Izuen Morroi Izuen Morroi * Nere lagun batek aitortzen zidanez lotsa; izugarri, disimulaezinezko lotsa sentitzen zuen Durangoko azokan liburu, diska edo dena delakoa lapurtzen zuen bakoitzean. Jokabide morbosoa ere bazen nere lagunarena, ez zuen ulertzen bere ustez ideologikoki onargarria zen ekintza hura (euskal kulturaren inguruan batzuek lortzen dituzten plusbaliak berriro herri xehearen artean berbanatzea) burutzeak; Zabaltzenen, adibide bat besterik ez da, saltoki ilara luzera hurbildu, begiratzen ari denaren plantak egin, interes gehiegi agertu gabe badaezpada, aleren bat eskuartean hartu eta saltzailea despistatua dagoenean sakeleratzeak, zergatik senti arazten zuen lapur, iruzurti eta miserable baten antzera? Beste era batetara esateko, Corte Ingles, Eroski, Pryca...edo antzeko saltoki handiren batetan lapurtzeak sekulako plazerra eragiten zion bitartean, Durangoko azokan (eta hau ere hipermerkatu bat da, hortik azoka izena) lapurtzeak sekulako kontraesanak sortzen zizkion. Neurositik hurbil zebilen arreta eta kezkaz aztertu zuen nere laguna bere oinarri ideologiko sendoetan sortutako pitzadura hura eta baita ondorio batzutara iritsi ere: 1. Durangokoak zer ikusi gehiago dauka erlijioarekin kulturarekin baino. Inor gutxik ez luke ziztada zorrotz bat sentituko haren kontzientzian ezein santuren oinetan dagoen dirukutxa txikian lapurtu ondoren, hortik Durangokoan lapurtzeak nere lagunari eragiten zizkion erreparoak. Urteroko prozesioa da hura; aitortzen zuen misterio handiren bat argitu duenaren plantak eginez. 2. Inork ez lioke Somaliako haur bati hegazkin bidez iritxi berri den nazioarteko laguntza eskuetatik eta aurrez aurre lapurtuko, filosofatzen zuen, ziur aski, bere imaginarioan josita geratuko lirateke haurraren begi handiak, haren keinu nazkatua arroa katilua eskuetatik kentzerakoan eta haeren madarikazio isila. Nola lapurtu beraz jatekoa pobreziaren muga larrian bizi den Euskal Kultura sufritu eta negartiari.(Beti bezala pobrezian batzu bakarrikbizi badira ere). 3. Gizartearen presioa ere garraztzizkoa zela onartu behar izan zuen nere kideak, nahiz eta bera indibidualista sutsua izan; gauza bakarra zen " aurten ez naiz Durangora joan" baino oker, lotsagarri eta arbuiagarriagoa, "Durangon diska bat lapurtu dut" aitortzea, hain zuzen ere. Gizateriaren kiderik ziztrinenetakoa bat zinela leporatuko zizuten ozen, ordurarte, zeu "euskal kulturgintzaren eragile eredugarri" zinela belarrira xuxurlatzen zizuten berberek. 4. Ez zen ordea nere laguna azalpenekin errez konformatzen zen horietakoa eta ez zuen bakerik eduki bere argudio sorta burutzeko azken erreflexioa lortu arte; Durangon lapurtzeak batez ere bere oinarrizko euskalduntasunaren kontra egindako eraso zuzena zen, " espainolago" sentitzen zuela bere burua azokan zerbait lapurtzen zueneko, euskal kultura hondatzeko imperialismoak bidalitako merzenario arriskutsua bailitzan, euskaldunon balizko etxe amaankomunera kalte egtera etorritakoa. Haren ustez ,lau arrazoi horiek ziren bere jokabide harrigarria agertu eta argituko zutenak. Behintzat aspaldiko hilabeteetan ez bezala bakea izan zuen nere lagunak, edo hori uste zuen, izerditan blai esnatu bait zuen gauerdian ametsgaizto batek; bera Olentzero zen, zaku bete opari zebilen azokako pasagune jendetsuetan, jendea uholdeka eta bera zaku handiarekin ahal zuen moduan bidea egiten, haurrak hurbildu, helduak begiradarekin jarraitu, hamaika musika eta elkarrizketa ozenen artean aurrera zihoan; bapatean segurtasuneko kideak agertu ziren, ezagunak egiten zitzaizkion. Mari Karmen Garmendia eta Takolo, Pirrutx eta Porrotx ziren, ezer esan baino lehen hormaren kontra jarri zuten, zakua ireki eta hara non opariak liburu eta diskak bihurtu ziren, Oskorriren 267garrena, Txirri; Mirri eta Txiribitonen ipuin pornoa, Benito Lertxundiren kantu zaharren bertsio teknoak, Bernardo Atxagak Ameriketatik lagun bati bidalitako txokolatina paperen bilduma, bertsolari moodakoenak bainujantzian erakusten dituen egutegia C.D roomean...,azoka hartan arrakastatsu ziren guztiak zeuden, guztiak lapurtuak. Katez zamatu zuten ondoren, gaizkile arriskutsu guztiekin egiten duten lez eta gela zabal batetara eraman, gela argitsua zen, leiho handiak zituena, bapatean ordea altzairuzko gortina astun batzu argi guztia ito egin zuten eta argi gorri zein hori fluorescente batzu hasi ziren jo ta ke bazterrak etengabe argitzen; sirena bat entzun zen ondoren, ozena, belarriak hausteko mila oihu erraldoi bezalakoa, zakurren zaunkak, norbaitek zetozten bota militarren hotsak, presatuak inondik inora, eta tiro hotsak, gero eta hurbilago, eztandak gero eta ozenago eta berak ezin ezer egin, heriotzrekin hitzen bat edo beste egiteko aukera izan zuela uste du.............azkenean estuasun edo itolarriak esnatu baino lehen. Noski, nere laguna ez da sekula Durangoko Azokara bueltatu. Baina zuk lapurtzeko asmorik baduzu gogoratu es dela berdina handiei edo txikiei lapurtzea, eta guzti hau fikzio hutsa baino ez dela izan. Andoni Tolosa, "Morau". Argazkia: Aitor Bayo/Euskal Kultura Gaur. Liburuaren mundua (Joan Mari Torrealdai) Copyright © Eusko Ikaskuntza
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.