haritzezko upeletan egondako "erreserba handiek" bezala obra umoa ondu dutenak eta urtez urte irakurgai bikainak eskaintzen dizkigutenak. Aurtengoari dagokionez, Bernardo Atxagak alfabeto gisako zenbait artikulu eta hitzaldi bildu ditu, gustuz eta irudimenez beteriko liburu batean, Groenlandiako lezioa; Anjel Lertxundik "Ifrentzuak" izeneko proiektua itxi du laugarren nobelarekin, Argizariaren egunak, eta Koldo Izagirrek eleberri trinko bezain hunkigarria burutu du, Angiolillo anarkistaren heriotzaren inguruan: Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri. Generoa aldatuz, Joan Mari Irigoienek poesia liburu bat dakarkigu aspaldiko partez, Hautsa eta maitemina, eta bere bilduma pertsonala egin du aspaldiko partez Joxan Artzek: Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat. Beste aspaldiko egile bat ere itzuli da, irakurleen pozerako: Arantxa Urretabizkaia, Koaderno gorria nobelarekin. Klasikoen txanda amaitzeko, ezin aipatu gabe utzi Joxe Azurmendi, aurten bat ez baizik eta bi saiakera plazaratu dituena, alor diferenteak jorratu arren bata bestea bezain sakon eta mamitsuak: Teknikaren meditazioa eta Oraingo gazte eroak. Baditugu "Erreserbak" eta "Kriantzak" ere, 35 45 urte inguruko sortzaileak, literaturaren alorra aspalditik lantzen hasi eta dinamismo handiz ari direnak bere lekuaren eta ahotsaren bila, batzuk honezkero idazle handien sona bereganatu dutenaketa beste batzuk gaztetako freskotasunarekin dabiltzanak. Talde hau da produkzio ugariena eskaintzen duena, baita barietate handiena ere. Multzo honetan sar litezke zenbait narradore sendo, hala nola Pello Lizarralde (Un ange passe isilaldietan), Andoni Egaña (Frai Kandido), Xabier Montoia (Plastikozko loreak erregearentzat), Pako Aristi (Urregilearen orduak), Juanjo Olasagarre (Mandelaren Afrika), Pablo Sastre (Gauzak apur bat konplikatu dira), Xabier Mendiguren (Gure barrioa 1975), Antton Luku (Botoiletan), Jon Alonso (Camembert helburu); poesia liburuak ere atera dituzte Iñigo Aranbarrik, Rikardo Arregik, Itxaro Bordak eta Aristik berak, eta gazteentzako literaturan ere ari dira talde honetako hainbat kide, hala nola Patxi Zubizarreta, Joanes Urkixo edo Aingeru Epaltza. Ardoen katalogo bat bezalakoa da hau: izen asko, baina egarria kentzeko gairik ez. Aholkurik onartzen baldin bazait, ardo gazteak proposatu nahiko nizkizueke: lurraren zapore gordin garratza daukatenak, kolore gorri bizia, naturaren indar eta bulkada. Metafora txoroak alde batera utzita, egile berrien liburu guztiz ederrak iritsi dira gure eskutara; azken urteotan zorroztu egin da argitaletxeetako bahea, eta, horren ondoren, gutxiago dira estreinakoz plazaratzen diren idazleak, baina haien kalitateak gora egin du nabarmen. Igor Estankona arratiar gazteak poema liburu bat kaleratu du, Anemometroa, ahots sentibera eta adimentsua adierazten dituena; kronikaren generoa da gazteen beste harrobi bat: Alberto Barandiaranek Argentinako euskal desagertuei buruzko erreportaia lazgarria burutu du, Ez zaigu ahaztu, eta Imanol Muruak Palestinako lurralde okupatuetaraino garamatza, hango nahi eta ezinak, ez gerra eta ez bake den egoera azaltzeko, Intifadaren biharamuna. Kontaketan ere ez da falta ahots gazte indartsurik. Horietako bat Harkaitz Cano da, irudimen ahaltsu eta esku trebeko sortzailea, Bizkarrean tatuaturiko mapak ipuin sorta idatzi duena, 49 hiritan barrena egindako beste horrenbeste espedizio etaesperimentu; eta bukatzeko, Jasone Osoro elgoibartarra, 25 ipuin sentsual bezain jostalariz osaturiko Tentazioak liburuaren egilea, urteko salmenta zerrendetako liderra. Kopuruz bezala kalitatez gora egin dute gure ardoek, gure liburuek. Kontsumitzaileetan, berriz, ez du ondoegi funtzionatzen konparazioak: ardoak estimazio handia du gure gizartean, baina literaturaren lurrinekin horditzea maite dutenak gutxiengoa gara oraindik ere. Sibariten talde horretara bildu nahi baduzu, ez zaizu damutuko. Zatoz Durangoko azokara, eta hango sotoetan aurkituko dituzu ez botiletan baina bai liburuetan sarturiko mezuak, altxor berrien mapa sekretuak. Xabier Mendiguren Elizegi Argazkia: Aitor Bayo/Euskal Kultura Gaur. Liburuaren mundua (Joan Mari Torrealdai)
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.