Bertsolaritzaren gerrondotik gaurdainokoa Bertsolaritzaren gerrondotik gaurdainokoa Xabier Amuriza Eusko Ikaskuntzak 1987an argitaratutako RIEV (Revista Internacional de los Estudios Vascos Nazioarteko Eusko Ikaskuntzen Aldizkaria) aldizkariaren 32. tomoaren 25 43 orrialdeetan jasotako testua AURKIBIDEA * 1. * 2. * 3. * 4. * 5. * 6. * 1. * 2. * 3. * 1. * 2. * 3. * 4. SARRERA Lan txiki baterako arlo haundiegia hartzen dudala jakinik, zehaz dezadan aurretik zertara noan eta zertara ez. Bertsolaritza mugimendu bezala harturik ari izango naiz batez ere, zer biziera eta eboluzio izan duen haundi haundika erakutsiz. Alde horretatik ez da hainbeste ia mende erdi honetako historia egitea, bertsolari banakoen izen eta lanekin, artezko eta gizartezko mugimendu honen martxa eta ildo nagusiak eskaintzea baizik. Hari nagusiak, ez bilbea bera. Hauek honela, bertsolaritzaren eboluzioa edo baldintza sozial desberdinak agertzen saiatuko gara, baita bertsolaritzaren bere barruko eboluzioa ere, izan baldin bada. Barne eboluzioa eta inguru eboluzioa elkarrekikoak izaten dira gehienean eta bertsolaritzan ere hori argi ikusiko dugu. Eboluzio horrek tradizioaren jarraipena edo identitatea nola daraman ere agertzen ahaleginduko naiz, desberdintasunak ez bait du berdintasunik ez dagoenik esan nahi. Alde horretatik gaurko bertsolaritzak eta gerra aurrekoak betikoak beraz berdinetik gehiago daukate desberdinetik baino. Eboluzioak ez du jarraipenik ukatzen, fosilmendua baizik.( ) GERRA ONDOA 1. Giroa Gerra ondoko lehen urteak nik ez nituen ezagutu, baina sobera ondo ezagutu zutenak hamaika bizi dira eta horiei entzunik, eta edozein gerra galduren ondokoa nolakoa izan litekeen pentsaturik, giroari buruz badakigu bildurra zela nagusi, ez motiborik gabe noski. Urte haietako miseria eta itomena bertsolaritzan ez ezik beste ihardun guztietan ere kanposantuko bakea bezalakoa izan zen, batez ere euskal usainik zeukaten gauzetan..Giro horren barruan bertsolariak guztiz mutu al zeuden? Ez guztiz, baina bai oso kontuz. Giro jakin jakinetan, oso zirkulu itxietan, egingo zen bertsotan, baina ez programaturik, ustekabean baizik, eta ez gutxitan zurrutak lagundurik. Halaxe ere gerra ondoko lehen urteetan ez zen nonahi giro izaten, herririk eta auzorik txikienetan bait zeuden norbaitzuk edo norbait gerrako irabazle, eta inor ez bazegoen ere, ezin kendu egon zitekeen bildurrik. ( ) 2. Berriro kantari Gerra ondoko urte hestu haietako zauriak itxiz ez ahaztuz zihoazen neurrian, bertsolariak berriro ere hasi ziren han hemenka kantari, programaturik esan nahi dugu. Bertsolaritza sekula ez da guztiz isildu, bakoitzak bere buruarekin besterik ez bada ere, baina plazan eta egitarau baten barruan kantatzea beste kontu bat da. 1945 inguruan bertsolariak plazan ihardutea berriro normaldurik zegoen. Basarri, Uztapide, Zepai, Txapel eta abar Euskal Herriko plazetan zebiltzan, lehenengo biak batez ere. Basarrik gerra aurretxoan, 1935ean hain zuzen irabazi zuen Donostiko txapelketa, Txirrita bigarren gelditurik, eta huraxe zen gerra ostean jarraipena beregaintzen zuen izen nagusia. Uztapide 1952an ezkondu zen eta ordurako bertsotan urte askotan ibilia zen. Lasartek berak ere, gazteagoa izanik, hamazazpi urtekin kantatu zuela lehenengo aldiz Zaldibarren kontatzen du. Beraz, hau ere berrogeita bosgarren urte ingurutik laster ezaguna zen plazetan. Kasik esan dezakegu, gerra amaitutakoan, oso tarte laburra izan zela isiltasun osoan. Bertsolariak berehalaxe hasi ziren han hemen kantatzen, Gipuzko aldean behintzat. Aitor dezadan bide batez Hegoaldeaz ari naizela, Iparraldeari buruz hitz egitekotan, beste kontu batzuk aipatu beharko bait lirateke. Kontuan izan hemengo gerra amaituaz batera Europan munduko gerra hasi zela eta gure Iparraldeak garai haietan beste historia bat du. ( ) 3. Gaiak eta bertso ingurua Gerra ondotik hirurogeigarren urtean Euskal Herriko txapelketa nagusia jokatu arte, zer gai eta giro izatenzen bertsoetan? Bertsolariek batez ere festa giroan kantatzen zuten, librean eta gai jartzailerik gabe. Librean kantatzeak ez du esan nahi edozer kanta zitekeenik. Gai politikorik jendeak apenas eskatzen zuen eta noizbait abertzale aldeko edo Francoren kontrako bertsorik entzuten bazen, halako dardara zabaltzen ornen zen entzuleengan. Bromatik aparteko gai nagusia euskara zen eta zoritxarrez gaur ere horixe dugu gairik aipatuena. Garai haietan euskarari ekiteak gaur baino konnotazio politiko gehiago zeukan. Politikaz zuzenean kantatzea ezinezkoa zenez gero, euskarak azpiko sentimentu isil guztiak bere gain biltzen zituen eta etsaiek ere bazekiten hori, eta ezin izaten zuten jasan. Horregatik sarritan euskara defendatzeari intentzio politikoa eransten zitzaion eta gauza gutxi behar, mutur txarrak ikusteko. Mutur txar haiek gehienean zerbait agintzen zutenak izaten ziren, edo agintariei txibatazoa pasatzekoak. Hala ere esan dezakegu, urte zorrotz haietako mezu politikoa, politikatzat hartzerik baldin bada, euskararen inguruan zebilela batez ere. Horretaz aparte, orduko bertsolaritza dibertsiorako eta bromapasarako zen batez ere. Umorea hitz batez. Jendeak horixe nahi zuen bertsolariengandik eta horretarakoxe dei egiten zieten. Alderdi umorezko eta kirolezko hori bertsolaritzaren nortasun zatirik haundiena da dudarik gabe eta horri eutsi ez ezik, indartu eta edertu egin zuten garai hartako bertsolariek. ( ) 4. Itzal berria Indartu eta edertu esan dut eta edertasun hori batez ere bertsolaritza arlotetasunetik txukuntasunera jasotzean datza. Gerra aurreko bertsolaritza sagardotegi eta taberna zuloetakoa izaten zen gehien bat, plazako saioak gutxiago zirela. Giro horretan eta zurrutaren inguruan iardaskeria eta trakeskeria ere ez zen gutxi izaten. Gerra