786 Zenbakia 2024-11-21 / 2025-02-15

Gaiak

Erresistentzia antifeministak gazteen artean: plataforma digitalek areagotutako arrakala

BERASATEGI ZEBERIO, Miren

Gazteek, bereziki gizon gazteek, sexuen arteko berdintasuna nola ikusten duten kezka iturri izan da azken urtean, bereziki Espainiako CIS Ikerketa Soziologikoen Zentroak joan den urtarrilean argitaratu zuen txostenean bildutako datuen harira. Hedabideetan gehien zabaldutako datuetako bat izan zen gizonezkoen %44a “nahikoa ados” edo “oso ados” dagoela honako baieztapenarekin: emakumeen berdintasunaren sustapena oso urrun iritsi da, orain gizonezkoak diskriminatzeraino. Txosten beraren arabera zifra hori ia %52koa da gizon gazteen kasuan, 16 eta 24 urte bitartekoen artean: adin-tarte guztien artean altuena. Gizon eta emakumeen arteko desparekotasuna “oso txikia” edo “ia existitzen ez dena” dela uste du gizon gazteenen %66ak; aldi berean, emakumezko gazteen %68aren iritzia kontrakoa da, desparekotasuna “nahiko handia” edo “oso handia” dela, hain zuzen.

Arartekoaren bulegoak irailean argitaratutako “Jarrera matxistak Euskadiko nerabeen eta gazteen artean” azterlanaren ondorioek ere antzeko irudikapena egiten dute. CISen txostenean bezalaxe, honetan ere ikus daiteke gazteek “argi eta garbi bereizten dituzte[la] sexu bati beste bati baino gehiago dagozkion ezaugarriak, eta femeninoari eta maskulinoari buruzko imajinario kontrajartzeko joera dago”; eta bestalde, gizartearen desparekotasunaren gainean, “emakume gazteak askoz kritikoagoak dira gai horri dagokionez, eta emakumeek eta gizonek hautematen dutenaren arteko aldea handitu egin da azken urteetan”.

Ikerketa hauetan jasotako datuek adierazten dute gazteek aurreko belaunaldiei egozten dizkietela bereziki sexismoarekin lotutako egoerak eta jarrerak, eta desparekotasuna hobetu dela irizten dutela, orokorrean. Honek, emakume eta gizon gazteen ikuspegi ezberdin edo ia kontrajarriekin batera, “zaildu egiten du diskriminazio mota horren egiturazko izaeraz jabetzea” Arartekoaren txosteneko hitzetan, eta jabetzea zailtzen duen neurrian, zaildu egiten du baita ere berdintasunean pausoak ematen jarraitu edo emandakoak bermatzea. Honi ematen zaio, hain zuzen, erresistentzia antifeminista izena.

Emakunderen babesarekin egindako Resistencias antifeministas / Erresistentzia antifeministak lanaren ondorio nagusia da erresistentzia antifeministak orokortuak direla, eta egungo ingurune digital eta datifikatuak arindu baino, areagotu egiten dituela. Erresistentzia antifeministak behin eta berriz agertzen dira berdintasunera bidean aurrera pausoak egiten diren heinean: desparekotasuna dute oinarri, eta desparekotasun hau mantentzeko aktibatzen dira, auzitan jarria ikusten den bakoitzean. Feminismoaren lehen olatutik hasita identifikatu dira erresistentziazko erreakzioak (2018an #MeeToo mugimendua sortu zenean hari kontrajarrita sortu zen #HimToo, adibidez), baina gaurko plataforma digitaletan denbora errealean eta masiboki hedatzen dira. Informazioaren gizartean, berdintasunerako bideak erraztu baino gehiago, desinformaziorako (genero-desinformaziorako, besteren artean) autobideak eraiki ditugula esan genezake.

Ez da bakarrik aurrerabidea oztopatu egiten dela, plataforma digitalen eduki-hautaketa algoritmikoak (eskuin-)muturreko edukiak hobetsi ohi dituelako; ingurune digitalean gertatzen den indar atzerakoien metatze honek benetako gizarte-eraginak, errealak, izaten ditu, eta lorpen sozialak atzera ekartzeko ahalmena erakutsi izan dute. Denboran urrunegi joan gabe, 2022an Estatu Batuetako Gorte Gorenak 1973tik indarrean zegoen aborturako eskubidea atzera bota zuen. Emakume ugari ari dira abortatzeko zailtasunak aurkitzen Estatu Batuetako hainbat estatutan, eta ez dirudi bertan izandako hauteskundeen emaitzek egoeraren hobekuntza bat ekarriko dutenik.

Erresistentzia antifeministak, beraz, gizarte-aldaketa progresistaren ahaleginen aurrean ematen diren erantzun saihetsezin bezain negatiboak dira. Hainbat forma har ditzakete: arazoaren ukapena, norberaren ardurarik ez onartzea, ekintzarik eza, baretu nahia, apropiazioa edo errepresioa. Nabarmentzekoa da erreakzio antifeministak ez direla gertatzen berdintasuna lortutakoan edo berariazko pausoak ematean bakarrik; horietarako aukeraren bat dagoenean ere aurkitzen dira.

