786 Zenbakia 2024-11-21 / 2025-01-15

Gaiak

Proto-euskaraldia

PIERRE, Thomas

Antropologoa

Umetan, udan, gure aitona-amonen etxean, amatxiren eguneroko euskaraldien lekuko izaten ginen. Bazkalostean, bere ahizpek atea jo eta, keinu batez, barrura sartzen ziren. «Bada norbait txabola honetan!», oihukatzen zuen beti haietako batek, haren etorreraz ohartaraziz. Gozo batzuk ekartzen zituzten, eta gurekin pasatzen zuten une bat egongelan. Nire anai-arrebekin eta lehengusuekin, euskarazko hitz batzuk zilegi ziren: “viens faire muxu”, “viens faire goxatu”, “ze neska polita”, “kasu muthiko, xintxo”, “atzemanen zaitut”... Trukean, txantxa moduan, amatxiri «etxeko andre» deitzen genion, eta berak irri egiten zuen sarritan. Oraindik ez genekien, baina ezizen horrek gogora ekarriko zion, gure begietara «etxeko andre» bihurtu aurretik, «neskame» izan zela Parisen. Neskamea, bizimodua ateratzeko modu bat, patu klasiko bat, Etxahun Iruriren «Oi ama Euskal Herri» abestiak eta Benito Lertxundiren bertsioak betirako gorde dutena. Neskamea, arau baten eta, gero, habitus baten ondorio zuzena, antzinako euskal legearen aplikazioa. Lege horren arabera, premuak bakarrik heredatzen du etxea. Hark jasotzen du etxea kontserbatzeko eta haren premian direnak hartzeko eskubidea eta betebeharra. Mundu osoko milioika pertsonak bezala, gure bizitzaren zati bat marko juridiko baten aplikazioari zor genion, euskal premutasun integralari.

Mahaiaren inguruan eserita, gure izeba-amonek diskretuki eskutik heltzen ziguten, eta, besteak jabetu gabe, bakoitzak sos batzuk ematen zizkigun; «nahi duzuna erosteko», xuxurlatzen ziguten belarrira. Gero, guk eskatuta, euskaraz kontatzen irakasten ziguten. Kantatuz kontatzen: «Bat, bi, hiru, lau, bortz, sei, zazpi, arrantzaleek dute denek irabazi bandera...». Kantuetan, konplizitate bat gauzatzen zen, «Haurrak ikas zazue euskaraz mintzatzen...», «Eusko euskotarrak gira ta maite dugu aberria Euskal Herria...», «Eki eder sutan bero...», «Andre Maddalen...», «Ixil ixilik dago...», «Ene aitak amari gona gorria ekarri...». Kantatu eta barre egiten genuen. Udako bisitan geunden, eta gure subjektibotasunaren sakonune malenkoniatsu eta nostalgikoek ahalik eta gehien aprobetxatzen zituzten une horiek. Haien munduaren parte izateko abesten genuen. Haien mundua erakargarria, xumea eta maitekorra zen, eta orduan ere, horrela adierazi ezinik, mundu haren sakontasuna eta hauskortasuna sumatzen genituen. Kantatu egiten genuen. Harritu egiten ziren gustatzen zitzaigulako. Gure mestizoei zergatik axola zaie gure hizkuntza txikia pentsatuko zuten. Haiei ere gustatzen zitzaien: agian ez gara azkenak izango. Eta guri gustatzen zitzaigun haiei gustatu izana. Abesten genuen, eta denok barre egiten genuen, tabua hausteko bezala, ulertu gabe kantatzearen paradoxari zentzua emateko bezala, hizkuntza transmititu ez izanaren ezinegona uxatu nahian, soinu eta melodien bidez partekatze sinboliko baten jarraipena ospatzeko bezala.

Handik pixka batera, amatxi eta bere ahizpak sukaldera joaten ziren. Eseri egiten ziren, eta, kafe bat hartzen zuten bitartean, euskaraz hitz egiten zuten, haien hizkuntzan. Frantsesetik euskarara pasatzeko, espazio mentala aldatzeko, espazio fisikoa aldatu behar baitzuten, beste gela batera joan, gugandik eta aitatxirengandik urrun. Elkartu behar izaten zuten kezkatzen zituenaz hitz egiteko. Orduan, sukaldeak berez hartzen zuen haien sortetxearen forma. Abbadia eremuaren aldamenean zegoen baserria bihurtzen zen sukaldea. Etxe hark dimentsio sakratua zuen haientzat eta haien ondorengoentzat. Sakratua, horra hor hitz egokia. Baserriaren irudi bat egoten zen Hendaiako familiako etxe guztietan, amatxirenean, bere anai-ahizpenean, ilobenenean, kanpoan bizi ziren ondorengoen etxeetan, gurean, guztion etxean. Koadro bat edo kontu handiz markoztatutako argazki bat egoten zen. Jatorri baten irudia. Istorio batekiko errespetua. Oroitzapena.

Sukaldean, ahizpak euskaraz biltzen ziren. Sukaldea egokia zen horretarako. Egongela eremu arrotza izan ohi da baserrietan. Lekuz aldatuz, esan nahi zuten ez zigutela enbarazurik egin nahi, ez zutela gure aurrean elkarrizketa luze bat euskaraz eduki nahi. Ez zuten nahi gu deseroso sentitzea. Hori ez zen egokia. Hori ez zen egiten. Beharbada, ez ziguten euskaraz hitz egitearen estigma transmititu nahi. Estigma hori ukatu zieten seme-alabei. Eleaniztasunaren deserosotasuna saihesteko eta garai berriak osoki besarkatzeko. Euskal munduaren mendekotasunak berezkoa duen sufrimendua saihesteko, agian. Beraz, bakartu egiten ziren. Edo ia. Ezin diozu zeure buruari erabat uko egin. Ezin zara doinu zaharretatik hain erraz urrundu. Inoiz ez dute sukaldeko atea guztiz itxi. Beti egon zen erdi irekita. Zeharkatu zitekeen muga bat. Eta, jakin-minez eta inbidiaz, batzuetan diskretuki hurbiltzen ginen eta entzun egiten genien. Batzuetan atea gurutzatzen genuen edozein aitzakiarekin, eta entzun egiten genuen, ez gehiago jakiteko, gehiago entzuteko baizik. Gustura kantatzen genuen hizkuntza dastatu nahi genuen. Ate erdi ireki hura gonbidapen bat eta baimen bat zen. Itxaropenez beteriko zubia. Gure esku zegoen ondoren zer egin erabakitzea. Gure esku zegoen euskara ikastea.


Eusko Jaurlaritza