ondoan, ordea, bertsolaritzak halako duintasun bat hartu zuen eta estilo berri honen eragiletzat Basarri jo behar da batez ere. Gai arinak eta bromazkoak kantatuko baziren ere, zakarkeriak ebitatzen saiatuko ziren, bertsoketarihalako altura bat emanez. Plazan eta publikuaren aurrean kantatzea ez da izan ere taberna zuloan goizaldeko orduetan kantatzea bezala. Horrek forma aldetik ere bertsolaritza asko hobetu zuen, edozer esateari baino ondo esateari garrantzi gehiago emanez, neurriz, errimaz eta euskararen jatortasunez. ( ) 5. Ibilerak Gerra ondoko bertsolaritzan aparteko lekua ematea merezi du ibilerei. Herriz herri kantatzen bazuten ere, ez zen gaurko ibil modurik eta kantatu behar zen herrira iristen eta itzultzen lan gehiago izaten zen han kantatzen baino. "Orduko ibilerak" esaten dutenean, trenean bezperan abiatu, gero autobusean, gero berriro beste tren batean eta halako batean lekura iristea esan nahi du eta bueltan beste hainbeste, urrun samar edo desbidean zeuden herrietara joan behar zenean. Ibilera haietan normala zen egunerako joan eta biharamonean itzultzea, baita bezperan joan, eguna han pasatu eta hurrengo egunean noizbait etxeratzea ere. Horrek joaten ziren lekuan bertso asko kantatzea eskatzen zuen. Herri batean eguna pasatu behar bazen, hango herrikoek bertsolariek zenbat eta denbora gutxiago isilik egin hainbat eta nahiago, beharbada hurrengo urterarte ez bait zuten beste aukerarik izango. Orduan ez zegoen gaur bezala bertsolariak irratiz noiznahi entzuteko aukerarik edo edozein iluntzetan probintzitik probintzira ere bertso saio bat entzutera joateko modurik. Bertsolariak, beraz, joaten zen lekuko jendeari gustoa emango bazion, asko kantatu behar zuen. Ibilera haietan bada beste alderdi bat ere oso kontuan hartzekoa. Orduan ondo jatea ez zen eguneroko gauza izaten. Gosea ere izaten tarteka eta neurtu beharra etxerik gehienetan. Hori probatu ez duenak ez daki jatordu on baten ilusioa zer izan zitekeen. Bertsolariek halako egun batean ilusio haundia eramaten zuten, bazkari edo afari eder bat egiteko. Garai haietan gorputza ederki kontsolaturik etxera itzultzeak ez zuen gutxi esan nahi. Gaur jateko ilusiorik ez da hainbeste izaten, edozein egunetan bait dago nahiko aukera,etxe batzutan orain ere hestuasunak izango dira baina. Jana ez ezik, dibertsioa ere han zegoen. Bertsolariek, gazteak baziren batez ere, berek gozatzen zuten ibilera haietan ederki. Kantatzea lana bada ere, lagun berriekin eta festa berrietan ibiltzea gozoa izaten da, bestela aukera gutxi dagoen garaian. Pentsa urte haietako dibertsioak, bertsolariak ibiltzen ziren giro euskaldunetan behintzat, gaurkoen kolorerik ere ez zeukatela. Alde horretatik, bertsolariak, bai gaien trataeran eta bai beren portaeran, beti izan ziren giro sozialak markatzen zuen arau hestua baino liberalagoak. Ondo pasa erazteaz eta eragin zabalkorraz batera, berak ere gozatzeko modua zen, ohitura, erretiro eta abarretan jende arruntari barkatuko ez zitzaiona bertsolariengan normaltzat ikusten bait zen. ( ) 6. Bertso jarriak Gerra ondoko berezitasun bat oraingoan negatiboa nire ustez aipatzeko, ezin bertso paperen berri eman gabe utzi. Gauza jakina da bertsolaritzan bertso paperak edo bertso jarriak bapateko bertsogintza bezain garrantzitsuak izan direla. Sarritan bertsolariak, sagardotegiko umorean eta saltsan arlote samarrak baziren ere, gero bertso paperetan beste altura bat eta beste itzal bat hartzen zuten. Areago oraindik bertsolaritzaren historia gehien bat bertso jarrien historia dela esan liteke, bapatekoak ez bait dira gureganaino gutxi besterik iritsi. Hain tradizio indartsu hori gerra ondoan ahuldu edo ia desagertu egin zen. Bertso paperak ezkutatu egin ziren. Zergatik? Beharbada bapateko bertsoketa zabaltzen eta indartzen zihoalako eta bertsolariek bietarako astirik edo aldarterik ez zeukatelako? Bertso paperen inguru eta motibo sozialak aldatzea ere izan liteke, baita bertsolariek modalitate horri garrantzirik ez ematea edo ez ohartzea ere. Den moduan dela, bertso jarrien tradizioak beherakada haundia egin zuen gerra ondoan. Basarrik 60an Euskal Herriko txapelketa nagusia irabazi zuenerako, bazituen hiru bertso liburu eginak, baina hori ez zen beste bertsolarien arteko joeranormala. Uztapidek, adibidez, bertsolaritzatik erretiratu eta gero moldatu zuen bere bertso liburua. Baziren bertsoak jartzen zituztenak aldizkarietan eta abar, baina ez ziren plazako bertsolari ezagunak. Bertso jarriei arretarik ez emate horrek gaurko egunotara arte iraun du. Orain bertsoak jartzen dira, eta badirudi tradizio funtsezko hori berreskuratzen ari garela, baina oraindik ere bertso liburuak egitea gehiago da denboraldi bateko lana, bizi guztiko lanen bilduma baino. Txirritak, adibidez, bizitza guztian zehar jarri zituen bertsoak, ez urte batean hartara jarrita. Era horretara, bapateko bertsogintzarekin batera bertso jarriak ere erritmo beretsuan eramatea aberastasun haundiagoa litzatekeela iruditzen zait. Bertso jarrien desagerpena edo gutxienez indar galtzea gerra ondoko kontua da, txapelketak hasi eta gero segitu izan duena eta gaur ere oraindik orekatzeko gaudena. Galera horrek azterketa sakon bat mereziko luke, bai alderdi sozialetik, bai alderdi kulturaletik, eta lan on bat egin nahi duenarentzat badago hor ikerketa interesgarri baterako gaia. ( ) TXAPELKETAK: 60tik 67ra 1960an jokatu zen Euskal Herriko txapelketa nagusia, lehenengoa gerra ondoren. Basarri geratu zen txapeldun, Uztapide bigarren, Azpillaga hirugarren eta Xalbador laugarren. Txapelketa honetarako Bizkaian eta Nafarroan aurretik txapelketa probintziala egin zen, eskualdeka kanporaketak egin eta hango irabazleekin probintziko txapela gero finalean jokaturik. Lehenengoa eta