Euskal idazleak eta best sellerrak Euskal idazleak eta best sellerrak * Ez, ezetz, ezina zaidala, erabat lanpeturik nabilela eta horrelako leloak esaten ez dakienari suertatzen zaizkio noizpehinka honelakoak, alegia, beste gai garrantzitsuagoei (¡?) edo lehenagokoei astia kendu eta beste baten gainean zerbait asmatzen ahaleginak egiten hastea, eta areago oraindik, ia bertsolariek bezala erdi edo osorik bestek ezarritako gaiaz, hots, feriez eta liburu salduenez jardun beharra. Eta nik zer arraio dakit, bada. Argitaletxe handi bateko zuzendariari edo galdetu izan baliote ere, agian, baina zer arraio esan dezaket honetaz. Tira...bada....baiezkoa emateagatik. Hartu dut hiztegi bat, ez edozein, noski. Literaturarekin zer ikusia duen bat, eta aurkitu dut hitza. Hementxe ageri zait. Irakurri dut zer dioen eta ohartu naiz ez duela gauza handirik esaten, eta Robert Escarpit engana bidaltzen nauela. Ez dakit nola baina Literaturaren soziologia hementxe daukat. Que sais je saileko 61. alea da, eta oroitu naiz nola ibili zitzaigun (zenbaitek zioetenez lehendakari izateko jaioa zenaz, zorigaitzeko beribil istripu batek gure artetik eraman izan ez balu) duela hogeita hamar urte juxtu, Rikardo Arregi antzeko zerbait sortu nahiz eta nola bultzatu gintuen lehen liburuxka idaztera... eta nola gazte belaunaldia ginenok Durangoko eliza arkupetan hotzak akabatzen egoten ginen liburu ttipi haietxek saldu nahirik edo. Ordudanik zenbat ur zubipetik eta zenbat tinta eta odol isuri den! Urte guzti hauetan, ordea, beti izan dut Durango derrigorrezko eta nahita nahiezko udazkeneko peregrinazio lekutzat, utzi ezinezko zita legez, egun batez bederen euskal kulturaren ahots eta zurrunbiloan murgiltzeko parada eskaini baitit. Bertan, euskal idazleek elkarrekin topo egiteko aukera baitugu, gero eta gutxiago, egia esan, hain baita jende multzoa ugaria, non erraz galdu daitekeen nornahi, eta bestalde, urtetan aitzina goazenok gero eta ez dakit zuhurrago baina bai otso bakartiago baikara. Dinot,Durangokoa parada ona izan ohi dela adiskideak agurtzeko, berriak komentatu, liburuak erosi, trukatu edota oparitzeko. Neurri batean euskal gizartearen, agian zehatzago litzateke esatea euskal kulturaren oihartzun bilakabide zen lehen. Orain, aldiz, komunikabideak hainbeste ugaritu direnean, ez dakit bada zer esan. Ene ustez, handitu eta zabaldu den heinean murriztu ere egin zaio feriari bere garai bateko eragin sakon hura. Dena den, badirudi euskal liburugintzak pairatzen duen durangitisaren eritasuna, bestela nola deitu euskal liburuaren hiru laurdenak okasio honetarako prestatzen direla , sendatze bidean dagoela edo. Duela urte batzuek Velez Mendizabalek zioskunez, kantitatetik kalitatera pasatu beharrean geunden eta horretarako azpiegiturak sortu behar ziren, argitaletxeek mugimendu berriak sortu behar zituzten, behar izanez gero erakundeek lagundurik... bestetik jendea zaletzeko moduko liburuak behar genituen, klabe errazekoak... Best sellers ak? Ez dakit. Aitortu behar dut, nere zalantzak ditudala honetaz, eta esango nukeela batzuetan kontrajarriak daudela bi kontu horiek. Euskal literaturaren historiari soladi arin bat ematen badiogu, ikerketa sakonago bat mereziko luke, noski, harrera gora behera honek , ohar gaitezke XIX. mende bukaeran, oker ez banabil, idazki salduenak, prezioaren arabera, bertso paperak zirela, eta gero egutegiak, almanakak, dotrinak, Santa Jenobebaren bizitza eta horrelakoak. Mendea pasata, aldiz, azken urteotara begiak zuzentzen baditugu Gabriel Arestiren Harri eta Herri (1964), Joseba Sarrionaindiaren Narrazioak (1983), honek urtero eskaintzen digu urrundik iritsitako best seller atseginen bat , eta Bernardo Atxagaren Obabakoak (1989) eta ondorengo emaitzak emango nuke direla ezpairik gabe salduenetakoak. Eta zergatik hauek eta ez besteak? Heldu diot berriro Escarpit i. Idazlea eta irakurlea gizatalde berekoa direnean, baten eta bestearen helburuak bat izan daitezke eta literatur arrakasta bat etortze honetarik sor daiteke. Bestelaesanda, gehien leitzen den liburua gizataldeak, jendeak esperotakoa adierazten duena dela. Hala ote da aipatu ditudan hiru obra horietan? Memento bakoitzean gizataldearen indarren erakusgarri eta oihartzeun izan daitezke, noski, baina zelango oihartzuna? Argia, iluna, grisa, zaratsua? Konpreni daiteke ongi bere mezua? Eta noski, esanahi anitza izan dezake... Baina harreman honetan literatur lanaren barne balioez at, kanpo arrazoiek badute zerikusi handia, dudarik gabe, eragiten dutenak saldua, beste zerbait da irakurria , izan dadin liburu bat. Badirudi Francfurt en, munduan egiten den liburu feria handienean ere aritu direla best sellers ei buruz hitzegiten Arturo Pérez Reverte, Ken Follet eta beste, eta Albert Zuckermann, honetaz asko dakienak zioela, Europan liburu gutxi itzultzen direla inglesera, pertsonalegiak direlako. Badirudi gizonaren barne irudia, barne aberastasuna ez zaiola axola gehiegirik ingeles irakurle arruntari, eta soilik ekintza, martxa duela maite. Hala bada, eta beldur naiz gurean ere antzeko zerbait gertatzen ari denentz, etorkizun beltza du benetan euskal gizarteak. Patri Urkizu Argazkia: Aitor Bayo/Euskal Kultura Gaur. Liburuaren mundua (Joan Mari Torrealdai)
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.