786 Zenbakia 2024-11-21 / 2025-01-15

Gaiak

Paisaia eta lurraldetasuna Euskal Herrian

OSTOLAZA PORQUERES, Maitane

Perpinyaneko Unibersitatea

Euskal paisaia, gaur egun ezagutzen dugun bezala, kultur prozesu konplexu baten emaitza da, XIX. mendearen hasieratik XX. mendearen erdi alderarte iraungo duena. Prozesu hau Europako kultura erromantikoaren barnean emango da eta industrializazioa eta Estatu-nazio modernoen sorrera izango ditu bidelagun.

Paisaia diziplina ugariren interesgune bihurtu da azken urteotan, arkitekturatik edo hirigintzatik filosofiaraino, antropologiatik, ekologiatik eta historiatik igaroz, arte eta literatur ikasketak ahaztu gabe. Kontzeptu konplexua izanik, diziplina anitzeko hurbilketa eskatzen du.

Hemen paisaiaren gaiari historia kulturalaletik ekingo diogu, eta paisaiaren eta euskal nortasunaren arteko harremanak azalduko ditugu. Ikuspegi honetatik abiatuta, paisaia bitarteko errealitate bat bezala ulertuko dugu, espazio fisikoari bere materialtasunean so eginez eta gizarte bakoitzak espazio horri ematen dizkion esanahiak kontutan hartuz. Honenbestez, paisaia, aldi berean, natura eta kultura dela esango dugu, errealitate fisikoa eta kultura-parametro jakin batzuetatik hautemandako espazioa. Horrela ulertuta, paisaiak modu aktiboan parte hartzen du identitate indibidual eta kolektiboen eraikuntzan.

Euskal Herriko kasuan natur esparru jakin batzuei goiz erantsi zitzaizkien esanhai historiko eta nortasun balioak. Wilhelm von Humboldt filologo eta idazle erromantiko alemaniarrak (Alexander von Humboldt geografoaren anaia zenak), esaterako, XIX. mendearen hasieran Euskal Herrira egindako bidaiaren inguruan idatzitako liburuan, euskaldunen nortasuna geografian oinarritzen du. Humboldtek Pirinio mendien eta ozeanoaren arteko loturaz osatutako paisaia bikainean kokatzen ditu euskaldunak. Gainera, hauen izakera berezia euskal naturaren osagaien interpretazio kulturaletik abiatuta azaltzen du. Bere idazlanetan mendia babesleku eta gotorleku bihurtzen da, euskaldunei atzerriko inbasioak geldiarazteko aukera ematen diena; itsasoak, aldiz, euskaldunen oparotasun komertziala eta mundura irekitzea ziurtatzen ditu. Honenbestez, Euskal paisaia, idazle alemaniarrak zeharkatzen dituen lurraldeen eszenatoki soila izateari utzi eta "euskal berezitasuna"ren funtsezko osagai bilakatzen da, euskal arima edo volkgeist-aren izpilu.

Hala ere, industrializazioaren aurrerapenarekin batera, Europan indarrean jarri ziren landa-korronteak, edo korronte erruralistak, izango dira herri-paisaien eraketari behin betiko bultzada ematen diotenak, herri-kultura erromantikoen balioa nabarmentzeko ahaleginean. Landa-diskurtsoek, lurra bi modutan ulertzen dute: batetik, nekazariek bizi diren eta lantzen duten eremua adierazten du; eta bestetik, nekazari-familien arbasoen errautsak gordetzen dituen espazio fisikoa. Bi esanahiak uztartzen diren neurrian, lurra herri-kulturen funtsezko euskarri bihurtzen da.

Ruralismoak foruzaletasunean izango du bere euskal baliokidea. Foruen defentsan oinarritutako ideologia kontserbadore honek, lehen karlistaldiko urteetan (1833-1839) azaldu bazen ere, XIX. mendearen azken aldera ezagutuko du gorakada nabarmena, foruen galtzearekin batera (1876ko uztailaren 21eko abolizio-legearen ondoren) eta euskal esparru politikoan korronte nagusi bihurtuko da. Foruzaletasunak landa-mundua idealizatzen du, eta, honekin batera, landa-paisaiak, zeinak, industrializazioaren eraginez eta Espainiako lege zentralizatzaileen ondorioz, desagertzear zegoen euskal zibilizazio tradizionalari eusten zioten. Honenbestez, Goizueta, Arakistain, Navarro-Villoslada edo Trueba bezalako idazle foruzaleek beren idazlanetan paisaia ulertzeko eta hautemateko modu berria asmatzen dute, Euskal Herriko zenbait naturguneei balio mitiko eta historikoak erantsiz, eta honela, paisaia euskal nortasunaren erdigunean kokatuz. Honenbestez, elementu naturalez eta kulturalez osatutako euskal paisaiak behin betiko itxura hartzen du XIX. mendearen amaieran. Paisaia horren irudikapenean honako ezaugarriak nabarmentzen dira: baserriz zipriztindutako mendi eta haranak, lurra goldatzen ari diren nekazari fededunak, paisaia euritsuak edo elizen inguruan sortutako herrixka bitxiak.

