266 Zenbakia 2004-07-03 / 2004-09-10

Gaiak

Jesús Altuna (Eusko Ikaskuntza-Caja Laboral Saria, 1998)

AGIRRE, Juantxo

GARMENDIA YARZA, Koro

Jes?s Altuna

(Eusko Ikaskuntza-Caja Laboral Saria, 1998) Juantxo Agirre

Itzulpena: Koro Garmendia

Versi?n original

J esús Altuna Echavek kultura eta zientziaren munduan egin duen ibilbideari begira jartzean, funtsezkoa ageri zaigu José Miguel de Barandiaránen figura. XX. mendearen hasieran Telesforo Aranzadi handiak arkeologia eta aurrehistoriaren arloetan hasitako lan aitzindariei jarraipen duina eman zien Barandiaranek, 1954an erbestetik itzulitakoan.

Aipaturiko alor horien gaineko azterlanetan laguntzeko Biologia Zientzien ikasketak egin berri zituen Altuna gaztea sartu zenean, norabide berri eta kualifikatua hartu zuten ikerketek. Jesus Altuna eta Juan Plazaola Eusko Ikaskuntza - Caja Laboral Sarian. (Argazkia: Arantza Cuesta).

Jesús Altuna 1960an lizentziatu zen Madrilgo Complutense Unibertsitatean, eta 1971n “Fauna de Mamíferos de los yacimientos prehistóricos de Guipúzcoa” izenburua zeraman doktore tesia aurkeztu zuen, handik urtebetera Munibe aldizkarian argitaratua.

Altunak 1957-1972 urteak bitartean jardun zuen Aita Barandiaranen laguntzaile gisa; ondoren, ikerketa talde bat sortu zuen Aranzadi Zientzia Elkartean. Kargu anitz bete ditu Elkarte honetan; aipagarriena, 1979-1985 artean bertako presidente izan zela, eta baita 1991-1997 artean ere. 1966az geroztik, Munibe aldizkariko zuzendaria dugu, hots, Euskal Herrian Arkeologia, Aurrehistoria zein Paleontologiaren arloan dauden argitalpenen artean ezagunenekoa.

Lan asko eman ditu argitara, eta bere obra aski ezaguna, eta hainbatetan ezinbestekoa, bihurtu da Pirinioen mendebaldeko aurrehistorian sakontzeko egarri den ikertzaile ororentzat.

Edonola ere, bere merezimenduen artean azpimarragarriena, diziplinarteko azterlan eta ikerketak zuzentzen egin duen lan itzela da. Erdialdeko Europan gailentzen ari diren korronte aitzindariak jarraitzen ditu Altunak, ikerlari alemanekin izan dituen harremanetan ikasia. Berak zuzendutako indusketa lanei buruzko artikulu ugari idatzi ditu; aldizkari espezializatu nagusietan argitaratu dituen askoren artean gutxi batzuk nabarmentzearren, aipatu “El yacimiento prehistórico de la cueva de Ekain (Deba, Guipúzcoa)” eta “La cueva de Amalda (Zestoa, País Vasco). Ocupaciones Paleolíticas y Postpaleolíticas”, Eusko Ikaskuntzaren eskutik, 1984an eta 1990ean hurrenez hurren; eta “Cazadores Magdalenienses en la cueva de Erralla”, Munibe aldizkarian 1985ean argitaratua. Jesus Altuna. (Argazkia: Arantza Cuesta).

Baina bere ibilbideak izan duen hedaduraz behar bezala jabetzeko, beste funtsezko alderdi bat ere aipatu behar dugu: aurrehistoriako iragana bere osotasunean ulertu ahal izateko egin dituen lanak; hots, 1982az geroztik behin eta berriro zuzendu den Gipuzkoako Karta Arkeologikoaren katalogazio sistematikoa eta argitalpena. Hori guztia gauzatu ahal izan da Aranzadi Zientzia Elkarteak, lantalde eta bitarteko materialak koordinatzeko egindako lanak bultzatu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare zerbitzuekin sinatuta daukan lankidetza hitzarmenari esker. Zientzia Elkarte honek Gipuzkoan diren ondare higigarriak ezagutu, ikertu, hedatu eta babesten ditu, eta orain arte egindakoak jarraitasuna izango duela bermatzen duten ikertzaile berrien eskaerei erantzuteko kudeaketa zein antolaketa lanak egiten dihardu.

Ezin aipatzeke utzi Jesús Altunak Paleolitiko garaiko artelan paregabea dugun Ekaingo kobazuloa babestearen alde egin duen lan garrantzitsua, 1969an aurkitu zutenez geroztik. Haitzulo honi eskainitako lanordu luzeen harian, gainera, hainbat liburu ere eman ditu argitara, eta, orain, gogo biziz prestatzen ari da kobazuloaren erreplika.

Irakaskuntzari dagokionez, Paleoantropologiako praktiketako irakasle laguntzailea izan da Madrilgo Complutense Unibertsitatean (1960-61 ikasturtean), Donostiako Seminarioko irakaslea 1961-1965 artean, Irungo Batxilergoko Institutu Nazionaleko irakasle agregatua 1965-1967 artean, Donostiako J.M. Usandizaga Batxilergoko Institutuko katedraduna 1967- 1980 artean, eta Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolako katedraduna 1980tik 2003an erretiroa hartu zuen arte. Jesus Altuna eta Plazaola. (Argazkia: Arantza Cuesta) Bestalde, hainbat eta hainbat elkartetako kidea da. Hala nola, Aranzadi Zientzia Elkartekoa; bertan, gainera, Aurrehistoria Saila zuzentzen du, eta bilduma osteologiko garrantzitsu bat osatu du, 1960an osatzen hasi zena eta gaur egun bertako zein kanpoko ikerlariek kontsultarako darabiltena. Halaber, Eusko Ikaskuntzako bazkidea da (Ohorezko Batzordekoa, zehazki), Barandiarán Fundazioko presidentea, Real Sociedad Española de Historia Natural-eko kidea, Euskalerriaren Adiskideen Elkartekoa, Paleontologiaren Nazioarteko Elkartekoa, ICAZekoa (International Council for Archaeozoology), Society for Archaeological Sciences-ekoa, ICOMOS - CARekoa (International Committee on Rock Art), eta Centre de Recherches d'Ecologie Souterraine-ko ohorezko bazkidea.

Lotutako artikuluak

Jes?s Altuna y los estudios vascos. (Alvaro Arrizabalaga). Un futuro para nuestro pasado. Innovaciones en el campo de la Antropolog?a y del Patrimonio Cultural. (Jes?s Altuna Etxabe). MenuaGAIAK Aurreko Aleetan Inicio > EM 266 > Gaiak -->

2004/09/03-10