DURANGOKO AZOKA TOPAGUNE HARRIGARRIA... Durangoko azoka topagune harrigarria... * Iparraldeko euskaldunari ere, euskal kulturaz axola poxi bat baduen pondutik, Durango izena bera aipatu orduko gogorat heldu zaio segur hiri hortan urtero egiten den liburu eta diska azoka guziz ederra. Funtsean, gero eta gehiago badira Iparraldetik ere azoka hortarat beren itzulia egiten dutenak. Badirudi mugimendu hori urtetik urterat azkartuz doala eta gazteen artean bereziki azoka horren fama handituz doala... Nere partetik, uste dut lehen aldikotz azoka hortan izan nintzala 1967 an, sail hori abiatu berria zelarik. Eta nahiz orduko azoka frango xuhurra zen oraikoaren aldean arte huntan gauza asko eta asko aldatu egin dira miretsia gelditu nintzan eliza xahar baten kalostrapean hainbeste liburu ikusirik eta halako euskal giroa ! Erran behar da denbora hetan Iparraldean gaindi bazterrak ez zirela orai bezen bero euskal kulturaren alde. Gu ez ginauden Franco zaharraren larderiapean bainan gaitzeko uzkurtasuna baginuen hezurretaraino sartua ! Alta, bagintuen bertsulari hautak Mattin eta Xalbador besteak beste, euskaltzale jakintsunak, hala nola Piarres Lafitte, Piarres Xarriton edo Jean Haritschelhar, antzerkilari jeinutsuak, gehienik Piarres Larzabal eta Telesforo de Monzon i esker, bai eta ikusgarri eder batzu noiztenka bederen, konparazione Xuberoko pastoralak. Bainan arras euskal besta guti, kantaldirik baterez, nahiz Mixel Labeguerie ren kantu berrien arrakasta hedatzen hasia, eta ikastolarik ere ez, lehena 1969 an sortzekoa baitzen, bainan ikas elkartea sortua haatik, galdetuz euskara sar zadin ikastegietan... Bai, oraikoaren aldean giro ximur airea ginuen euskararen alde eta gutti ginen ere ibiltzen, biziki gutti, Durangoko azokan. Nihaurek ere hauxe aitortzen ahal dut, lehen aldi hartan ez nintzala Durangorat joan nihauren baitarik, euskaltzale bezala, bainan berriketari kondu, ogibide nuen lanak hori manaturik nolazpait. Bainan ez dut ahantzia nolako inarrosaldia senditunuen ene baitan ikustearekin Durangoko elizaren itzalean zoin kartsuki bilduak zauden euskal kulturari oldar berri bat eman beharrez ari zirenak... KASIK ABERATSEGIA ! Geroztik, askotan izan niz Durangoko azokan. Aldi bakoitx, berdin atsegingarri izan zait hango itzulia. Gauza bera erraiten zaitan berrikitan Ramuntxo Camblong adixkideak. Hura ere Franco ren denborakotzat abiatua Durangoko azokan. Loriatua dagoena ikusiz duela hogoita hamar bat urte landatu zuhaitza nola handitu den, handitu eta azkartu ! "Azoka miresgarria, euskal literatura arduratzen diren guzien topagune arraroa", hori zaitan ere erraiten joanden egunean Baionan Jakin liburudenda atxikitzen duenak. Zer erran besterik ? Azoka hori orobat kasik aberatsegia bilakatua dela ! Hoinbeste liburu eta diska, mota guzietarik ! Hoinbeste bilkura, mahai inguru eta aurkezpen ! Hoinbeste ikuslier adin guzietakoak, haurretarik haste, mugimendu izigarria zinez ! Eta kasik sobera nolazpait. Mahain batzuetarat ezin hurbildua izaiten baita gutien ustean eta ez baitira harremanak beti segurik nahi bezen goxoak izaiten ahal idazleekin, kantariekin edo argitaletxeetaz arduratzen direnekin. Egia erran, Iparraldetik, ardurenean egun batentzat bagoatzi Durangoko azoka hortarat eta nihaur ere horietarik niz, egun xoilarentzat johan direnetarik. Menturaz, ohidura hori behar ginuke hautsi, bi egun ere ez baitira sobera azoka hortan untsa goxatzeko eta hor izaiten diren gauza guzieri behako baten moldez emaiteko. Dena den, hauxe nahi dut azpimarratu, Durangoko azoka guziz baliosa dela euskaldun guzientzat eta beraz Iparraldekoentzat ere bixtan dena. Luzien Etxezaharreta Maiatz ez arduratzen denak erraiten duen bezala, hor agertzen baita beste nun nahi baino hobeki gure kulturaren adar premiatsu batzu. (liburugintza, kantua eta abar) zertan diren eta zeri buruz egiten duten gaur beren indarrik handiena... Jean Baptiste Dirassar Argazkia: Aitor Bayo/Euskal Kultura Gaur. Liburuaren mundua (Joan Mari Torrealdai) Copyright © EuskoIkaskuntza
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.