Halaber, landa-eremuen zentraltasunak, eremu hauek mundu tradizionala sinbolizatzen duten neurrian, paisairi bestelako gaitasuna ematen dio, paisaiak euskal zibilizazio tradizionala naturan ainguratzen eta nortasun-diskurtsoak naturalizatzen laguntzen baitu. Horrela, euskal paisaia, paisaia ideal edo "absolutu" gisa ulertuta (Claude Reichlerrek, Suitzako paisaia erromantikoak ezaugarritzeko asmatutako nozioa erabiliz), XX. mendearen hasieratik aurrera egin zen ezagun, batez ere euskal kostaldearen inguruan garatutako turismo hasiberriak lagunduta, eta komunikabide modernoei esker, hala nola prentsari, argazkigintzari edo zinemari esker.

Euskal paisaiaren erabilera politikoak eta identitarioak areagotu egin ziren XX. mendeko lehen hamarkadetan, euskal nazionalismoaren sorrerarekin eta sendotzearekin batera.
Korronte politiko horrek, hasieran paisaia euskal nortasun-adierazleen artean sartzen ez bazuen ere, laster konturatuko da naturak euskal nazioari materialtasun sentibera eta iraunkorra emateko duen ahalmenaz eta, honenbestez, paisaia sinbolo natural gisa erabiliko du. Abertzaleen diskurtso eta praktiketan, batez ere txangozaletasunean edo mendizaletasunean oinarritutako mugimenduei esker, abertzaleek naturari buruzko gramatika berri bat sortzen laguntzen dute eta euskal paisaia nazio eta naziogintzatik abiatuta berrirakurriko dute. Horrela, abertzaleek, euskal paisaia euskaldunen ondare kolektibo gisa balioan jarriko dute eta, honenbestez, herria nazionalizatzeko beraien programaren barruan sartuko dute.

Itsasoari dagokionez, nahiz eta tradizio erromantikoaren eskutik euskal paisaiaren parte izan –Vicente Amezagak El hombre vasco (1967) izeneko liburuan euskal nortasuna itsasoaren eta mendiaren "batasun emankorretik" sortu zela esaten digu– euskal paisaiaren prototipoa batez ere landa-paisaiarekin eta mendiko paisaiarekin identifikatuko da. Industrializazioaren ondorioz euskal gizarteak XIX. mendearen amaieran bizi izandako identitate krisiarekin bat eginez, mendigoizaleei esker euskal mendiak ezagutzera ematen dira eta euskal paisaiaren epizentroan ikusiko ditugu. Atzerriko inbasioen aurrean tinko eutsiz eta euskalduntasunaren gordeleku bilakatuz (hots, foruen, erlijioaren, euskararen edo baserritar bizimoduaren bebesleku), mendiek esanahi berriak bereganatuko dituzte. Horrela, 1920 eta 1930 urteetan askatasun ideiarekin bat etorriko dira; beranduago berriz, frankismo garaian, euskal erresistentziaren metafora bihurtuko dira.

Euskal paisaiaren eraikuntza kulturalaren prozesua amaitutzat eman daiteke XX. mendearen erdialdera. Orduz gero, paisaia eredugarri edo idealizatu hori, euskal nortasunarekin bat datorrena, etengabe irudikatuko da, bai euskaldunen artean, bai Euskal Herritik kanpo, euskarri anitz eta askotarikoak erabiliz, argazkigintzatik edo zinematik hasi eta literaturaraino, gida turistikoetatik edo euskal produktuak sustatzeko kanpainetatik igaroz.

Azken batean, euskal paisaia, erromantizismoaren eta foruzaletasunaren esparruan kulturalki sortua, euskal nazionalismoak nabarmenki berreraikia, turismo, txangozaletasun edo mendigoizaletasun praktikei esker euskaldunen imajinario kolektiboan ainguratua, euskaldunen identitate-ispilu bihurtzen da, balio historiko, mitiko eta kulturalak kondentsatuz. Paisaiak, horrela, euskal nortasuna bertakotzen eta natura nazionalizatzen laguntzen du.

Horrek guztiak argi erakusten digu paisaia ez dela modernitateari lotutako gizarte- eta kultura-prozesuen dekoratu pasiboa, baizik eta prozesu horien eragile nagusietako bat.


Gaiari buruz gehiago jakiteko:

OSTOLAZA, Maitane, Landscape and Identity in the Modern Basque Country, 1800-1936, London, Routledge, 2023.


Eusko Jaurlaritza