266 Zenbakia 2004-07-03 / 2004-09-10
(Eusko Ikaskuntza-Caja Laboral Saria, 2002) Jon Kortazar
Traducción al español
2002. urtean Eusko Ikaskuntzaren saria Bernardo Atxagari eskaini zitzaion, eta benetan oso aproposa izan zen hautapena, azken urteetan idazketa oso pertsonala eraman baitu aurrera Asteasuko idazleak.
Bernardo Atxaga Bilbon ezagutu nuen, “artean gazte eta berde” ginenean. Jesus Etxezarragak eraman ninduen Pott Bandako idazleek biltzen ziren, utzia zuten jadanik Bar Cantábrico mitikoa, Arriaga Antzokiaren jatetxera. Han biltzen ginen euskal idazleak eta handik agertzen ziren gazteleraz idazten zuten zenbait idazle ere. Juan José Ibarretxe, Juan María Otaegi, Bernardo Atxaga eta Juan José Goiriena de Gandarias Eusko Ikaskuntza-Caja Laboral Sariaren ekitaldian.
Ezagutu nuen egunean Bilboko Jesuiten ikastetxean performance bat aurkeztu zuten Pott bandakoek, toki benetan berezia abangoardiako literatura egiteko asmotan. Baina egun hartatik ezagutu nuen idazle izatea zer zen garbi zuen pertsona bat.
Jakin badakit Bernardo Atxagaren irudiak zenbait alde soziologiko hartu dituela: Euskal literatura Europako literaturen mapan jarri duela esan ohi da, edo gure zenbait historiaren berri eman dituela, gure izaera eta historia agertuz eta aztertuz.
Baina bere irudi publikoaren gainetik nik pertsona estimatzen dut: idazle bihurtu den pertsona. Ezagutu nuen egun hartan oso garbi ikusi nuen idazleak bazekiela zer zen idaztea, nola idatzi behar zen, Kirmen Uribek esango lukeen moduan, jakinda bide bat jarraitu behar dela, eta beste asko alde batera utzi. Irakurle gisa ezagutu nuen idazlea nik, eta benetan jakingarriak ziren garai hartan irakurtzen zituen liburuak. Estilo bat, erabateko eta pertsonala zen, landu zuen lehendabizi: XIX. mendeko eta ahoko espresioak maite zituen, pixkanaka-pixkanaka abangoardiako literaturatik urruntzen zutena. Gero erabateko bokazioa erakutsi zuen. Garbi zuen idazle profesionala izan behar zela eta horretarako bideak jarri zizkion bere buruari. Filosofia ikasketak Bartzelonan, autopoetika eta munduari buruzko ikuspegi sendoa izateko asmotan, lana eta lana, gauzak esateko modu zolia, idazleekin eta editoreekin harremanak, beti ere zintzo eta txeratsu. Agenteen egin beharra garbi izan zuen hasieratik eta hemengo bat aukeratu zuen, idazle lan pertsonal eta bakartiak kaleratzeko beharrezko baitu sistema baten lotura. Eta literatura sistema bat ere bazela oso garbi izan zuen idazlea dugu Atxaga.
Aztertu nuen, genuen, bere Etiopia (1978) zail hura lehenik, irentsi egin nuen Bi anai (1985) eta miretsi bere Obabakoak (1988) zoragarria, nahiz eta nire bizitzako momenturik zailenetarikoan agertu zen, miresmenez ikusi nuen bezala bere Poemas & híbridos (1990) lana. Eta gero Etika eta Estetika biltzen diren tokian lan egiten zuela, ikusi dut Bernardo Atxaga eginak zituen bideak urratzen eta beste bide batzuk jorratzen, eta ziklo errealista deitua hasten eta zabaltzen. 1990. urtean Udako Ikastaro batean Bernardo Atxagak bere estetika aldatu egingo zuela adierazi zuen. Egia da poesiaz aritu zela garai horretan, baina poesiaz eta prosaz ari zela uste dut, gerora etorriko ziren fruituak kontuan hartuz gero behintzat. Nobelen trilogia bat bukatu du gure izaeraz eta gure historiaz: Gizona bere bakardadean (1991), Zeru horiek (1995) eta Soinu jolearen semea (2004).
Balorazio eta gustu kontuak alde batera utz ditzakegu, Obabakoak edo beste hauek gehiago atsegin ditugulako alferreko eztabaida agorra ahaztu, eta begiratu bere idazle izaeraren indar guztiak herri baten sufrikarioen azterketan eman dituela ikusi eta berriro miretsi. Idazle zen lehendabizi Bernardo Atxaga, ondoren idazle izatearen zertzelada guztiak kontuan hartzen zituen idazle handia, eta ondoren Etika eta Estetika biltzen diren unean bizi den idazle nagusia. En torno a la figura de Bernardo Atxaga. (Joxemari Iturralde). MenuaGAIAK Aurreko Aleetan Inicio > EM 266 > Gaiak -->
2004/09/03-10