509 Zenbakia 2009-11-20 / 2009-11-27

Artisautza

Gorostitxo. Eztia ateratzeko zentroa: Produktuak

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Produktuak

GOROLDEGIk eginiko produktuak:

Eztia:

· Akazia eta milalore eztia (Urnieta/Astigarraga). Urte ona izanez gero, hau da, udaberrian eguraldi ona eginez gero.

· Erromero eta ezkai eztia.

· Basoko eztia. Lorearen nektarretik ez datorren eztia, baizik eta udan zuhaitzek beroarekin sortzen duten izerditik datorrena, batez ere artearenetik.

Propolia

Gai erretxinatsua da, okre kolorekoa. Erlauntzetako koadroen kanpoaldetik kentzen da, eta izozgailuan sartzen, hotzarekin gogortzeko. Xehatu, hileak kendu... egin ondoren, hauts bihurtu eta alkohol edangarrian (alkohol etilikoan) disolbatzen da, 200 gramo litroko. Produktu hori ezin hobea da zauriak edo gorputzeko edozein erasan edo afekzio garbitzeko eta edari gisa eztarriko arazoetarako. Esnetan ere disolba daiteke, edo eztitan. Ontziak argitik babestu behar dira.

Erleek zuhaitzen ernamuinetatik hartzen dute propolia. Sustantzia naturala da, onddoetatik eta bakterietatik babesteko zuhaitzek sorturikoa eta animaliek eginiko zauriak orbaintzen dituena. Erleek zuhaitzetatik hartu eta erlauntzako zuloak betetzeko erabiltzen dituzte, beste zomorro batzuetatik eta gaizotasunetatik babesteko. Horregatik propoliari “erleen botikina” deitzen zaio.

Operkulu argizaria

Argizari onena da. Panalaren koadroko kanpoaldeko geruzatik ateratzen da, horretarako, espatula handi bat erabiliz. Gero, dekantatzen uzten da dekantatze-ontzian eztia eta argizaria banantzeko.

Argizari birjina

Dekantatu ostean, argizaria eta eztia koadroetatik banandutakoan ateratzen da. Eskari handia du, pomadak, altzarientzako kremak eta makina bat produktu egiteko erabiltzen baita.

Argizaria

Gainerako argizaria GOROSTITXO Elkarteko zentralean entregatzen da, eta horrek koadroak egiteko argizari berriko plantxak ematen die ordez. Elkarteak Valentziako fabrika bati saltzen dio argizaria. Bertan, argizaria koadro bihurtzen dute, eta elkarteak erosi egiten ditu.

Xaboiak

Eztizko Xaboia azal lehorrarentzat, jalea xaboia azal leunentzat eta propoli xaboia ekzemak edo onddoak dituzten azal narritatuentzat.

Pomadak

Erredurentzat, golpeentzat, zaurientzat, etab.

Gozokiak

Eztizko gozokiak.

Erregina Jelea

Enkarguz erosi behar da, izan ere, oso produktu delikatua baita eta ondo kontserbatzeko hozkailuan eduki behar baita. Erle langile gazteek (5 egunetik 15 egunera bitartekoek) beren barruan sortzen duten produktua da Erregina Jelea. Hori erregina eta erregina-gelaxkak elikatzeko baino ez dute erabiltzen erleek.

Gutxi gorabehera 15 urte igaro dira Behemendi elkartea artisau-produktuen azokak antolatzen hasi zenetik. Azokak larunbatero egiten dira, txandakatuz, astero leku batean (eztia, gazta, pastak, pateak, frutak, barazkiak, loreak eta abar egoten dira salgai). Hain zuzen, azoka horietako lautara joaten dira gure artisauak: 3 Donostian (Eason, Grosen eta Antiguon) egiten dira eta bestea Hernanin.

Donostiako San Martin azoka berria berrantolatu zenean, Behemendik salmenta postua eskaini zien eta gure bi artisauek hartu egin zuten. Postu horretaz Joxeanen arreba eta lehengusina arduratzen dira. Bertan, eztia, gazta, barazkiak eta baserriko arrautzak saltzen dituzte.

Gainera establezimendu gutxi batzuei ere saltzen diete zuzenean, baina konpromiso hutsez.

Amaitzeko esan behar dugu baserriak sustatzeko lanak egiten duen elkartea dela Behemendi (telefonoak, errepideak, zaborren edukiontziak, belarra mozteko eta bolak egiteko makina, etab.).