![](https://www.euskonews.eus/0786zbk/argazkiak/gaia78601.jpg)
Gaiak
Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuari buruzko gogoeta
Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuaren lehendakaria
“Elkartzen gaituena. Herri ituna(k) jendartearen eta lurraldearen kohesiorako” izan da Eusko Ikaskuntzaren XIX. kongresuaren leloa.
Lelo horren aterkipean, urriaren bitik laura, Euskal Herriko jendartearen eta lurraldearen kohesioa hobetzeko eman beharreko pausuen inguruan hausnartu dugu. Etorkizuneko euskal gizartea eraikitzeko erronkak eta aukerak aztertu ditugu, eta gizarte inklusiboagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko funtsezko zutabeak zehaztu.
Hillary Cottamen eman zuen kongresuko irekiera hitzaldia. Radical Help (2018) liburuaren egileak bizi garen gizarteak eta gure bizimodua beste era batera antolatzearen garrantziaz hitz egin zuen; gizakien arteko harremanetan oinarritutako gizarte azpiegiturak eta bizimoduak sortu behar direla esan zuen. Bere ustez, ongizate egiturak zaintzan, elkar-laguntzan, gizartean rol desberdinak dituzten –agintariak, gizarte zibila eta enpresariak- arteko harreman horizontaletan eta naturaren zainketan oinarritu behar dira. Pertsonak egon behar dira gizarte zerbitzuen, osasun programen eta ongizate egitasmoen erdigunean. Gizarte berrikuntzaren gakoa ez dago soilik baliabide gehiago izatean, giza harremanak ulertzeko eta sustatzeko daukagun modua aldatzean baizik. Elkarterik gabe indarrik ez da.
Hillary Cottamen ostean, euskal eredu sozio-ekonomikoa eta etorkizuneko ongizatea birdefinitzearen beharraren inguruan hausnartu zen. Jasangarritasun ekonomikoa, soziala eta anbientala behar ditugula azpimarratu zen. Eta hori lortzeko, ezinbestekoak dira justizia soziala, enplegu duina, herritarren beharrizanak asetuko dituzten etxebizi-politikak, genero desberdinasunak murriztea, ingurunea zaintzea eta belaunaldien arteko elkartasuna.
Andoni Eizagirrek azpimarratu zuen bezala, trantzizio hori Euskal Herriak duen neurriaz jabetuta egin behar da, “guretik pentsatu eta lan eginda”.
Bigarren egunean, urriaren 3an, Jendartea ardatzean, Eusko Ikaskuntzaren baitan 2019az geroztik landu diren lau ikerketa-egitasmo aurkeztuko ziren
- Euskal Nortasuna(k) XXI. mendera begira.
- Euskal Hezkuntza Sistema.
- Kultur eskubideak: parte-hartze eta gobernantzarako politikak
- GizarteLAB: gizarte berrikuntzarako esperimentazio laborategia.
Bigarren eguneko hitzaldi, mahai inguru eta gogoeta guztietan, argi agertu zen ezinbestekoa dela komunitatearen zentzua indartzea, eta, horri lotuta, balio soziokomunitarioak lantzea. Gizarte kohesioak aniztasunari, kulturartekotasunari, hezkuntzari, kultur eskubideei, bizikidetzari eta identitateari arreta jartzea eskatzen du. Komunitatea indartzeko berdintasun eta inklusio politikak, parte-hartzea, gobernantza demokratikoa, identitate zibikoak eta herritartasun aktiboak garatu behar dira. Gero eta anitzagoa izango den gizartean, euskara, kultura eta hezkuntza kohesiorako tresna egokiak izan daitezke.
![](/0786zbk/argazkiak/gaia78601_01.jpg)
Kongresuak herri gisa non gauden eta nora joan beharko genukeen erakutsi digu.
GizarteLAB: Gizarte berrikuntzarako esperimentazio laborategiko kideek erakutsi ziguten bezala, eredu berriak sortzeko eta herritarrek komunitate berri baterako trantsizioa egiteko, tokian tokiko proiektu pilotu berritzaileak eta esperimentalak sustatu behar dira. Herritarrak ahaldunduz, herritarren artean trantsizioko gizarte-gaitasunak garatuz, tokiko erronkei aurre egiteko gai izango diren komunitateak sortuko dira.
Bigarren egunean, kongresuko gaien inguruan hausnarketa egitera bultzatu gintuen Kukai dantza-taldearen ikuskizunak. Ikusi eta entzun egin genuen, baina Kukaikoek gogoetara ere eraman gintuzten. Hainbat sortzaileren laguntzarekin (La Furia, Adriana Bilbao, Arkaitz Miner, Edurne Azkarate, Akira Yoshida, Aitor Etxebarria, Mixel Etxekopar, Odei Barroso, Leire Vargas, Xabier Solano Garmendia, Janela, Sua Enparantza eta Zuberoako Berritza elkartea), eta dantzaren, bertsoen, olerkien, musikaren...hizkuntza erabiliz, kohesioari, aniztasunari, euskal gizarteak bizi dituen aldaketei eta etorkizunari buruz hausnartzen lagundu ziguten. Ikuskizun eder hartatik markatuta eta pentsakor atera ginen guztiok.
