13 Zenbakia 1998-12-04 / 1998-12-11

Gaiak

Durangoko kale artetik liburu bat galtzarpean hartuta

IRAZABAL, Jon

Durangoko kale artetik liburu bat galtzarpean hartuta. Durangoko kale artetik liburu bat galtzarpean hartuta. Durangoko azoka dela eta zenbait lerro * 1965. urtean lagun talde batek "Durango Merinaldeko Adizkideen Gerediaga Elkartea" sortzen du. Helburua? Durangoko Merinaldeak mendeetan zehar izan zuen pertsonalitatea eta bere barneko herrien, eleizate eta uri arteko elkarlanerako jarrera berreskuratzea. Garai gogorrak ziren. Gerra osteko urte beltzak igarota zeuden baina gure Euskal Herria oraindik urte latzak bizitzen ari zen, ikastolak erdi galerazota, dantza taldeak eta honelako erakunde asko debekatuta e.a. Giro honetan sortu zen Gerediaga Elkartea. Askoren ustez Manuel Fraga Iribarne ministroaren hanka sartze haundi bat, legalizazio honek atea zabaldu zuelako Gerediaga elkartearen inguruan biltzeko eskualde honetan lanean ari ziren hainbat eta hainbat talde, eta baita ere pertsona askoren iniziatiba pertsonalak biltzeko . 1965 lehen urte hartan, Domusantuan, antolatu zen "Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka" uri horretako Andra Mari eleizaren eleizpe ikaragarrian. Hemeretzi standetan bildu ziren garai hartan partaideak Durangora ekarri zituzten liburu eta diskoekin. Han aurkitu ziren Bizkaiko, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako diputazioak eta agintarientzak "bajo sospecha" zeuden argitaletxe ta diskoetxeak, adibidez Jakin, Itxaropena, Auñamendi e.a. Jasotako erantzuna ikusirik, Gerediagak azoka urtero antolatzea erabaki zuen, eta honela jarraitzen dugu 33 urte igaro ondoren. Gaur egunera heltzeko urte hauetan ibilitako bidea ez da izan bide errez bat. Jendearen erantzuna apurka apurka haunditzen joan zen, Durango kultur munduko jendearen erromes tokia bihurtzen hasia zen, agintariak ikaratu ziren, galerazotzea ere pentsatu zuten, ez ziren ausartu eta beste bide bat lantzen hasi ziren ahal zuten neurrian oztopatzeko azoka. 1.974. urtean galarazo zuten Andra Mariko eleizpe horretan azoka antolatzea eta behartu gintuzten azoka plazara joatea. Ez dakigu zerpentsatu zuten, gure herrietako baserritarrak larunbatero erabiltzen dute espazio higuintzat botako genukela edo jendea ez zela egongo prest azoka plazara hurbiltzeko. Horrela balitz ez zuten espero jendearen erantzuna nagusitzen jarraituko zuela eta tokia Andra Mariko eleizpea bera baino egokiagoa izango zela, itogin gutxiago, epelago, haize boladatatik kanpo... Diktadorearen heriotzaren ondoren, argitalpenen askatasuna astiro astiro lortu ondoren, azokaren dimentsioak urtetik urtera hazten jarraitu zuten, espazio falta azokaren arazo haundiena bihurtuz. Garai honetan Gerediagak ikusi zuen normalizazio baterantz joan behar zuela azokak. Apurka apurka horretarantz hasi zuen bere lana bideratzen. 80. Hamarkadaren hasieran, 82, 83... , lehen urteetako standei jubilazioa eman genien eta beste stand txukunago batzuk erabiltzen hasi ginen. Azokari bere aretoa jarri genion, kultur egitaraua bultzatzeko asmoz. Hurrengo urteetan Durangoko udaletxean antolatzen zen sarrera hitzaldia eta bestelakoak, azokako espazioan antolatzen hasi ginen. Areto honek ahalbideratu zigun hitzaldi, mahai inguru eta beste hainbat eta hainbat ekintzarekin hornitzea azoka, gainera eztabaidatzeko eta hitz egiteko gogo haundiarekin zegoenean euskal gizartea. Lehen aipatu dugun espazio falta honek 1996. urtean azoka plaza horretatik irtetzera behartu gintuen. Urte horretan San Agustin aldeko probaleku zaharrean kokatu genuen gure "toldopeko denda". Iaz Landako aldera hurbildu ginen gure burni, toldo, egur eta abarrekin egun batzutarako bertan eraikitzeko euskal liburu eta diskoaren azoka, ala uria esan beharko genuke? Aurten ere horretan ari gara, Durango euskal liburu eta diskoaren uria bihurtzen. Toldo zuri edo euskal zeru horren azpian, 237 stand etxe kokatu bertan bilduz komertzioa, kultur ekintza, kantaldi, eztabaida, lagun arteko barriketaldia, noizbehinka ere peste batzuk bota ... berba baten esanda, sei egunez denon artean Euskal herri txiki bat eraikiko dugu. Hator eta har ezazu zuk ere parteuri hau eraikitzen, Ze... Durango, liburu biltegi bat baino zerbait gehiago da... Ion Irazabal Agirre, Gerediaga Elkarteko kidea Copyright © Eusko Ikaskuntza