bigarrena Euskal Herriko Txapelketa nagusira pasatu ziren, Bizkaitik Mugartegi eta Azpillaga, Nafarroatik Narbarte eta Perurena eta Gipuzkoatik Uztapide eta Mitxelena, baina Gipuzkoakoan ez zen kanporaketa sistimaz izan, probintziko zortzi bertsolari ustez famatuenekin saio bat eginik baizik. Iparraldetik berriz inolako saiorik egin gabe, Xalbadorri eta Mattini dei egin zitzaien eta halaxe etorri ziren haiek Euskal Herriko txapelketa nagusira. Bizkaian probintziko txapelketak aurreragotik hasi zirela esan beharra dago.Lehenengo bietan Balendin Enbeita geratu zen txapeldun, hirurogeian Mugartegi txapeldun eta Azpillaga bigarren eta hauek joan ziren gero Donostira. Hirurogeita batean Azpillagak irabazi zuen Bizkaikoa, baina ez zen Euskal Herrikorik izan. Hirurogeita bian Lopategi geratu zen txapeldun eta handik aurrera honek irabazi zituen Bizkaiko txapelketa guztiak. Txapelketa bolada honek bertsolaritzako panorama asko aldatu zuen, kasu honetan bertsolaritzaren onerako. Txapelketak dituen akats eta arrisku guztiak jorik ere, ezin ukatu bolada hark entzulegoa asko piztu zuela eta bertsolari berri mordoa agertu zela. ( ) 1. Entzulegoa Txapelketak jende asko arrastatzen zuen atzetik, bestela bertso saio normaletan oso zaila zena. Jendetza hori ez uste Donostiko finalean bakarrik mugitzen zenik. Haserako eta beherengo mailetan ere joan etorri haundia sortzen zen. Nik Bizkaiko berri ezagutu nuen eta txapelketa probintzialek berotasun haundia sortzen zuten. Lehenbizi eskualdeka izaten ziren kanporaketak. Bizkaia bost barrutitan banatzen zen eta eskualde bakoitzeko kanporaketara nornahi aurkez zitekeen. Haietako irabazleek gero, aurreko urteko lehenen bigarrenekin, finala jokatzen zuten, Bilbon gehienean. Eskualdeetako saioetan ez zen beharbada hainbesteko kalitaterik izango, edonork parte hartzea libre zeukalako, baina emozio aldetik egun haundiak izaten ziren haiek, hainbeste jende batzen bait zen eskualde barruan ezagunak zituzten lagunen demara. Bakoitzak bere lagunak, koadrilak, herritarrak eta abar eramanik, joko giro ederra sortzen zen. Zer esanik ere ez gero probintziko finalean. Neuk neure begiz ezagutu ez nuen arren, beste probintzietan ere antzeko giroa sortzen zela gauza jakina da. Hirurogeiko Euskal Herriko txapelketa heldu zenean berriz, Donostiko Victoria Eugenia antzokia leporaino beteaz gainera, milaka entzule ginen hango berrien segitzaile. Jendearen mugida horretan sentimendu abertzaleak indar haundia zuela dudarik ez dago. Bertsolari txapelketak ez ziren noski agerpenpolitiko esplizitoak, baina euskararen eta gisako arrazoien azpian berotasun politiko bat ere ba zela nabaria zen. Gerra galdu eta hainbeste urtetan hain eltze hestuan sakaturik egon ondoren, bertsoa txalotzeak bergantza moduko zerbait ezkutatzen zuen. Geureaz emozionatzean, bide batez etsaiari "hor daukak hori" esatea bezala egiten genuen. Azpi sentimendu politiko hau ez dut esaten jakinez gainerakoa zenik. Batzurengan hori ere bai, baina berezko bulkoak emanik mugitzen zirenengan ere, aurreko eta garaiko historiak pisu haundia zeukan, heurak ohartzen ez baziren ere. ( ) 2. Bertsolariak Txapelketa haiek bertsolarien aldetik ere eragin haundia izan zutela dudarik ez dago. Izen berri asko plazaratu eta famaratu ziren, txapelketarik gabe hain ezagun egingo ez zirenak. Ez dut zerrendarik eman nahi, norbaitzuk deskuidatuta ahazturik uzteko bildur bainaiz, baina txapelketa haietan zenbat bertsolari haundi azaldu zen nornahiren begi bistan dago. Eta ez da pentsatu behar Euskal Herriko txapelketara iristen zirenak bakarrik. Horiek dudarik gabe, baina probintzi barruan geratzen zirenen artean ere, izenak asko zabaltzen ziren eta gero herriz herri kantatzeko, beste aukera batzuk izaten ziren. Probintzi mailan izena irabaztea ez uste gutxi denik. ( ) 3. Txapelketen arriskua Ez nuke aipatu gabe utzi nahi txapelketen alderdi arriskutsua ere. Arrisku hori ia berea du, ez bait dago juzkatzeko neurri matematikorik. Epaile bakoitzaren jakintzak eta batez ere gustoak bai politikan, bai erlijioan eta abar asko kontatzen du eta erizpide berdintsuak eta objetiboak ez dira bat ere errezak. Berezko zailtasun horrez gainera, txapelketetan beti izan dira zeresanak epaimahaiari buruz: batean gehienak probintzia batekoak direla, bestean apaizak eta fraileak direla nagusi, eta hala. Epaiaren neurri objetibo zehatzik ez izatearen babesean, gauza zelebreak eta azpi konponketa susmagarriak egin izan dira, batean desenpateak eta bestean halako aproba berriak egin eraziz. Entzulegoaren aldetikere forofismo haundiak sortzen ziren. Bakoitzak bere segitzaile mordoa izaten zuen eta hauek, ondo nahiz gaizki kantatu, beren faboritoari joko zioten txalo. Adibide bat jartzeko, Xalbadorri hain bidegabeki txistu jo zitzaion urtean bera txapeldun uzten deskuidatu izan balira, entzulego guztia gainera etorriko zen. Forofismo hori puntu bateraino ederki dago, baina kontrolatzen ere zaila izaten da. Horrelakoxea zen txapelketa haietako giroa, ez bakarrik Euskal Herriko finalean, aurretik probintzietan eta aurrerago eskualdeetan ere baizik. ( ) 65.TIK AURRERA: BERTSOLARITZA SOZIALA ETA POLITIKOA 65. urte inguruan koka liteke bertsolaritzen eragin haundia izan zuen eboluzio bat, ez hainbeste teknika aldetik, gaien eta hauen trataeratik baizik. Urte horietan jo dezagun, zabal harturik, hirurogeitik hirurogeita hamarrera bitartean Euskal Herrian mugimendu haundia sortu zen, urte gutxiren buruan oso panorama berri baten aurrez jarri gintuena. Burruka armatua sortu zen, apaizak "lotsagabeturik" zebiltzan, gazteriak egundoko sua zekarren, adin gehiagokoek, gerran ibiliek eta beren baitan abertzale mina gorderik zeukatenek, pozez eta emozioz ikusten zuten "buelta" hura. Gizarteko