Erresistentzia antifeministak areagotzeko bidea dute sarean, eta honek bereziki eragiten die gazteei.
 

Digitalizazioak baldintzatua da errealitatearen irakurketa egiteko gaitasuna, geroz eta gehiago. Guztiontzat, baina gazteentzat bereziki: Ikusiker ikus-entzunezkoen behategiaren azken txostenaren arabera, plataforma digitalak erabiltzen dituzte informatzeko, hedabide tradizionalak baino askoz ere gehiago, bereziki gizonezkoek. Zehazki, X/Twitter da plataforma erabiliena informazioa jasotzeko gizonezkoen %45,5arentzat, eta Instagram emakumezkoen %39,6arentzat. Nabarmentzekoa da baita ere emakumezkoek gehiago jotzen dutela Instagram eta TikTok bezalako irudian oinarritutako plataformetara; datua bat dator hasieran aipatutako txostenetan agertzen denarekin, emakumeak bereziki irudiaren diktaduraren menpe aurkitzen dutela euren burua, alegia, eta era honetako plataforma digitalek areagotu egiten dutela presio hori. Bide batez, emakume gazteek plataforma hauek eurei proportzioz kanpo eragiten dieten diskriminazio-eremu bezala identifikatzen dituzte Arartekoaren txostenean.

Erresistentzia antifeministak areagotzeko bidea dute sarean, eta honek bereziki eragiten die gazteei. Desberdin eragiten die gainera, emakume edo gizon direnaren arabera, eta honek aldi bereak atzeraelikatzen ditu erresistentziak eta batzuen eta besteren pertzepzioen arteko arrakala. Honetan paper nabarmena jokatzen dute lehen aipatutako moduko plataformek: X/Twitter, Instagram, TikTok, edo Youtube. Ezaugarri amankomunik badute, honakoa litzateke: edukia algoritmo bidez sailkatuta erakusten digute. Garai batean berriena lehenengo erakusten baziguten ere, aspaldi beste irizpide batzuk (zehatz ezagutu ezin direnak) darabiltzate ordena hori zehazteko, “gure interesen” arabera. Atentzioaren ekonomiaren interesen arabera esan behar genuke, zuzenago: gure arreta ahalik eta luzeen lotuta mantentzeko helburuarekin aurkezten zaizkigu edukiak. Eduki-mota batekin denbora gehiago ematen badugu, edo interakzio gehiago izateko joera badugu (atsegin dut adierazi, edo gure kontaktuen artean zabaldu), algoritmoak eduki hori hobetsiko du, beste motatako edukia erabat desagerrarazi arte.

Fenomeno honen ondorioari iragazki-burbuila esaten zaio. Oharkabean, erabaki kontzienterik hartu gabe, edukiarekin harremantzeko dugun moduaren bitartez algoritmoak “pertsonalizatu” egiten du erakusten diguna, ahalik eta denbora gehien eman dezagun pantailaren aurrean. Honen ondorio zuzenena nabarmena bezain kezkagarria da: ez dago “internet estandar” bat, filtratu gabeko bat. Ez da askotan erraza honetaz ohartzea, ez baitugu modurik jakiteko guk ikusten duguna besteek ikusten dutenetik ezberdina dela, eta zertan den ezberdina. Iragazki-burbuilek norberaren informazio-unibertso pertsonal eta bakarra osatzen dute: burbuila barrura sartzen dena sareko edukiekin dugun jokabidearen araberakoa da, baina ez dugu erabakitzen zer sartzen den eta, are garrantzitsuago, ez dugu ikusten zer geratzen den kanpoan. Pertsona bakarreko munduak (burbuilak). Indibidualismorako, “ni” “bestea”ren kontra paradigmarako, haztegi ezin hobea.

Jakina da algoritmoek isuriak, genero-alborapenak ere bai besteren artean, barneratu eta areagotzen dituztela. Horrelakoetan “haluzinatu” egiten dutela esan ohi da, modulatu beharreko akats batzuk egiten dituztela. Kontuan hartu beharrekoa da algoritmo hauei ematen zaien erabileraren arabera, adibidez errealitatearen irudikapena eraikitzeko (hau da, informatzeko) erabiltzea, “mundu errealeko” eraginak dituztela. Beste hitzetan esanda, eremu digitaleko isuri edo alborapenek egiazko diskriminazio eta desparekotasuna sortzen dute.

Azken urteetan ari dira ikerketak agertzen, bai erresistentzia antifeministen gainean, baita ikasketa automatikoko algoritmoen isuri edo alborapenek dituzten ondorioen gainean ere. Aipatutako ikerlanek agerian utzi dute bien arteko elkar-eragina nabarmena dela, eta bereziki gazteen artean, bizitzaren zati esanguratsua plataforma digitaletan ematen duten neurrian, dagoeneko agerikoak diren ondorioak ikus daitezkeela. Ikerketan jarraitu beharra dago hauek bezalako fenomeno konplexuak behar bezala ulertu ahal izateko. Baina bereziki, kostu sozial handia izan duten hainbat lorpenetan atzera ez egiteko, eta aurrera pausoak ematen jarraitzeko modua zehazteko: aurrean ditugun erronkek eskatuko digute.


Eusko Jaurlaritza