EZ GARA GEHIAGO BARREGARRI Ez gara gehiago barregarri * Aurten, lehen aldiz, "Nafarroako Euskal Literatura Garaikidea" izenburupeko ikastaroa antolatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Euskal Idazleen Elkartearekin elkarlanean. Hartan, NUPeko berrogei bat ikasle, irakasle baten gidaritzapean, gaur egungo zortzi egileren lanak lantzen ari dira, denak 1997 98 urteetan argitaratuak. Ez dirudi zalaparta handirik ateratzeko moduko gauza denik, baina, duela hamar urte, ezinezkoa izanen zen. Seguraski, nekez osatuko zen, NUPen, halako talde ugaria. Are gutiago delako ikastaroaren antolatzaileek zer aztertua aurkitu; ez, bederen, horren multzo gizenik. 70. hamarkadaren bukaeran, Joan Mari Torrealdaik, gure kulturaren alderdi kuantitatiboei eskainitako monografia mardulean ("Euskal idazleak gaur", Jakin, 1977), "barregarri" zeritzon Nafarroaren presentziari euskal literaturan. Hogei urte geroago, aurrekoari segida eman beharrez egile berak eginiko azterketa ez laburragoan ("Euskal kultura gaur", Jakin, 1997), gure letren eremuan herrialde bakoitzak duen pisuaren bilakaera neurtzerakoan, garbi ageri da Nafarroa hazi dela gehien, ikuspegi erlatibo batetik begiratuta: hogei urtetan halako bi egin du, nahiz eta kopuru orokorretan (% 3,2tik % 6ra) gure itzala oraindik sobera ikusgarria ez izan. Apalenetik hasiak aise egiten du goiti. Ordutik hona, bada bertze literatur idazle tropa bat, bere lanak berantago edo monografia horretan islatu gaberik argitaratu dituena. Poetak, bereziki (Josetxo Azkona, Juan Karlos Lopez Mugertza, Mikel Taberna, Maite Urkia), baita antzerki egileren bat ere bai (Xabier Diaz Esarte). Honako 1998 honek bere azken hatsa eman baino lehen, berriz, hamar hamabi bat liburu egonen dira egile nafarren eskutik aurten plazaratuak; mende honetako lehen berrogeita hamar urteetako produkzio osoa baino gehiago. Eta berriz diot, literaturaz baizik ez naiz ari; zerrenda are potzologoa litzateke, bertze alor batzuk ere sartuko bagenitu. Bitxia da hazkuntza hau.Gizarte faktoreez baliatuz ez da esplikatzen erraza. Foru Komunitateko erakundeen babesik ez du, eta ez da, Nafarroako gizarteari dagokionez, hizkuntzaren goititze nabarmen batekin batean heldu. Hil lantuak jotzen dizkigutenen damuz, gora goaz hemen, baina apal, ezari ezarian, guk nahi baino mantsoago. Ezustekoa ere bada, frankorentzat. Ez da falta gertaera honi doi doi disimulaturiko deserosotasunez begiratzen dionik, gaurdaino hain baliagarriak izan diren eskemak haustera bailetorren. Eta ez naiz bakarrik kultur establishment erdaldunaz ari. Gainera, ez du parekotasunik, kulturaren bertze adierazpideetan, zinemagintzan, bideogintzan, antzerkian, musikan. Ikusteko handiagoa, noski, hedabideetan edo itzulpengintzan izandako bilakaerarekin. Idaztearen plazer/sufrikario bakartiak aiseago kilikatzen ditu, nonbait, egile nafarrak, talde lana eskatzen duten bertzelakoek baino. Arestian erran dut. 1998an uzta naharoa biltzen ari gara. Aspaldi diharduten idazleak: Patxi Zabaleta, Patziku Perurena, Pello Lizarralde, neroni (atrebentzia ez bada). Berantago argitaratzen hasita ere, abiadan ari direnak: Juanjo Olasagarre, Jon Alonso (Jokin Muñoz ere bai, honen azken liburua hain bikaina, hain isildua 97koa bada ere). Baita beren lanak argitalpen bide normalduetan ezagutarazten hasi berriak ere: Isidro Rikarte, Alberto Barandiaran, Felipe Rius. Erdiek luze nahiz labur narratiba dute lan eremua. Bada saio egileren bat, generoaren kontzepturik klasikoenean. Gainerakoen liburuak kazetaritzaren eta literaturaren arteko esparru ez guztiz gardenean kulunkatzen dira. Bakoitza bere ukuiluko, neketan atzemanen diegu ezaugarri amankomunik, eremu geografiko bera partekatzea ez bada. Gehienak hiritarrak dira; bertze nonahi sortuak izanik ere, Iruña edo Iruñerria dute bizileku eta, salbuespenak salbuespen, kutsu urbanoz janzten dute beren literatura. Aunitzek erredakzioetan edo zutabegintzan izan dute lehen probalekua. Deus harritzekorik ez, Mendebaldeko edozein herri "normalduagotan" bezala,kazetaritzan trebatzen ari baita trabatzen? euskal idazleen hurrengo belaunaldia, goragoko lerroetako izen andana ere ugarituko duena. Hondarrik, arestian aipatu guztiez erran daitekeen gauzarik hoberena errateko maneran gara: gehienak beren onenak eman gabe daude oraino. Egon erne. Aingeru Epaltza Argazkia: Aitor Bayo/Euskal Kultura Gaur. Liburuaren mundua (Joan Mari Torrealdai)
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.