311 Zenbakia 2005-07-29 / 2005-09-02

Artisautza

Adarraga Sendia. Artisau Gozogileak: Txokolatea

AGUIRRE SORONDO, Antxon

GARMENDIA IARTZA, Koro

TXOKOLATEA

Adarragatarrek gozoki preziatu hau ekoizteko 1946. urtean erosi zuten ekipoak, honako elementu hauek zeuzkan: Kakao aleen txigorgailua. Aleei azala kentzeko tresna. Kakao alea txikitzeko ehogailua. Gainera, azpialdean daukan su txiki bati esker, lehen ore bat ere prestatzen du. Azukrea txikitzeko ehogailua, azukre hautseztatua lortzeko. Oratzeko makina. Bi pieza zeuzkan, kakaoa eta azukrea behar bezala nahasteko. Fintzeko makina. Hiru arrabol zeuzkan. Tresna honen egitekoa, kakao eta azukrearen nahasketa mehetzea, eta kakao aleen partikulak puskatzea zen. Gainera, adituen esanetan, horrela azidotasun arrastoak ere kentzen dira. Maskorra: etengabe mugitzen ari den harri bat duen tresna, orea mugitzen aritzen dena, ahalik eta ondoren fintzeko. Pisua: txokolate tableta bakoitzaren zama neurtzeko. Hozkailua, txokolatearen orea 18º-tan hoztu eta, tabletetan ipinitakoan, kristalizatzeko.

Txokolatea egiteko, pauso hauek jarraitu behar dira. Lehenik eta behin, kakao alea txigortu eta birrindu egin behar da, eta ondoren azala kentzen zaio. Ale hori beroaren bidez ehotzen da, urtu eta orea sor dezan. Beste alde batetik, azukrea ehotu behar da, eta oratzeko makinara pasa, kakoarekin nahasteko. Handik fintzeko makinara eramaten da nahasketa, batu eta homogeneizatzeko. Gainera, kakao aleari hortxe kentzen zaio berez izaten duen azidotasuna ere.

Gero, berriz ere oratzeko makinan sartzen da, bigarren aldiz nahasteko. Ondoren, gau osoa beratzen uzten da. Biharamunean, berriz ere oratzeko makinan sartzen da. Artisauaren esanetan, fase honetan txokolateak epeldu egin behar du. Maskorrik izanez gero -goian aipatu dugun tresna-, une honetan jarri beharko da martxan. Bukatzeko, txokolatea pisatu, eta moldeetan sartzen da, non, hozten denean, tableta edo bonboien forma hartuko baituen.