HAUR ETA GAZTE LITERATURA, KANTITATETIK KALITATERA Haur eta gazte literatura, kantitatetik kalitatera * Euskarazko liburugintzak gorakada nabarmena izan du azken hogei urteotan, izan ere, urtean ehun liburu plazaratzetik 1100 argitaratzera pasa gara. Eboluzio horren arrazoi nagusienetariko bat, baina ez bakarra, haur eta gazte literatura litzateke. Azken urteotan datuen arabera 250 300 bat literatur liburu argitaratzen dira haur eta gazteentzat (1996ko datuen arabera argitaratutakoaren %26). Jakina, hazkunde honek aldaketa handiak ekarri ditu literaturan. Alde batetik, eta nabarian geratu den moduan, kantitatean emandako hazkundea dugu, baina hori baino inportanteagoa da kalitatean eta gai, teknika eta estiloetan emandako eboluzioa, aberastasuna eta aniztasuna. Eta hori dena oso oso berria den literatur arlo batean. Mundu mailan haur eta gazte literatura (HGL) oso fenomeno berria baldin bada, euskararen kasuan mende honetako 60ko hamarkadan aurkitzen dugu lehen literatur lanak (didaktismotik eta hezitze asmotik kanpo) eta 81 84 bitartean hasten da euskal HGL modernoa. Arestian aipaturiko eboluzio horretan hiru idazle nagusi ditugu: Bernardo Atxaga, Mariasun Landa eta Anjel Lertxundi. Lehena eta azkena helduen literaturan ditugun idazle nagusienetarikoak eta bigarrena euskal HGLn aportazio garrantzitsuenak egin dituen idazlea. Gaur egungo egoera aztertzerakoan, beraz, ezin dugu ahaztu zein den gure lehena eta une honetan ditugun gabezi nabermanak. Idazlan klasikoen itzulpenak, folklorean jasotako lanen bildumak edo gaur egun nazioarte mailan punta puntako diren hainbat idazleren lanak argitaratzen ari bagara ere, izugarria da arlo horietan oraindik egiteke dugun lana. XIX. mendeko abenturazko lan ugariren argitarapena, Webster en ipuinen antologia bat haurrentzat edo Sendack, Tolkien, L. F. Baum idazleen lanak, mende honetako idazle batzuk aipatzearren, euskaratu gabe daude. Gabezi horien ondoan ditugu, berriz, azken urteotan idatzi eta itzulitako ehundaka obra.Horrela Stevenson, Swift, Perrault, Carroll, Nöstlinger, Dahl, Härtling edo Lindgren idazleen obren alboan dauzkagu M. Landa, J. K. Igerabide, P. Zubizarreta, X. Mendiguren, K. Santisteban eta abarren obra ugaria. Eta sorkuntza horretan eman dira, lehenago aipatu bezala, aldaketa handienak. Txan fantasma (1984) obrak errealismo kritikoa eta amaiera ez zoriontsua ekarri zituen gure letretara; ipuin horrekin iraultza txiki bat eman zen gure literaturan, geroago Txiliku, P. Zubizarreta, M. Lopez Gaseni, X. Mendiguren eta beste askok sakondu eta zabaldu duten kritika eta literaturaren bidetik. Izan ere gaur egungo euskal HGLn literatura tradizionalak indarra baldin badu ere, eta hor daude umore kutsuko hainbat eta hainbat idazlan (Pernando Amezketarra, Txerrama errudun, Lazkao txiki, Murtxanteko lapurrak,...) edo lehengo lanen berreskurapena (Kontu zaharrak, Peru eta Marixe, Axut eta Euskal Leiendak sailak,...), errealismo kritikoaren inguruan eraikitako obrak dira nagusi gure artean. Ekologia, familia barneko gora beherak eta arazoak, militarizazioa, barne arazoak, langabezia, askatasuna, amodioa, horiek eta horiek bezalako gaien inguruan eraiki da azken urteotako literatura. Kantitatearen hazkundearekin, eta gaien aberastasunarekin, literatur maila ere igo egin da hainbat obratan. Zalantzarik gabe, urtero argitaratutako 40 50 sorkuntz nobedadeen artean bada dozena erdi bat (%10 baina piska bat gehiago) oso kalitate onekoa, nazioarte mailan argitaratzen diren obren parekoak direnak. Eta hain zuzen, horixe da gure erronketako bat, gure kalitatezko idazlan horiek kanporatzea. Bakar batzuk argitaratu dira bete hizkuntza batzuetan (M. Landa eta Atxagaren lan ugari, P. Zubizarreta, J.K. Igerabide, X. Mendiguren edo K. Santistebaren baten bat edo beste,...) baina literatur politika baten ondorio baino gehiago beraien edo estatuko argitaletxeen lanaren ondorio. Gure merkatuak, haren neurriak eta ezaugarriak, eragin handia du generoen arteko desorekan (%98 narratiba da) eta haurtxikientzako koloretako albumetan dugun menpekotasunean (ia ia ez dago euskal ilustratzaile idazleek eginiko albumik, eta daudenak aspaldikoak dira). Bestalde, aldizkarigintzan ere egoera ez da oso ona. 1998ko martxoan Xirrixta eta Kometa itxi ondoren bi aldizkari bakarrik baititugu, eta biak 8 12 urte bitarte horretarako. Egoera, beraz, ez da txarra lan ugari eta batzuk kalitate handikoak plazaratzen direlako euskaraz, baina ez oso ona ere urtez urte gabezi eta behar berberak ditugulako; merkatu irizpideak soilik kontuan hartzen diren bitartean iraungo duten gabezi eta beharrak. Azkenik, une honetan urtero argitaratzen diren 250 300 obra horiek aztertzeko eta merkatuan dauden milaka liburu horietan irizpideak markatzeko kritika sendoa, eta era beran publiko guztiarengana iristen dena, behar dugu. Lan batzuk egin dira baina oraindik asko dago egiteko. Gure kalitatezko literatur lanak zabaltzeko behar beharrezkoa izango baita datozen urteotan. Apur apurka gero eta gehiago zaintzen ari den literatur arlo honek hori eta gehiago behar baitu. Xabier Etxaniz Argazkia: Aitor Bayo/Euskal Kultura Gaur. Liburuaren mundua (Joan Mari Torrealdai)
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.