estamentu guztiak ukitu zituela mugimendu hark esan liteke. Garai ederrak benetan idealismorako, gazte artean batez ere. Mugimendu hark bertsolaritza ere harrapatu zuen, gai politikoek garrantzi haundia hartzen zutelarik. Politika hori bi aldetako txanpona bezalakotzat jo liteke: alde batetik abertzaletasunaren defentsa eta bestetik frankismoaren kontrako erasoa. Alde biak, bistan dagoenez, elkarrekikoak ziren eta txanpon bat bakarra. Politika, beraz, zabaltasun horretan hartu behar dugu, ez gaur uler litekeen bezala, hainbeste proiektu desberdinen arteko aukera bezala. Oso politika orokorra zen hura eta areago ziren sentimentuak arrazoiak baino. Arrazoi nagusia Euskadiren askatasuna zen, horretarako nahitaez frankismoaren erorrera behar zelarik. Gai politiko horiekin batera gai sozialak ere sartzenhasi ziren, besteak baino ahulkiago bazen ere. Grebak eta gainerako arazo sozialak gero eta leku gehiago zeukaten bertsogintzan. Joera berri honen aintzindariak Lopategi eta Azpillaga izan ziren. Artean Basarri eta Uztapide bikotea hain ezaguna izan zen bezala, garai honetan bizkaitar bikote gazte honek arrakasta izugarria hartu zuen, nonahitik zetozkien deiei abastorik eman ezinez. Joera horrek zenbait jenderengan muzina eta azpijana sorrerazi zuen, gisa honetako esamesak zabalduz: "Hori ez duk bertsoketa, politika baizik". "Orain bertsolari txarra ere ona izan zitekek, politikan pixka bat sartuz gero". Baina gazteriak marmario horiei jaramon gutxi egiten zion eta Lopategik eta Azpillagak jendetza haundiak batzen zituzten zebiltzan herri guztietan. Urte batzuk joanak direnez gero, fenomeno horren balantzea zuzenkiago egiteko moduan gaude orain. Nire ustez bi gauza oso kontutan hartu behar dira bertsolaritzaren koiuntura berri horretan. Alde batetik bertsolari haiek ez zuten "bertso politikoa bakarrik" egiten, "bertso politikoa ere bai" baizik. Oso desberdina da hori. Bertsolaritza zaharreko jolas edo ziri bertsoari eutsi beharra zegoen eta eusten zioten. Eta batez bestekoa joez gero, umorezko bertsoak gehiago ziren bertso politikoak baino. Gertatzen zena jende askok bertso politikoa gordetzen zuela gehiago gogoan, hura bait zen inpaktu gogorragoa egiten zuena. Bada beste gauza bat ere oso kontuan hartu beharrekoa. Bertsolaritzaren historian zehar izen haundirik gehienak izan dira bertsolari "politiko sozialak". Bakoitzak bere ikuskera politikoa eta soziala noski, baina bertso politikoak, sozialak eta erlijiozkoak garrantzi haundikoak izan dira beti. Xenpelarren bertso sortarik kantatuena beharbada "Ia guriak egin du" izango da, guztiz politikoa. Har dezagun Txirritaren kasua. Haren irudia umore sortzaile eta ziri sartzaile bada ere, hura oso politikoa zen, bat izatekotan. Haren bertso jarrietan gerrek, foruek, historiak, pertsonaia politikoek eta gertaera sozialekpisu izugarria daukate. Txirrita oso bertsolari politikoa izan zen eta ez dago bere lanari begirada bat botatzea besterik. Baina eta hemen dago agian giltza Txirritak eta aurreragokoek bertso jarrien bidez adierazten zituzten beren ideia politikoak eta sozialak. Bapateko bertsogintzari ez zioten funtzio hori ematen, dibertsiozkoa baizik. Alde batetik normala hori ere, bapateko bertsoketa oso mugatua eta lokalizatua zelako. Txirritak gauza haunditzat kontatzen zuen urte batean hamairu plaza egin zituela. Kantatzen zuen bapatean ere eta ez gutxi, baina herritik asko urrundu gabe, dozena erdiren bat sagardotegiren bueltan beti, Orereta, Irun, Donostia, Hernani eta Oiartzun inguru horretan. Garai haietako ibilpideekin urrun joatea ez zen erreza eta joaten zenean, oso gauza bakan bezala. Nola iristen zen Txirrita Euskal Herri osora, bere ideiak eta sentimentuak kantatzera? Bertso paperen bidez. Komentatzen ari garen gerra ondoko bertsolaritzan gorago ere esana dut bertso jarriek indarra galdu zutela. Bapateko bertsoketa zabaldu eta indartu zelako? Aztertzea merezi lukeen fenomenoa dela esan dugu. Hirurogeitik hirurogeita hamarrera bitarte horretan gertatu zen nobedadea ez zen hainbeste bertso politikoa populartzea, gai horiek bapateko bertsoketara pasatzea baizik. Txirritak bertso jarrietan egingo zukeena hauek bapateko saioetan egiten zutela, hortxe dago aldea. Eta ez alde txikia, haro berri bat markatu zuena baizik. Haro honen makalunea esan dezadan berriro ere bertso jarrien tradizioa ahultzean eta ia desagertzean dago. Jartzen ziren, bai, bertsoak, baina ez bapateko bertsolari famatuen artean, salbuespenen bat edo beste izan ezik. ( ) 68.TIK 80.RA Euskal Herriko txapelketa nagusiak lau izan ziren: 60, 62, 65 eta 67. koa. Hirurogeikoa Basarrik irabazi zuen eta beste hirurak Uztapidek. 68.an Sariketa Nagusi bat ere izan zen, Basarrik irabazi zuena, Xalbador bigarren, Lasarte hirugarren, Uztapide laugarren, Lopategi bosgarran etab. Geratu zirelarik. Hauetaz gainera,bai Iparraldean, bai Hegoaldean, izan ziren beste zenbait sariketa ere, baina Euskal Herri mailan, 68.koa izan zen azkenengoa bolada hartan. Hurrengoa laurogeian jokatu zen. Hamabi urtetako tartea beraz. Zer gertatu zen tarte horretan?". Gorago aipaturiko giro politikoa eta soziala goruntz joan zen Franco hil eta geroago arte. Aurretik Espainia mailan zenbait hauteskunde izan baziren ere, Euskal Herriko panoraman 79.ko hauteskunde munizipalak eta gerotxoago autonomikoak jo daitezke haro desberdin baten mugatzat. Abertzaleak, udaletxeetan batez ere, alderdi desberdinetan desmarkaturik, giro politikoa oso zirkunstantzia berrietan sartzen da, bertsolaritzan ere bere eragin haundia duelarik. Baina goazen 68.tik 80.ra bitarte horren ildo nagusiak ematera. Alde batetik garai horretan txapelketa nagusirik ez zela izan esan badugu ere, beste maila bateko txapelketak asko zabaldu ziren, gazteen