Orakunde Orakunde * Mariano Izeta Aspaldiko denboretan Iñauteak garrantzi haundia zeukaten, egunen izenetan eta ohituretan agertzen baitira gure aintzinekoen Iñauteko ospakizunak. Oraingoan ORAKUNDE eguna aipatuko dugu. Egun hunek zutik irauten du eta Baztango haurren besta izaten da eta urtero ospatzen dena. Egun huni ORAKUNDE deitzen diogu baina Arizkunen "Egun ttunttun" deitzen diote eta Erratzun "Ollar Dantza". Bestak eta ohiturak aldatzen dira eta Orakunde eguna ere ezta izanen hain segur gure ama zenaren denboretan egiten zuten bezalakoa. Nere oroitzean duela 70 urte edo inguru hortan, Elizondon horrela ospatzen zen ORAKUNDE. Egun batzuk lenago eskolako mutikoak gure maixuarekin biltzen ginen eta egiten ginuen bestaren antolaketak. Izendatzen ziren "pueske" biltzaileak, "bolseroak" eta gainerakoak, Bi ollar erosten ziren eta bazkari saria ere biltzen zen, hamar sos mutiko bakotxarendako eta gañerako xehetasun guziek ere maixuarekin antolatzen genituen. ORAKUNDE egunean mutiko guziak eskolan biltzen ginen eta goizeko bederatzietan abiatuko ginen eta denak "prozesionean" bandera aintzinean eta txistulariak , Herriko Apeza, Herriko Alkate, maixua eta mutiko guziak bi lerrotan, yoaten ginen elizara. Meza ondoren herriari itzulia, "puskek" eta sos biltzen. Txistulariek soñu alaietan eta holaxe eguerdi arte. Biltzen zenakin, "txistor", "zinger", "arroltze", "ogia" eta ematen zutenarekin ostatuan bazkaria. Mutiko guziak han bildurik bere maixu, Alkate eta apeza ere denak mahi inguruan yarririk. Otordua hau zen: "paella", "patata tortilla", "txistorra" eta postretako naranja bana. Ardo pixka bat, ura eta ogia. Ardo pixka horrekin baziren "pinpirrintzen" zirenak ere. Maixu, Apez eta herriko Alkateak bazkari hobea zuten, bixtan da. Erran dezadan ere neskatikoak ez zirela bazkarian sartzen, hauek arratsaldeko dantzan aritzen ziren. Bazkalondoan biltzen ginen herriko plazan eta han "ollar yokoa" ospatzen zen. Bi taldeetan berezten ziren mutikoak adinaren arabera eta yokoaholaxe egiten zen: Plaza buruan lauze bat kendu, zilo bat egin eta barna hartan ollarra sartu, lurrez estali eta burua bakarrik agertzen zitzaaiola. Plazako bertze muturrean mutiko taldea, begiak oial batekin estaliak eta zurezko ezpata eskuan. Maixuaren esku zartaren soñua entzunik, denak abiatzen ziren ollarraren bila eta itsu itsuan deus ikusi gabe. Ollarraren burua ezpatarekin ukitzen zuena izanen zen irabazle eta ollarra beretako. Lenagoko denboran ollarra maixuari ematen zitzaion opari moduan baina gure denboran ez zen holakorik, ollarra harrapatzen zuenak bere etxera eramaten zuen. Lenbiziko ollarraren yokoa eginik, bigarren ollarrarena egiten zen eta hemen bertze mutiko talde bat, gazteagokoak. Ondotik izaten genituen zinta edo xingolaren lasterketa. Xingolak ezartzen zituzten karrete batean inguraturik eta soka batetik dilindan. Mutikoak ban banaka lasterka xingolaren ustaian eskuan zeukaten zurezko ziria sartu beharrez. Bakotxak bat bakarrik har zezaken eta gero xingola hoiek neskatikoeri erregalatzeko izaten ziren, beren dantza lagunarentzat. Ollarra harapatzen zuena izaten zen "Danbolin Nausi" eta bere gogoko neskatikoa hartzen zuen laguntako "Danbolin Etxeko Andre" bezala. Neskatikoak ezarriko zuen xingola bere soin buruan eta holaxe "Soka Dantzan" biek aintzindari eta bertze gainerako mutiko eta neskatiko denak parekatuak heken gibeletik soka lerroan yarraikiz. Txistulariekin batean herriari itzuli ttipi bat eginik eta soka dantzan, berriz plazara. Hemen atsalde guzian dantzan, "Jo ta Purrusalda" denak alai ta yostakin. Ilun ezkilean soñua geldituko zen eta denak etxera, ORAKUNDE eguna ederki iraganik. Denborak aldatzen dira eta orain, eta yadanik baditu 25 urte, neskatikoak ere bestaren barnean sartzen dira eta mutikoekin batean ospakizun guzietan partaide, "puskek" eta sos biltzen, bazkarian, ollar yokoan, yosteta guzian mutikoak bezala. Norbaitek erranen du: "hala behar ere". Mariano Izeta, folklorezalea.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.