Bertsolaritza eta Artea Bertsolaritza eta Artea * Andoni Egaña Igurtzi urriko bi iharduera izan dira bertsolaritza eta artea. Ez da harritzekoa. Biek dute tradizioa eta sormenaren arteko oreka oinarri, baina oso era desberdinean. Artean, edozein delarik ere arte moeta, sormen unea bat izaten da, eta azalpen unea beste bat. Bertsolaritzan, aldiz, bi uneak bakarra bihurtzen dira, sormen unea azalpen unea bera delarik beti. Arteak duen gogoeta eta patxada falta zaio bertsolaritzari; aldiz, bapateko bertsolaritzak duen zirrara punttu hori ez du aise lortuko artistak. Azken urteetan, arteak bertsolaritzak berezko dituen ezaugarri zenbait bereganatu nahi izan ditu. "Performance" deiturikoak zer dira ba, sortze unea eta azalpenarena bateratzeko ahalegina baino? Eta bertsolaritzak ere, bapatekoak nahiz paperekoak, jo du ideiak era kontzeptualagoan eta jasoagoan esatera, zirrara, edertasuna sortzearen bidetik bereganatu nahirik. Arteak, hartzaileari bere interpretazioa eskatzen dio askotan. Hartzaile horrek badu astia eta modua, artistak adierazi nahi izan duena birsortzeko. Bertsolariak aldiz, ez du interpretaziorako biderik emango gehienean. Mezu itxia da bertsolariarena, bapatean sortua bapatean eta era bakar batean ulertu ahal izateko. Azken batean, hartzailea aurrean izan ala ez izan, komunikazio estrategiak oso desberdinak dira. Eta bertsolaritzak horretan tankera handiagoa du publizitatearekin, artearekin baino. Artearen inguruan bertsolariek izan duten jarrera, bestalde, herritar askoren berbera izan da: ulertzen ez denarekin mespretxu isekazkoa. Usurbilen Mendiburuk Udarregiren omenezko irudia jarri zuenean, bertsolari bat kexu azaldu zen "ez giza figurarik eta ez ezer" ez zuen arte emaitza haren aurrean. Lazkao Txikiren ateraldia ere arras ezaguna da. Chillidaren irudi bati begira honakoa bota bide zuen: "Artista Chillida? Hori ulertzen duena bai, artista!" Artistak bihotzberoagoak izan dira bertsolariak epaitzerakoan. Jorge Oteizak idatzi zituen lerroek, nongizagaixo deitzen zion bertsolariaren anima ulertzen ez zuenari, artea eta bertsolaritzaren arteko azaleko maitasun harreman bati eman zioten hasiera. Joan den udan itxi zen zirkuloa hutsa? Oteizak bertsolaritzaren omenez osaturik irudia Zarautzen kokatu zuenean (ikus argazkia). Arteak sarrisko hartu du bertsolaritza gaitzat. Bertsolariaren zurruntasuna, begirada ortzimugan galdua, urduritasun duina... paotxa izan dira giza emakumeen espresioak atzipetu nahi zituzten artistentzat. Akaso, argazkilaritza geratu da atzera azken urteetan. 1983.etik hona oso gutxi aurreratu izan da bertsolaritza kronikaz gaindi erretratatzerakoan. Bertsolariak, berriz, gutxitan jo izan du arte alorrera bere lana burutzeko. Bada ordea bide eta egitasmo berririk azken boladan. Poemen interpretazio bertsoak, komikilari eta bertsolarien aldibereko ihardunak, argazkiei jarritako bertsoak... Badirudi bertsolarien ezaugarriak aldatzearekin arteak ematen dituen aukerei eusteko premia sentitu duela bapatean ari denak ere. Ea zer dioen etorkizunak. Andoni Egaña, bertsolaria Argazkia: Euskaldunon Egunkaria Euskonews & Media 56.zbk (1999 / 11 / 26 12 / 3) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.