artekoak batez ere. Izen batzuk aipatzeko, hor zeuden Idiazabal, Zaldibia, Mallabia, Añorga eta abarretan egiten ziren gazte txapelketak. Izen haundiko bertsolariek zer egiten zuten? Han eta hemen etengabe kantatu. Giro politikoak eraginik edo eskaturik, bertsolaritzak gorakada haundia egin zuen jende aurrean eta pentsatzekoa zenez, zigorrak jausten ere hasi ziren. Zenbait bertsolariri debeku gubernatiboak, multak eta detentzioak etortzea normala zen. Eskerrak euskarak babes haundia ematen zuela, koarteletan bertso saioak interpretatzeko, lan gehiegi eta zaila egin behar bait zen. Franco hil ondotxoan berriz, bai bertsolari, bai kantari eta bai edozer ugaritu zen, halako boom harrigarria sorturik. Alde batetik gehiegi zen hura, baina bai beharrezkoa ere. Kalitateari baino berotasun politikoari gehiago begiratzen zitzaion eta bertso saio nahiz kantaldi bakoitza sarritan biak batera konbinaturik mitin edo manifestazio haundi bat bezala izaten zen. Jaialdiak gehiago ziren horretarako aitzakiak, beren izatearen agerpen baino. Ez gara jaialdi haiek zertatik zenbat zuten zehazki neurtzenhasiko, dena batera bait zen, baina hirurogeita zortzi ingurutik hemengo udal hauteskundeak artekoa abalantxa bat bezala izan zen. Bertsolaritzari buruz, mugida haren barruan ibiltzeaz gainera, gertakari berriak agertzen hasi ziren, hala nola bertsolari eskolak, euskaldun berriak, gazte jende hiritarra etab., baina puntu hauek gerotxoago tratatuko ditugu banaka. ( ) TXAPELKETAK BERRIRO Azken urteotan txapelketak berriro martxan hasi dira. 79.ko abenduan hasi eta 80.ko Errege egunean finala izan zuen lehenengoak. Hurrengoa 82. ko azaro abenduetan jokatu zen eta 86an beste bat jokatu da, Sebastian Lizaso txapeldun geraturik. Txapelketa horietan partaide izan naizenez gero, ez da itxura izango neu hastea balorapenak egiten. Baina badira entzulegoari buruz esan litezkeen zenbait gauza, eboluzioa adierazten duten ezaugarri bezala. Laurogeiko txapelketan, aurreragoko txapelketekin konparaturik, zenbait berritasun nabari zen entzule artean. Alde batetik lehengo txapelketetako forofismo edo hintxa giroa asko leundurik zegoen edo hala zirudien behintzat. Jendeak, oro har, hango nahiz hemengo bertsolaria izan, txalo jotzean ez zuen distintziorik egiten, edo ez zen nabarmentzen behintzat. Alde horretatik entzulegoan jarrera zabalagoa ikusten zen. Beste gauza nabarmen bat entzulego gaztearen ugalmendua izan zen. Bai mutilak eta bai neskak portzentaia haundia osatzen zuten eta hori entzulegoaren erreakzioetan ere asko igartzen zen. Nondik sortu zen entzulego gazte hori? Geroago erantzungo diogu galdera horri. (Argazkia: Jagoba Manterola; iturria: Xenpelar Dokumentazio Zentroa) Azkenez ez ziren gutxi boligrafoa eta papera eskuan zutela saioa segitu zutenak ere. Zertarako? Bakoitzak bere puntuazioa eramateko izango zen. Gogoan dut bertsolari batek nola esaten zuen gero: "Jendeak papera eta luma eskuetan zituela ohartu nintzenean, leku ederrera etorri gaituk, pentsatu nuen neurekiko". Entzulego berri horren presentzia laurogeita biko eta laurogeita seiko txapelketetan are gehiagonabarmendu zen. ( ) BERTSOLARITZAREN ARRAKASTA BERRIA Nondik irten zen laurogeiko entzulego gazte berri hori? Kultur mugimenduetan gauzak ez dira zuzak bezala ernetzen eta gutxiago euskararen inguruan. Hirurogeita hamazortzigarren urte ingurutik aurrera, bertsolaritzan halako mugida bat nabari da, zorionez gehitzen joan dena eta nahitaez esplikazioren bat behar duena. ( ) IKASTAROAK Bolada horretan, bertsolaritza gustagarri egiten zelako, edo euskara ikasteko eta praktikatzeko oso baliagarritzat jotzen zelako, edo jolas moduan tiratzen zuelako edo kulturaren adierazpen haunditzat hartzen zelako, edo arrazoi guzti horiek batera biltzen zituelako, bertso ikastaroak nonahi eskatzen hasi ziren. Laburragoak edo luzeagoak, baina gehienean hamar ordutatik gorakoak eta batzutan oso luzeak ere bai. Euskal senez edo kontzientzi abertzale hutsez hurreratzen zirenak ere bertsoaren harrak jota geratzea ez zen harritzekoa. Euskararen edo kulturaren alde etorri eta bertsozale irten. Ikastaroekin batera bertsolaritzari buruzko hitzaldiak eta mahainguruak ere asko zabaldu ziren. ( ) BERTSOLARI ESKOLAK Mugimendu guzti horren adierazpiderik argiena eta eratuena beharbada bertsolari eskolak dira. Fenomeno honek berak bakarrik merezi luke azterketa luze eta sakon bat. Lehenbizi finka dezagun "eskola" hitz horren esanahia. Hitz hori bertsolaritza guztian erabilia izan da. "Xenpelarren eskola", "Iparraldeko eskola"," Azpeitiko eskola" etab. esaten denean, hitz horrek halako estilo edo tankera bat esan nahi du. Horrez gainera "eskola" hitzak taldetasunaren esanahia ere izan du historian zehar. Ez dauka, beraz, ikastetxeekin zerikusirik zuzenki. Zer jende mota biltzen den halako eskola sortuko da. Esaten ari garen garaiko eskolak ere toki eta egun jakin batzutan batzen diren lagunarte batzuk dira, bertsolaritza lantzea helburu dutela. Eskola hauek tradizio bati segitu edo hartaz jabetu nahi luketenak dira. Lehenago "gure kolegioak sagardotegiak" baldin baziren, nola tradizio hura gaurkotusagardotegirik ez den lekuan edo euskaldunak oso minorian aurkitzen diren hirietan eta herri haundietan? Eskola horien sorrera eta barne abioa ulertzeko zer jende mota batzen zen ikustea besterik ez dago. Gehienean jende gaztea edo gutxienez bertsozale klasiko horietaz desberdina zen. Baita ere gehienean jende eskolatu samarra zen, ikasten ari zirenak edo ikasketak amaituak zituztenak, batez ere euskara munduan irakasle zebiltzanak etab. Eskola horiek sortzearen helburua anizkoitza zen. Alde batetik bertsolaritza bera, ez hainbeste bertsolari izateko helburu zuzenez, bertsozaletasuna sartzeko