266 Zenbakia 2004-07-03 / 2004-09-10
(Eusko Ikaskuntza-Caja Laboral Saria, 1997) Andres Urrutia, Euskaltzain osoa
Zinez luzea da, euskal letretako arloan, fraide frantziskotarren zerrenda. Aldi eta alde askotan ikus daitezke San Frantziskoren semeak euskalgintzaren suspertzaile eta eragile, kristautasunaren berriak euskararen bidez eman izan dituztela. Haien predikazio-lan edota idaztiak noranahi zabaldu dira Euskal Herrian zehar. Euskarak, jakina denez, beti izan du euskarri sendoa frantziskotarren zereginetan.
Arantzazu, Zarautz, Forua... Komentu horiek euskalgintzaren barruko katebegi preziatuak dira. Horma horien artean, zeresanik ez, fraideak eurak, apal eta umil bezain ekintsu eta jardule. Holakoa ere bagenuen Aita Villasante gernikarra, frantziskotar bete-betea, eta, aldi berean, euskaltzale kementsua, gazte-gazterik bere euskal gogo eta asmoak erakutsi zituena. Aita Luis Villasante. (Argazkia: Arantza Cuesta)
Euskararen urterik gogorrenetan izendatu zuten euskaltzain oso (1952), ordu arte eginiko merituengatik. Gerora ere, urte luzeetan, hartutako konpromisoari eutsi zion, euskararen munduan biografia eredugarri eta baliotsua osatu arte.
Hark idatzitakoa erreskada batean jarri behar izango bagenu, luze joango ginateke, eta, agian, okerreko irudia ere emango genuke. Izan ere, haren lumak eragindako tituluek ezin dute, ez hurrik eman ere, haren egitekoa oso-osorik azaldu.
Teologia eta euskara zituen ardatz nagusi. Lehena bigarrenaren bidez landu zuen, eta ahalegin biziak ondu zituen bigarrena lehenaren tresna izateko. Gogoan dut behinola hari Deustuko Unibertsitatean entzundakoa, hirurogeita hamargarren hamarkadan ohiko izaten ziren kultur aste haietako batean hizlari zela. Prosa behar zuen hark, euskal prosa arrunta, edozein kulturatan gairik beharren direnak erakusteko eta lantzeko.
Horretan miresten zituen euskal klasikoak, eta berdin-berdin aipatzen eta gogorarazten zituen Axular zein Mateo Zabala, Lapeyre edo Añibarro. Hain justu ere, berak berrargitaratu zituen idazle horien testuak, euskaltzale jakinguratsuen eskura gera zitezen. Aurretiaz ere bildurik zituen euskal idazle askoren zertzeladak, beraren Historia de la literatura vasca (1961) arrakastatsuan. Bestalde, jakin ere bazekien euskara biziaren berri, fraidegoaren zereginek herririk herri eramaten zuten neurrian. Bazituen, hortaz, iturri agortezinak euskararena egoki moldatzeko.
Hartara, Villasante gertatu zen, Euskaltzaindiaren barruan, Euskararen Akademiari norabide osterantzekoa eman behar ziona. Berak ere aspaldiko ametsa kudeatu behar, eta euskararen batasuna mamitu, gorpuztu eta azaleratzeko hartan partaide aipatua izan behar. Bidaide ere ez nolanahikoak: Mitxelena, Aresti, Haritschelhar, Satrustegi... Nekez lortu zuen arren, haren gobernu-urteak ez ziren errazenak izan erakundearen barruan. Aita Luis Villasante. (Argazkia: Arantza Cuesta)
Villasantek, hala ere, beti jakin zuen, euskararekiko kezkarekin batera, bere ardura espiritualak agertzen. Euskaldunen eskura ipini zituen, irakurgarri: Arsko erretore sainduaren erakusaldiak (1961) eta Angeles Sorazuren bizitza (1961). Sortarik sorta, aipagarrienak dira Kristau fedearen sustraiak izenburupean osatu zuen hirukotea: Jainkoa (1962), Jesukristo (1969) eta Eliza (1984). Liburu ederrak dira harenak, prosa erabilgarria behar dugun honetan, batez ere irakaskuntzaren hainbat mailatan, eta, besterik gabe, eredu sinesgarria proposatzen digutenak. Artean, ezin bazter utzi hainbat aldizkaritan (Aranzazun nagusiki) ugari argitaratu zituen artikuluak eta bestelako liburuak.
Sarri-sarri leporatu zaio Villasanteri hango ajea edo hemengo katramila. Askoren ustez, euskara bera ito nahia, euskalkiak bultzatu beharrean, euskara batu baten peskizan eta pentzudan. Kritika gogorrak ere egin zitzaizkion, euskararen batasuna gori-gorian zela, ortografia berriaren ikuspegitik. Egun, aldiz, orduko lana beste ikuspegi batekin ikusten da eta, makurrak makur eta okerrak oker, nabari da, oro har, euskararen onerako eta mesederako izan zela hura, ezinak eta guzti. Horren lekuko bizi-biziak dira, bestalde, Villasanteren Luis de Elizalde sortako liburuak. Gutariko askok hor ikasi genituen berri-berri zetorren euskara batuaren zinak eta minak.
