Bertsozale Elkartea: tresna autoeratua Bertsozale Elkartea: tresna autoeratua Jon Sarasua Antolatzeko bide berezi bat hartu zuen bertso munduak 1986 inguruan. Hain zuzen ere horixe: bere burua antolatzeko erabakia, autoeratzeko erabakia. Bertsolaritzaren geroa kanpoko faktoreen esku utzi gabe, bertsolaritzan hala edo hola inplikaturik sentitzen direnen elkargunea sortu zen: EHBE. Hasieratik argi zegoen ez zela bertsolarien elkartea.Bertsolari ez diren bertsozaleak izan dira elkartegintzaren pisu handiena hartu izan dutenak, bai kopuruan eta bai bultzatzaile moduan ere. Hala ere gizarteak hasieran bertsolarien elkarte moduan ulertu zuen, izenak ere (Bertsolari Elkartea) hartarako bidea ematen bait zuen. Izenaren eta izanaren arteko desoreka hau hausten hasteko izena aldatu zitzaion 1995ean: Euskal Herriko Bertsozale Elkartea. Une honetan Euskal Herriko lurralde guztietako 1.300 bazkide bertsozalek osatzen dugu Bertsozale Elkartea. Bertan biltzen dira bertsolaritzaren inguruko agente aktibo guztiak: bertsolari, bertso jartzaile, gai jartzaile, epaimahaiko, antolatzaile eta bertsozale soilak. Orobat, bertsolaritzaren proiektuarekin nolabait lotura sentitu nahi duten bertsozaleak, kultur iharduera honetan jokatzen duten papera edozein delarik ere. Bertsogintza eta bertsolaritza Urteotako ibilbidean bi aspektu bereiztu dira. Bertsogintza deitzen diogu bertsolarien jardunari, plazaz plazako zeregin artistikoari. Hori, bertsolariei dagokie soilik.Sorkuntzaren plano horretan edota bertsolari kolektiboari soilik dagozkien kontuetan EHBE ez da sartzen. Zorionez, ekonomikoki auto erregulatzen den jardun artistikoa da, dirulaguntza berezirik behar eta nahi ez duena, eta bere bidea modu natural xamarrean egiten duena. Bertsolaritza, aldiz, bertsoaren inguruan sortzen den kultur proiektua da: transmisioa zaintzea, irakaskuntzan egin lezakeen ekarpena aztertzea, ikerkuntzarako bideak jartzea, kulturgintza honen hedapen bideak jorratzea, bertso eskolak koordinatzea, hedabide politikafinkatzea, nazioarteko harremanak jorratzea eta beste haibat zeregin. Bertsolaritzaren kultur proiektua EHBEk hartzen du bere gain bete betean. Kultur proiektu honek forma hartu du 13 urtetako esperientzia eta eztabaiden ondoren. Euskal Herri osora begira egindakoa da, epe luzerakoa eta bertsolaritzan inplikaturik sentitu nahi duten guztien artean eramana, hau da, Elkartearen inguruan gorpuztua. EHBEren emaitza eta gidaria: bertsolaritzaren kultur proiektua Elkartearen ibilbidean, hasierako 'bertsolaritza bultzatu nahi' hartatik proiektu sendoago bat mamituz joan da piskanaka. Hiru ardatz ditu proiektu horrek: transmisioa, azterketa eta hedapena. Eta sentsibilitate bat: lurraldetasuna. Transmisioa: Belaunaldi berrietara bertsolartizaren trasmisioa ziurtatzea. Bi maila ditu alor honek, batetik irakaskuntza eta bestetik bertso eskolak. Gure hezkuntzan bertsolaritzak eta, zabalago hartuta, bertsolaritzak eta ahozko sorkuntza artistikoek egin behar duten ekarpena ikertzea eta sekuentzia didaktikoak eskeintzea jorratzen hasia dago. Bestetik, eskola arautuaz kanpoko bertso eskolen koordinazioak ahalegin berezia eskatzen du, euskal lurralde osoan bertso eskolak hedaturik dauden une honetan. Hedapena: Bertsolaritzaren hedapen eutsia eta orekatua lortzeak hainbat frente kontutan izatea eskatzen du: hedabideetan bertsolaritzak izan dezakeen presentzia zaintzea, lurralde ezberdinetan bertsolaritza sustatzea, saio bereziak, txapelketak, argitalpenak eta, oro har, hedapenarekin zer ikusia duten ekimenak. Bilketa ikerketa: Bertsolaritzaren emaitzak modu ez orokor baina bai sistematikoan biltzea eta kultur arlo hau gaur eta biharko ikerbideetan txertatzea da beste ildo garrantzitsu bat. Bertsolaritza jakingai eta aztergai izan dadin oinarrizko proiektu nagusia Xenpelar Dokumentazio Zentrua da. Elkartearen apustu estrategikoa. Une honetan bi pertsona daude zentru horretan dedikaturik. Azken ia 10 urtetan inbertsio handiak egin ditu