Bertsolaritzaren ernamuinak Bertsolaritzaren ernamuinak * Iñaki Murua Egungo zenbait aitona amona eta beren gurasoek, errimatuz hitz egiten zuten ohituraz. Askotan hasten ziren edozein aitzakia medio eta denboratan aritzen ziren hizketan jolas horri jarraituz. Zergatik ote zuten ohitura hori? Nire ustez, gaurko gizartean memoria paperak eta liburuek ordezkatu dute baina, oraindik urte asko ez dela, transmisioa ia kasu guztietan ahoz gauzatzen zen; nola prosa hala bertso ahoz jaso eta memorian gordetzen zituzten gehienek ez baitzekiten irakurtzen eta idazten. Beraz, mezuak buruan gordetzeko tranpatxoak behar zituzten eta lana errazteko era bat zen( eta da) errimatuz eta neurtuz jasotzea. Horregatik zuten eta dute aitona amonek halako memoria harrigarria eta bertso sail osoak buruz botatzen dizkizute arrosarioa esaten ari balira bezala. Gu, zur eta lur geratzen gara Aiako bi artzain haien desafioa gogoratzean, izan ere, ehuna bertsotik gora bota ondoren eta epaileak biak berdin utzi zituenez, garailea erabakitzeko berriro aurrez botatako bertsoak botarazi omen zizkien eta batek, denak errepikatu zituela diote. Guretzat ezinezkoa da bakarra osorik botatzea ere!. Hau guztia, idien pausoan burutzen zuten bizimodu batean gertatzen zen, gaurko presa eta estresik gabe, hainbeste periodiko, egunkari eta albiste emankizunen ordez, bertsoa informazio iturri zelarik eta sagardotegiak argitaletxe. Sagardoak hartzen zuen egungo tonerraren lekua, okela eta intxaurrak inprimaki zirelarik garuna mezuen kupela bihurtzeko. Ez zegoen beste biderik transmisioaren kate mailak osatzeko. Orain ordea, idazten eta irakurtzen ez dakienik ez dago eta hamasei urtera arte eskolatuta egotea derrigorrezkoa da. Hemen ikasten dute txokorik urruneneko haurrek ere bertsoaren berri, eskolako gaien artean. Baina aski al da beste gaien artean emandakoa biharko bertsolaritzaren belaunaldiak ziurtatzeko? Edo gehiago esanda, komeni al da talde handian (20 25 ikasle edo gehiago) bertsoa eta bertsolaritzalantzea hain izaera eta interes desberdineko pertsonak aurrean dauzkagunean? Ikasleak bizitzarako trebetasun anitz, askotan garrantzirik ematen ez diegunak eta behar beharrezkoak direnak eskuratuko ditu bertso eskolako ihardunarekin Azken galdera honi erantzunez, nik uste, talde handian bertsoa lantzen ari garenean sentsibilitate handiz jokatu behar dugula. Gertatu da behin baino gehiagotan nik ez dakit zenbat bertso buruz ikasi, kantarazi, sortu, ... eta gero, bertsoa entzun orduko tripako minez jartzen zen jendea bihurtzea. Marmarrean ari direnak bertsoak irratian, telebistan... dauzkagulako. Bertso afaria, jaialdia, trama, ... Eta euskaldun petoak ziren eta dira baina hainbesteraino aspertu ziren, orduan behintzat beren interesekoa ez zen gaia lantzen! Kontuz bada helburuak garbi azaldu gabe gaiak jorratzen bestela terrenoa erre egiten da eta. Gaiari buruzko informazio orokorra eta bizitzarako eskaintzen dituen aukerak azaltzea aski dela esango nuke nik. Jakin mina sortu eta sakontzeko aukeren berri eman. Hor dauzkazu bertso eskolak nonahi eta maila desberdinetakoak: 900 ikasle ari dira 65 bertso eskola baino gehiagotan bertsotan edo gai jartzaile edo bertso kritiko edo epaile edo... nik zer dakit zein helbururekin