Aldi hartakoak erakarri zuen, neurri handi batean bederen, gaurkoa; hark ere, ofizialtasunak ekarri digun geroa ahalbidetu, eta hark ere, azkenean, gure egunotan abiada arinagoan doan euskalgintzaren oinarriak jarri zituen. Zuzen laburtu zuen Villasantek euskararen errealitatea, batik bat, gerra ondoko osin eta zulo beltzetatik atera eta arian-arian gogortu zena. 1968. urtea izan da, topikoen arabera, horretarako data erabakigarria. Lekua, Arantzazu, eta ekitaldia, han bertan Euskaltzaindiak egin zuen bilkura, euskararen batasuna zela eta.
Orduantxe bete zituen Akademiak berrogeita hamar urte. Nago, hala ere, ez ote den data horretakoa zerbait gehiago, hau da, aurreko euskalgintzak lan egiteko zuen moduarekiko haustura eta aro berri baten etorrera.
Horretan asmatu zuen Villasantek; bultzada berriari arnasa ematen eta Euskaltzaindia adi-adi jartzen, gizartean pil-pilean zegoenari buruz. Aldi orretako emaitzak dira, besteak beste, Euskaltzaindiaren barne antolakuntza berriaren pausoak, batzordeen osaera eta harrezkeroko proiektuen erroak ezartzea.
Horiek horrela, Villasantek beti jakin zuen euskararen babesa nondik bideratu, zertan gauzatu. Urte latzak izan ziren haiek, eta Villasantek, batera zein bestera, Euskaltzaindiaren legeztatze-prozesuan kide garrantzitsua izan zen. Aitortza hark ekarri zuen, hala edo nola, euskararentzat ofizialtasunaren esparrua zabaltzea. Ofizialtasun horrek behar zuen, nahitaez, euskara bera egokitzea, premia berriei erantzuteko moduan jartzea. Testuak, hiztegiak, irakaskuntza tituluak, azterketak, komunikabideak... bazetozen bala-bala, euskararen nondik norakoak moldatzen eta zertzen.
Horren erantzule eta arduradun, hizkuntzaren ikuspegitik, Euskaltzaindia bera, Aita Villasante buru zela. Zuzeneko arrangura horiek eragin zioten, urte batzuk geroago, halako saiakera sakon eta ezin hobea, ordukoak zer izan ziren eta gerokoak zer izan zitezkeen erakusteko. Euskararen auziaz (1988) dihardu Villasantek, eta bertako gaiak, gaurkoak ez ezik, pisu handikoak direla esan daiteke euskararen etorkizunean. Aita Villasante Eusko Ikaskuntza - Caja Laboral saria jasotzen. (Argazkia: Arantza Cuesta)
Hor dira, gugandik hur-hurrean, euskara eta euskalkiak, hizkuntzaren normalkuntza, prosazko tradizio sendo bat osatu beharra (Bai. Euskarak behar du prosa egiteko moldea ongi finkatua eta trenpatua izan... Hori duen egunean, euskara bere bizkar-hezurraz horniturik izanen da. Eta hori ez duen bitartean, tresna alferra izango da, gai ez dena, zeregin askotarako balio ez duena), maileguzko hitzak, lexiko berrikuntzaren premia, itzulpena (Gure hizkuntzatik besteetara eta beste horietatik gurera itzultzea: horra hizkuntza landu batentzat ezin utzizkoa den zeregina)... eta hainbat gorabehera, gure artean oraindik —eta urte askotan— eztabaidagai eta korapilatsu gertatu eta gertatuko direnak.
Andolin Eguzkitza zenak artezki laburbildu zuen, Aita Villasante zendu ondoren, haren izatea. Eguzkitza santurtziarra, Euskaltzaindian Villasanteren aulkia jabetzeko tenorean, honetara mintzo zen sarrera-hitzaldian: Eta haatik, esan dudan legez, bene-benetan sinetsita nago zorionekoa ere banaizena, izan dadin bera ezagutu nuen apurrean erakutsi zidan xalotasun eta lañotasunagatik, izan dadin beraren lagunek, lankideek eta idatzi zituenek oro agerian uzten duten handitasun urguriagatik, hain baita zabala beraren obra, hain baita beraren idazkera labur, zorrotz eta zehatz, hain baitzen handia erakusten zuen apaltasuna, eta hain baitzuen trebetasunez zuzendu Euskaltzaindia euskarak lemazain seguru eta kementsua behar zuen garai latz eta arriskutsuetan. Horra hor, labur esanda, gorazarre honen zioa.
Gorazarreak, zernahi gisaz, huts-hutsak izan daitezke, bihar-etzikoa alboratzen bada, hori baita erdiestekoa. Horretan, bistan da, Aita Luis Villasanteren itzala gomuta soila baino zerbait gehiago da egun ere, oraindik eginkizun eta irabazgarri zaigun euskararen geroan. Nola jokatu erakutsi zigun hark. Horixe da haren testamentua eta oinordetza. Harrezkeroko egitateak eta fruituak beste batzuek egin behar. Mintzo daitezen obrak.
Luis Villasante 2000ko abenduak 2an hil zen.
Lotutako artikuluak Aita Villasanteren omenez. (Patri Urkizu) MenuaGAIAK Aurreko Aleetan Inicio > EM 266 > Gaiak -->
2004/09/03-10