elkarteak proiektu honetan, eta azken urteetanErakunde Publikoak ere parte hartzen dute beronen finantziazioan. Atzerriko harremanak ere arlo honetatik bideratzen dira. Munduan zehar ahozko kulturaren eta inprobisazioaren inguruko Zentro eta esperientziekin elkarlana urratzen hasia dago. Atal nagusi honetan sartzen dira Bertsolamintza Jardunaldiak, UEU eta EHUko Udako Ikastaroetan egindako Topaketak, ikerketa bereziak eta abar. Lurraldetasuna: euskararen lurraldea da bertsolaritzarena. Hasieratik Euskal Herri osoko jendea inplikatu da EHBEn. Iparraldean, Gipuzkoan, Araba Bizkaian eta Nafarroan antolakuntza bana sortu da. Une honetan EHBE lau elkarte horien federazioa da. Izan ere Bizkaiko Bertsozale Elkartea, Arabako Bertsozale Elkartea, Nafarroako Bertsolarien Lagunak, Iparraldeko Bertsularien Lagunak eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak federazio bidez gorpuzten dute EHBE. Antolakuntzaz aparte helburuetan ere lurraldetasuna beti presente dago: euskararen osasuna ahulen dagoen lekuetan ahalegin eta inbertsio bereziak egiteko joera duen elkartea izan nahi du EHBEk. Gizartegintza modu bat kultur arloan Gure esparrua autoeratzearen aldeko apustua egin dugu bertsozaleok (bertsolariak ere multzo honetan sartuz). Autoeraketa honen oinarriak hauek izan litezke, guztiak ere modu intuitiboan garatuak eta hemen ere halaxe aipatuak: ðInplikatuen borondatezko partaidetza ðArrazoi ideologikoengatiko mugarik eza eta barne aniztasunaren aitorpena ðAntolakuntza partehartzaile eta demokratikoa ðTokian tokikoaren errespetua edo subsidiaritatea: lurraldekako eta taldekako egiteko modua lehenetsiz zentralismo demokratikoaren aurretik ðEztabaidaren kultura eta jarrera desberdinen garapena: adostasun landua ðBorondatezko lanaren eta lan profesionalaren arteko konbinaketa. Lan profesionalaren ordainketa merkatuaren mailan. Guztion artean, intuitiboki eta poliki poliki gorpuztutako proiektua (transmisioa, hedapena, ikerketa, lurraldetasuna) da atxikimendu gune.Horretan parte hartu nahi duen edonork du lekua bertan. Harreman politikaBere proiektuan bidea egiteko hainbat harreman arlo interes handikotzat ditu elkarteak eta guztiekin dauzka une honetan harreman bideak zabalik: ðEuskalgintzaren inguruko beste gizarte erakundeak ðAdministrazioa ðEuskal gizarteko alderdi politiko, mugimendu sozial nahiz beste agente pribatuak ðNazioarte mailako inprobisazio esperientzien protagonistak Administrazioari dagokionez, EHBEk interes publikokotzat jotzen dituen Proiektuetan (ez guztietan) finantziazioa eta elkarlana eskatzen eta eskaintzen die Euskal Herriko administrazio desberdinei. Gure proiektua nahikoa autonomoa da egoera politikoarekiko. Izan ere: ðEz da oinarritzen gizarte osorako egindako plangintza edo ezeren programaketan. Gonbidapenean eta gure kultur sormenaren erakar indarrean oinarritzen da. ðOinarri duen kulturgintzak (bertsogintzak) autoerregulazio maila handia dauka eta ez dago botere publikoen laguntzen esku. ðBertsolaritzaren Kultur Proiektuak ere autonomia dauka unean uneko kultur politikekiko. Kultur Proiektu honen zati batean kultur eta hezkuntz politikek eragina dute, eta hor elkarlan gune bat bada botere publikoekin. Hau horrela, Bertsozale Elkarteak ez du administrazioa hartzen bere esparruan gauzak nola egin behar diren esateko autoritatetzat. Bestalde elkarlan horren nondik norakoak (positiboan edo negatiboan) gizarteari jakinarazteko eskubidea eta betebeharra du, nahiz eta horrek uneren batean enfrentamendua ekarri eta dirulaguntzaren bat edo beste sakrifikatu. Azken urteetan nazioarteko harremanak lantzen ari gara bereziki, ahozko inprobisazioaren inguruko nazioarteko topaketetan parte hartuz. Harreman sare bat sortzen hasiak gara, eta etorkizunean Euskal Herria gai honetan erreferentzia gune garrantzitsua izan daiteke. Jon Sarasua, Bertsozale Elkarteko Komunikazio arduraduna Euskonews & Media 56.zbk (1999 / 11 / 26 12 / 3) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.