sakontzen. Oraindik atzo ari ginen sagardotegian eta gaur hara non gauzatzen den belaunaldien jarraipena; atzo genion bertsolari jaio egiten zela eta gaur frogatu dugu jaio bai baina egin ere egin egiten dela. Eta egite horretan ari garenon kezka nagusia( helburua geroko kate mailak ziurtatzea denez), gure ihardunaren onurak eta gabeziak ebaluatzearen ondorioz dator. Bertso eskolak hobeto antolatu eta koordinatu behar ditugu atal hauei dagokienean: ð Programaketa bateratua eta mailakatua adostu behar dugu eskola guztietarako eta ahalegin horretan ari gara. ð Irakasleon prestakuntza ziurtatu behar dugu. Noski bertsoa eta bere zirrikitu guztiei dagokienez ziurtaturik daukagu baina adin horretako ikasleen izaera, bizikizunak, beharrak... ezagutzen al ditugu?eta horiei nola erantzun ba al dakigu? ð Bertso eskola ematen ari garen ordu berean beste aukera asko ditu ikasleak, guk konpetentziaren mailan erantzuten al dugu gure aukera eskaintzerakoan, saltzerakoan? Gurasoekiko harremana sistematizaturik al daukagu ala ikasleak berez datozkigu? Ez da gauza bera gune euskaldunetan ikasleak erakartzea eta erdaldunagoak diren guneetan egin behar den ahalegina. Maila eta helburuak ere desberdinak direlakoan nago, bertsolari izatea amestetik euskara indartzeko betekizuneraino. Hau guztia ezin da irakaslea kontratatu eta kito eginda burutu. Antolaketa serioa behar du eta herriko kultur erakunde desberdinen inplikazioa eskatzen du, ikasleen etxeetatik hasi eta udalerainoko bidean euskarriak jarriz. Eta zertan lagunduko dio ikasleari bertso eskolako ihardunak? Noski ez du, oraingoz, titulu berezirik eskuratuko baina bai bizitzarako trebetasun anitz, askotan garrantzirik ematen ez diegunak eta, behar beharrezkoak zaizkigunak, adibidez: Kantatzen trebatuko da eta kantatuz gozatzen ikasiko du. Hiztegia aberastu, menperatu eta hitzekin jolastea gustagarri gertatuko zaio, lau hitzekin dena esateko ohitura hartzen ari garen aro honetan. Memoria landu eta garatuko du. Korapiloen aurrean irtenbide bat baino gehiago aurkitzeko ohitura hartu eta taldean emaitzak hobetzeko jarrera izateaz gain, besteen iritzia errespetatu eta onartzeko joera hartuko du. Komunikatzeko gaitasunaz oinarrizko taktika eta teknikak barneratuko ditu esperientziaren bidez, gorputz espresioaren laguntzak baliatzen ikasiz, intonazio, kantaera eta doinuak egoki aukeratuz... Eskolak hezkuntza arruntean edukiak irentsarazten ditu, nagusiki, baina gaitasunak landu eta garatzea, oraindik behintzat, gabezien zerrendan aurkitu ohi dugu. Bertso eskolak duen balio erantsietako bat, agian garrantzitsuena, nola bertsotarako hala bizitzarako hauxe da, komunikatzeko gaitasuna. Pentsatzeko ohitura bereganatzen lagunduko dio, sintesia eta eskema gaitasuna bitarteko dituela.Gainera, umorea, alaitasuna, ironia ... ahalik eta gehien erabiltzeko ohitura sustatuko du ikaslearengan ihardun honek. Era ludikoan pertsonari ekarpen interesgarriak egiteko aukera aproposa eskaintzen du bertso eskolak eta, Bertsozale Elkarteak ez du nola nahi alferrik galtzen utziko hain aukera oparoa. Iñaki Murua, Bertsozale Elkarteko Trasmisio Taldekidea Irudia: Euskaldunon Egunkaria Euskonews & Media 56.zbk (1999 / 11 / 26 12 / 3) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.