baizik. Horrekin batera euskara lantzea eta praktikatzea ere helburu haunditzat zeukaten. Kontuan izan portzentaia haundi bat euskaldun berriak zirela. Honek aparteko atala merezi du, gero egingo dugunez. Azkenik euskaldun giroa sortu nahia ere tartean zebilen, bai talde barruan, bai kanporako proiekzioz. Azken batez problema haundi eta eguneroko bat dago erdi erdian, hots, hirietan edo herri haundietan, euskaldunak hain gutxi eta sakabanaturik aurkitzen diren munduan, euskaldun sentitzen dena nola euskaldun bizi? Bertsolaritza arazo latz horiei erantzuna emateko tresna egokia izan litekeela konturatu ziren eta horrelaxe hasi ziren bertsolari eskolak sortzen eta ugaritzen. Gehienean ikastaroren batetik hasirik, helburu nagusia gero jarraitzea zen. Horrela astean behin iluntzeko ordu batzutan baturik, talde bat osatzen dute eta egun hori lan eguntzat eta dibertsio eguntzat hartzen dute. Biak batera, bertsolaritzak, gusto pixka bat hartuz gero, ondo pasatzeko modua ere ematen bait du. Bertsolaritza bitarteko zela, beraz, lagunartea, lana, dibertsioa eta euskaldun bizitzeko era bat zeukaten, asteko ordu batzutan behintzat. Ordu horiek gero beste anitz lan eta ekintzetarako ere aukera emango zuten, lagunak ez bait dira ordu batzutarako bakarrik izaten. Garbi utzi behar da bertso eskolen helburua ez dela bertsolari izatea, bertsolaritza baizik. Honek, gantxorik izango badu, bertsozaleakbehar ditu eta eskola horietan dabiltzanen artean bertsozaletasuna segurtaturik dago. Ez da gutxi. Izango dira tarteka bertsolari izateko ere gogoa eta asmoa bezalakoa dutenak, baina bertso eskolen helburu nagusia ez da hori, bertsozaletasuna baizik. Hortik gora etortzen dena. Apropos bila joan gabe ere etorriko da eta dagoeneko horretantxe ere, bertsolari izatean alegia, ondorio politak ikusten hasiak gara. ( ) EUSKALDUN BERRIAK Bertsolari eskoletan euskaldun berrien pisua oso garrantzizkoa da, batez ere hiri haundietako taldeetan. Euskaldun berrientzat bertsolari eskolak aukera aparta ematen du hain beharrezko zaien lagunarte euskalduna edukitzeko. Gehienean euskaldun berria euskaraz egiteagatik edo praktikatzeagatik hurbiltzen da bertsolari eskolara, baina gero martxan jarritakoan, berak izaten dira harra aurrenen sartzen zaienak. Hizkuntza bat ikastea beti ere lana baldin bada, euskaraz ikastea lan gogorra dela gauza jakina da. Aditzarekin eta euskal esaldiaren egiturarekin burua apurtzen ibilita gero, ikasi duen hizkuntza horrek ondo pasatzeko eta irudimena lantzeko ere balio duela esperimentatzean, ez da harritzekoa gustoa hartzea. Horrez gainera bertso teknika lantzeak, neurriak eta errimak batez ere, euskara lantzeko ere modu egokia eta bariatua ematen du. Hargatik edo horregatik horrelako talderen batera agertu den euskaldun berriak nekez utziko dio joateari, funtzionamendu ganorazko samarrik badabil behintzat. ( ) EMAKUMEZKOAK Beste kontu bat oso aipagarria emakumezkoen presentzia da bertsolari eskoletan, batez ere neskak. Aipamen honek ez luke beste munduko misteriorik behar, baina gauza sobera jakina da emakumezkoak historian zehar eskuera aktibo gutxi izan duela bertsolaritzan, hemen azaltzen hasiko ez naizen zenbait arrazoirengatik. Zorionez bertsolari eskoletan emakumezkoen partea gizonezkoen ainatsu dela esan liteke. Badira talderen batzuk neskak mutilak baino gehiago direnak. Emakumezkoen presentzia hau oso naturala eta bortxatu gabea izaten da.Ez da planteiatu ere egiten, taldea sortzean halaxe egokitzen baita. Horretan, beraz, historiaren lastrea gainditu da. Gaur ez dago esaterik, talde horien inguruan behintzat, emakumezkoak halako oztopo sozial apartekorik aurkitzen dutenik. Frogarik onena da ari direla eta inolako konplikaziorik gabe. Beste kontu bat da noiz hasiko diren emakume bertsolariak agertzen. Tradizio haundi bat ez da goizetik gauera sortzen eta bere denbora behar du. Askoren artetik zerbait irtengo den dudarik ez dago. Baina mutilen artean eskola hauetako helburu nagusia bertsolari irtetea ez bazen, berdin nesken artean ere. Bertsolaritzak azpi soziala behar du eta hor emakumezkoen parte hartzea normaltzea pauso ederra da. Ibiliz egiten da bidea eta badira neska batzuk poliki bertsotan egiten dutenak ere. Orain ez dago ate hori emakumezkoentzat itxita dagoela esaterik. ( ) ZENBAT LAGUN Esaten ari garen guztiak zenbakitan zer suposatzen duen galde lezake norbaitek, hots, zenbat diren bertsolari eskolen inguruan mugitzen direnak. Ez daukat kopuru zehatzik ematerik, baina erreferentzia batzuk emango ditut. Duela hiru urte bertsolari eskolen eguna egin zen Arraten eta Hegoaldeko lau probintzietatik batu zen jendea. Iparraldetik ere norbaitzuk azaldu zirela uste dut. Bostehundik gora lagun batu zen. Denak ez ziren agian mugimendu barrukoak izango, baina zirenetarik ere asko falta zirela esan behar. Nik Bizkaiko berri ezagutzen dut hobeto eta hemen badira Bilbon eta herrietan dozena bat talde, martxan dabiltzanak, bertsolari eskolen elkartea ere egina dutelarik. Duela bi urte eskola arteko txapelketa bat ere egin zen, finala Mungian zutelarik, eta haren bueltan jende asko mugitu zen. Mungiako pilotalekua bete egin zen behintzat eta gehien gehienak gazteak ziren, bai neskak eta bai mutilak, euskaldun berrien portzentaia haundia zelarik. Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan ere badira taldeak, zenbat esaten ez naiz ausartzen baina. Iparraldeko berri gutxiago dakit, baina badakit han ere talderen batzukbadirela. Martxan diren taldeak asko izanik, ez zaio horri bakarrik begiratu behar. Herri batzutan ibiliak dira, baina lanagatik, soldaduzkagatik, edo dena delakoagatik, taldearen jarraipena ezinezko bilakatzen da. Beste toki askotan hasi eta pixkanaka bertan behera itzali ere bai, baina halakoengan ere sartu zaien bertsozaletasuna hantxe geratzen da betirako, aukera hoberik daukatenerako. Dabiltzanak eta ibiliak, denak batera jota, hots, ikastaro luze samar bat gutxienez egina duten guztiak jota, bildurrik gabe esan liteke milaka direla. Gehienak gazteak izanik, eta beste zenbait arlotan ere mugitzen direnak izanik, bertsolaritzak entzulego berri horrekin asko irabazi duela bistan dago. ( ) BERTSOLARITZA ESKOLETAN Bertsolari eskolen garrantzia haunditzat jotzen badugu, ez da gutxiago eskoletan egiten ari den lana, ikastoletan batez ere oraindik. Oraingo honetan "eskola" hitzak ikastetxea esan nahi. Haurrekin egiten den lan horrek zenbat balio lezakeen bat batean ez da agertzen, baina dudarik gabe, beste sail guztietan bezala, oinarri nagusia eskoletan dago. Pentsa orain haurrek hiru edo lau urtetik hamalau hamabosterartekoa eskolara atzera aurreraka egiten dutela. Hamar urte horietan, dituzten eskolakizunez gainera, zenbat gauzaren ezagutza eta gustoa sar litekeen esaterik ez dago, plangintza oinarrizko bat egiten baldin bada. Zorionez bertsolaritza plangintza horretan sarturik dago jadanik, batez ere ikastola mailan. Hegoaldeko lau probintzietan, bertsolaritza eskoletan sartzeko, liberatu bana daukate. Gipuzkoan duela hiru urtetatik dabil Mikel Mendizabal bertsolaria. Bizkaian Jon Lopategik bi urte daramatza, Araban urtebete Abel Enbeitak eta Nafarroan ere aurten hasia da Lorentzo Aburuza. Hauen eginkizuna batez ere irakasleei laguntza eta materiala eskaintzea da, berek ez bait daukate haur guztiekin zuzenean ibiltzerik, eta behar ere ez. Irakaslea da haurrengana iristeko bitartekorik auzenena eta emankorrena. Gizon batek, urte guztian beste gabe horretara dedikaturik,lan asko egin dezake. Adierazgarri bezala, tutearen azken aldera egiten diren sariketa idatzietan milaka haurrek parte hartzen du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (Nafarroan liberatua hasi berri baita) joan den ikasturteko sariketa idatzietan parte hartu dutenak lau milatik bost milara bitartean dira. Horrez gainera, sariketan parte hartu ez arren, urtean zehar bertsolaritzan ikaspide zerbait hartu duten guztiak joez gero, zazpi zortzi mila haur tartean dabiltzala esatea ez da gehiegikeria izango. Sariketa idatziez gainera, bapateko txapelketak ere egiten dira. Horietan, jakina, askoz gutxiago izan behar, baina uste baino gehiago eta hobeak. Dena den, bertsolari eskolen helburua bertsolariak zuzenki ateratzea ez bazen, ikastetxeetan bai badela hori bi bider esatekoa. Inon hazia ereiteak zentzurik baldin badu, haurren artean da hori. Gero zer irtengo den denborak esango du, baina ereiten den haziak inon fruturik ematekotan, haurren artean da hori ere. Bertsolaritzarekiko harremana eta gustoa eskaini zaien mila haur horiengan zerbait baino gehiago geratuko eta agertuko dela dudarik ez izan. ( ) EBOLUZIOAREN ILDOAK Biltzapen bezala, jo ditzagun orain bertsolaritzaren eboluzioaren ezaugarri nagusiak. 1. Azken gerrararte Bapateko bertsoketa nor bere herrian edo inguru nahiko mugatuan ohitzen zen, "eskola" edo bertsolari taldeak halako bailaretan sorturik. Bapateko bertsogintza hori gehienean dibertsiozkoa edo umorezkoa izaten zen. Gai serioagoak eta landuagoak politika, erlijio, ohitura, gerra, etab. bertso jarrietan tratatzen ziren. Bertso paperak garrantzi izugarria zeukan, bapateko bertsogintzak baino gehiago esango nuke nik. ( ) 2. Gerra ondoan Bapateko bertsoketak dibertsio edo umore mailan segitzen du, baina zabaldu egiten da asko eta batez ere altura bat hartzen du, sagardotegi edo taberna zuloko arlote kutsutik askaturik. Bertsolari haundiak herriz herri asko ibiltzen dira, ia ofizio bezala. Bertso jarrien tradizioa asko ahultzen da eta bertso paperak iadesagertu egiten dira. ( ) 3. 65. ingurutik aurrera Bapateko bertsoketan gai politikoak eta sozialak ere sartzen hasten dira. Pixkanaka gai klase guztiak kantatzen dira bertsotan. Honetan gai jartzailearen irudiak eragin haundia dauka. Txapelketen eredutik harturik edo, gaiak jarrita saioak egiteko ohitura zabaltzen eta nagusitzen ari da. Horrela bestela tratatzerik ez legokeen mila modutako gaiak sartzen dira. ( ) Manuel Olaizola, "Uztapide", 1960ko txapelketan, Donostian. (Argazkia: Auñamendi Entziklopedia) 4. Azken urteak Gai aldetik eta giro aldetik bapateko bertsoketak aurreko joerari segitzen dio, baina teknika aldetik neurri, doinu eta errima posibilitateak zabaldu egiten dira. Bertso jarriak berriro indarra hartzen ari dira. Zenbait plazako bertsolariren liburuak eta kaseteak agertzen dira. Bestalde gaiak jarrita kantatzeko eredua gehiegitu egin da. ( ) ENTZULEGOA Gerra aurretik eta gerrondo hurbilean entzulegoa berdintsuagoa zen bertsolarienganako jarreran. Bertsozale klasikoak dibertsioa eta umorea eskatzen zion bertsolariari, nahizta barrutik agian ideia desberdinekoak izan. Hizkuntza aldetik ere entzulego homogeneo samarra zen. Duela hogeiren bat urtetatik honuntz entzulegoak ez du dibertsioa bakarrik eskatzen. Ideia eta gusto oso desberdinetako jendea aurkitzen da aurrean. Alde horretatik oraingo entzulegoa askoz dibertsoagoa da eta denei erantzuten lan zaila bihurtu da. ( ) ARRISKU HAUNDI BAT Lerro batzuk gorago esana dut gaur gaiak jarrita kantatzeko eredua gehiegitu egin dela. Txapelketen ondorio txarretariko bat da hori. Txapelketan gaiak jarrita kantatzeak bere zentzua dauka, emozioa eta interesa gaietan baino gehiago norgehiagoketan dagoelako. Txapelketak gaietatik aparte dauka jendearengan arreta sortzeko gantxoa. Eredu hori gero saio guztietara eramanik, aberrazio haundia gerta liteke eta aberrazio horretan eroriak gaudela uste dut bete betean. Arazo nahasia da hau eta ez da erreza konturaeraztea. Gauza asko nahasten