
Artisautza
Gorostitxo. Eztia ateratzeko zentroa: Prozesuak
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Gaur egun 100-110 erlauntza inguru dituzte. Horien kokagunearen arabera era bateko edo besteko eztia lortzen dute: erromeroarena, ezkaiarena, basokoa eta abar.
Esan beharra dago ezti mota asko daudela, izan ere, erlauntzak jarri diren lekuko landarediak zerikusi handia baitu horretan.
Erlauntzei altxaerak jartzen zaizkie, eta erleek horietan eztia egiten dute. Altxaera horiek abaraskak ondo kokatuta jartzen direla zaindu beha da, erleentzat bertan eztia egitea erakargarria izan dadin. Ezin daitezke beteta egon, bestela erleek ez baitute lanik egiten edo erlauntza banandu egiten baita. Altxaera bat betez doala ikusten denean, beste bat jartzen da.
Eztidun altxaerak kentzeko eta horien ordez beste batzuk jartzeko, erleak lasaitu egiten dira, hauspoa erabiliz kea emanez. Haritz, akazia edo pago egurrezko txirbilak erabiliz egingo da kea hauspoan.
Behin koadroak lokalean daudenean, lehenik markoetako propolia kentzen da, gero espatularekin kanpoko geruza, ondoren zentrifugagailuan sartzen da. Horren ostean, koadroa berriz erabiltzeko prest dago. Zahartuta badago eta sakon garbitu behar bada, ur beroa eta sosa kaustikoa erabiltzen da eta, azkenik, ur garbi askorekin garbitu. Garbitu ondoren, argizarizko plantxa berria jartzen zaio, berriz ere erabiltzeko. Plantxa alanbre batzuen bitartez lotzen da koadrora.
Ezti motaren eta eguraldiaren (euria, eguzkia, etab.) arabera, eztia sasoi batean edo bestean jasotzen da. Orokorrean esan daiteke:
· Erromero: apirilean.
· Akazia: maiatzean.
· Ezkaia: ekainean.
· Milalorea: irailean.
· Basokoa: urrian.
Zentrifugagailutik ateratako eztia dekantatze-ontzian jartzen da, eztia eta elementu arrotzak (orokorrean, argizaria eta polena) banantzeko. Altzairu herdoilgaitzeko edukiontzi handietan gordetzen da, itzalpean eta tenperatura egonkorrean, gutxienez, 10-12 egunez.
Ezti mota bakoitzak, behin kristalezko ontzian sartu ostean, kristalizatzeko denbora bat behar du. Motaren arabera denbora hori desberdina da. Ezkaia-eztiak, esaterako, hilabeteak behar ditu kristalizatzeko. Hain zuzen, mota hori da kristalizatzeko denbora gehien behar duena. Gainerakoak tokiko tenperaturaren eta abarren arabera kristalizatzen dira. Baina udazkenerako guztiak gogortuta egoten dira. Ezti freskoari buruz ari gara, izan ere, gainberotuak eta manipulatuak beti likido eran mantentzen dira, baina ezaugarri batzuk galdu egiten dituzte.
500 g eta 1.000 g-ko ontziak saltzen dituzte, horiek guztiak dagokien zigiluarekin eta osasun-etiketarekin.