Hirugarren egunean, urriaren lauan, Euskal Herriko lurraldeen arteko kohesioa eta landa-ingurunearen garapen orekatua sustatzearen garrantziaz hitz egin zen. Horretarako, tokiko ekonomia, ekintzailetza eta zerbitzuak bultzatzeaz gain, parte-hartze komunitarioa eta gobernantza demokratikoa indartu behar direla azpimarratu zen. Mugaz gaindiko lankidetza ere bultzatu beharra dago, eta subiranotasun lurralde gatazkak kudeatzeko eta gainditzeko modu berriak bilatu behar dira.
Gobernantza demokratikoaren beharra askotan aipatu zen hiru egunetan zehar. Zentzu horretan, Cristina Lafontek, Demokrazia bidezidorrik gabe: nola indartu herritarren parte-hartzea populismoaren eta teknokraziaren aurka izenburua zuen hitzaldian, herri batzarren alde egin zuen. Bere ustez, herri batzarrak arduratzen gaituzten gaien inguruan gogoetarako eta proposamenak egiteko gune egokiak dira. Herritarren arazoei irtenbideak emateko eta modu kohesionatuan aurrera egiteko, ezinbestekoa da inguruko beste pertsonek zer pentsatzen duten jakitea, eta eurekin eztabaidatzea.
Kongresuan baieztatu dugu gure harremanak, ekonomia, lurraldea antolatzeko moduak, kultura edo hezkuntza birdefinitu beharra dagoela, eta horretan eragile sozial, ekonomiko eta politiko guztiak inplikatu behar direla.
Kongresuak erakutsi digu Euskal Herrian dauden desberdintasunak murrizteko martxan jarri behar diren politiken edo/eta hartu behar diren erabakien inguruko adostasunak badaudela. Komunitatearen eraikuntza, balio soziokomunitarioak, herritarren parte hartzea, hezkuntza, euskara, kultura, mugaz gaindiko lankidetza, ekonomia iraunkor eta soziala, teknologia eta berrikuntza eta Ingurumenaren zaintza eta iraunkortasuna ezinbesteko palankak dira gizarte kohesionatuagoak lortzeko.
Kongresuak herri gisa non gauden eta nora joan beharko genukeen erakutsi digu. Eta zera baieztatu digu: begia bete lan daukagula.
Guztira, 919 pertsonek izena eman dute Kongresuan baina, ezin dugu ahaztu, bertan aurkeztu diren proiektuetan azken lau urtetan ibili direnen kopurua bataz beste 1.500 lagunena izan dela. Urriaren 2tik 4ra lau hizlari gonbidatu egon ziren, lau mahai-inguru, bost aurkezpen-koralak, bi hitzaldi kokapen marko gisa eta Eusko Ikaskuntzak garatutako sei proiekturen aurkezpena. Orotara, beraz, Europa Jauregiko oholtzatik 110 pertsona igaro ziren hiru egunetan.
Euskal Herritik kanpo etorritako hizlarien (Hillary Cottam, Maria Angeles Duran, Cristina Lafont, Lola S. Almendros...) zein euskal ikerlari eta pentsalarien hitzaldiak kalitate onekoak izan dira, eta Euskal Herriaren etorkizuna markatuko duten gaien, erronken, nahien, proposamen...inguruan gogoeta sakonak entzun ahal izan ditugu.
Kongresutik aberastuta atera gara, eta ideia berriekin. Argi geratu zaigu gaietan sakondu eta eztabaidatzeko gogoa bizia dela. Izan ere, partaideek agerian utzi duten esparru bat parte hartzearena izan da, alegia, gaien inguruan galdera berriak egin, adituekin zuzen-zuzeneko elkarriketa izan, bide berriak ireki…behar direla. Ziur gaude, Eusko Ikaskuntzak ildo berriei heldu eta partaidetzarako aukerak emango dituela.
Artikulu hau eskerrak emanez bukatu nahi nuke:
- Eskerrik asko kongresua antolatzen aritu diren Batzorde Zientifiko eta Batzorde Antolatzaileko kide guztiei.
- Eskerrik asko kongresuko hizlari guztiei.
- Eskerrik asko kongresua babestu duten agintari eta erakunde guztiei.
- Eta eskerrik asko kongresuan parte hartu duzuen guztioi.
Guztion lanaren eta partehartzearen emaitza da urriaren bitik laura bizitakoa.