dira era bateraeta azkenean bertsolaritza halako txokolate gisako bat gertatzeko arriskua dago. Alde batetik bertso saio asko bertsolaritzaren edo bertsolari berrien promoziotzat gehiago hartzen dira bertso saiotzat baino. Orduan nahasketak egiten dira, bertsolari eginak edo beteranoak promesekin nahasiz. Hori zenbait aldiz eta eramaten jakinda, oso ona eta eraginkorra gerta liteke, baina bai txapuza bat ere. Adibide bat jartzeko, pilota saioetan hiru partidu jokatzen direnean, denak jokatzea segurtatu behar da, baina jokoa ere bai. Ez dago estelarrekoak, bigarren mailakoak eta hirugarrenekoak beste gabe nahasterik, alebinei edo jubenilei helduekin batera joka erazterik ez dagoen bezala. Jokoa ere segurtatu behar da eta bertso saioak gehiegitan ariketa edo esperimental gisakoak gertatzen dira. Beste alde batetik gai jartzailearen bitartekotza ia bertsolaritzari atxikitzat bezala ikusten da. Kasik lege bilakatu da. Orduan segun nor den gai jartzaile, halako orientapena eramaten du saioak. Deskuidatzen bazara ordubete pellokeria eta txorakerietan edo bestela mitinean eta filosofietan. Gai jartzaileak dena arradaki eta tankera berdinera ekartzen du eta tankera hori gehienean berea izaten da, ez bertsolariena. Esperientziak ematen digunetik, gai jartzaile egokia izatea bertsolari ona izatea baino zailagoa da. Baina badago baste gauza bat ere. Gai jartzaileak egokiak direla emanik ere zoritxarrez gezur galanta da hori baina , bertsoketa printzipala bertsoketa librea da, hots, bertsolariek beren kontura kantatzen dutenean. Eredu horrek, bistan den bezala, bikotea edo gehienik ere hirukotea eskatzen du, hortik gora eskuz eskuko pilota partiduan lau edo bost jokalari jartzea bezala bait litzateke, bakoitza beretzat tantuak egiten. Bertsoketa libre horretarako nornahi ez da gauza. Gai bat emanda nola halako bi bertso kantatzekoak ehundaka dira Euskal Herrian, baina ordu erditik gorako saio bat beren kontura hasi eta amaitzekoak ez dira hainbeste izango, entzulegoa asper erazi gabe behintzat.Gai jartzailedun ereduak alde horretatik bertsolaritzaren izaterik printzipalena arrasatu egin du eta eredu hori guztiz nomalizatzen ari denez gero, ez dakit nola errekupera litekeen galera hori. Noiz librean eta noiz gaiak jarrita? Hori beste kontu bat da eta erantzuna ez da guztiz erabatekoa. Galdera egitea ere ez da gutxi, gaiak jarrita egin behar dela dudan ere jartzen ez den garai honetan. Nolabait banatzeko, barruko jaialdiak eta kanpoko jaialdiak berez litezke. Barruko jaialdietan entzulegoa sarritan sarrera ordaindurik funtzio batera bezala etortzen da. Bertsolariak ere orduan gehienean sei edo hala izaten dira. Kasu horretan dudarik ez dago gai jartzailea behar dela, seiren artean ez bait dago ordu eta erdi librean betetzerik, funtsik gabeko nahaste aspergarri bat armatu gabe. Jaialdi horietan ez dago beste motiborik jaialdia bera baizik. Entzulegoa eserita eta geldi, jarrera guztiz pasiboan. Kanpoko jaialdiak bete gauza bat izaten dira. Normalean festa giroan edo beste motiboren baten inguruan egoten da publikua, ez bertsoak entzutera bakarrik etorria. Bertsolariak baditu mila motibo inguruan, kantatzen hasteko, segitzeko eta bere abildadeak ematen dion neurrian saioa desarroilatzeko. Hortxe dago hain zuzen abildadearen gorabehera. Batzutan saio onak lortzen dira eta beste batzutan ez, baina horixe da jokoa. Motiboak aurrean bistan daudenean, ez da gai jartzailerik behar, promozio mailan dabiltzanei laguntzeko edo izan ezik. Bertsolari beteranoekin tokatzen denean, gutxienez gauza mistoa egin liteke, baina ez dena ariketa artifizial gisan, agian ez egunari, ez bertsolariari ez inori interesatzen ez zaizkion gaiak kantatuz. Esate baterako, urtean zehar hainbat euskararen egun ospatzen da. Halako okasioetan gaia aurrean dago, giroa ere aurrean dago. Gaia jarrita dago eta ez da jartzailerik behar, jarrita dagoen gaiari heltzeko eta tiratzeko kapaz direnak eraman baizik. Gertatzen dena hasieratik planteiatzen dela gaizki. Sei edo zortzi bertsolari deituakbadira, denak batera librean kantatzerik ez dago. Orduan zer egin? Ba, ordu desberdinetan binaka edo hirunaka kanta erazi edo halako zerbait, baina ez denekin batera txokolate amorfo bat egin. Esaten ari naizenetik eta esan litekeen askoz gehiagotik, ez dezala inork pentsa jokoa kentzen ari naizenik, jokoa zabaltzen baizik. Dena jota, jokoak berak izan behar du nagusi, bertsolaritzak alegia, eta joko hori partitzen eta zabaltzen jakin behar da, okasioak eta kantatzeko erak kontutan edukirik. Elizpeko edo kontzejupeko jokoa eta pilotaleku haundikoa oso desberdinak dira eta biak beharrezkoak, baina berezita. Promozio jokoa eta joko heldua ere oso desberdinak dira eta biak beharrezkoak noski, baina noiz eta nola ondo berezita. Bertsolari bikoteak librean kantatzeko eredua eliminatzen badugu, bertsolaritzaren dinamikarik emankorrena erreko dugu eta arrisku hori errealitate bihurtzen ari zaigu. ( ) ETORKIZUNA Betiko hitzondoa emateko, dena jota, bertsolaritzak etorkizun ona duela esan behar, hizkuntzaren etorkizuna hain beltz ez balego. Hortxe dago gorabehera. Euskarak irauten badu, bertsolaritzaren iraupena segurtaturik dago, oraingoz ikusten den panoramatik behintzat. Euskararen kasuan, ordea, iraupenak indartzea eta galdutako terrenoaz berjabetzea esan nahi du. Bestela, hizkuntza mintzatu bezala, akabatzera joango da, edo gehienez erreserba moduan geratzera. Hemen arazo larria hizkuntzarena da, baina hori beste kontu bat denez gero, utz dezagun horretan, bertsolaritzan behintzat pixka baterako iraupena seguru daukagula jakinik. ( ) Xabier Amuriza, bertsolaria Euskonews & Media 56.zbk (1999 / 11 / 26 12 / 3) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.