56 Zenbakia 1999-11-26 / 1999-12-03

Gaiak

Ahozko komunikazioa lantzeko metodoa

GARTZIA, Joserra OIHARTZABAL, Lontxo

Ahozko komunikazioa lantzeko metodoa Ahozko komunikazioa lantzeko metodoa * Joserra Gartzia, Lontxo Oihartzabal EGITASMOAREN AURREKARIAK Euskal Herriko Unibertsitateko Didaktika eta Eskola antolakuntza Saila alde batetik eta Euskal Herriko Bertsozaleen Elkartea bestetik elkarlanean ari dira Ahozko Komunikazioa Lantzeko Metodo bat diseinatzen azkenengo bi urte akademikoetan zehar. Adierazi beharra dago, egitasmo honek Europa Elkarteko dagokion komisioaren oniritzia jasoa duela jada idatziz.( ) EGITASMOAREN HELBURUA Ikasleen ahozko komunikazioaren gaitasuna landu eta areagotzea du diseinatu nahi den metodoak helburu. Helburu nagusia hori bada ere, idatzizko komunikazio gaitasuna ere lantzen da, ahozkoaren lagungarri baita idatzizko gaitasuna, eta ez haren etsai,. Azken buruan, jendaurreko bat bateko ahozko jarduna ere lantzen da. Mintzamena lantzearena zehaztu beharra dago, ordea: jendaurrean arrakasta izateko moduko mintzmoldeak eta estrategiak dira metodoan lantzen direnak. Arrakastaz hitz egitea, berriz, zera,da: entzule ditugunengan eragiteko moduan hitz egitea, haiengan noiz zirrara, noiz barregurea, noiz haserrea edo beste edozein emozio sorraraz dezakeen hizkeraren jabe izatea, alegia.( ) EGITASMOAREN EGUNGO EGOERA Ikuspegi askotatik begiratuta ahozko komunikazioaren eredu agertzen zaizkigu bertsolariak: entzuleengan era askotariko sentipenak eragiteko moduan moldatzen eta jazten baitituzte beren bertsoak; oso iaioak dira lan horretan. Egitasmoak dituen helburuak lortzeko diseinatze bidean dagoen metodoak bertsolariek landu eta erabili ohi dituzten estrategia eta errekurtso literarioak hartzen ditu oinarritzat. Horretarako lehen lehenik burutu den lana, estrategia eta errekurtso horiek aztertzea eta eredu didaktiko teoriko batez baliaturik irakaskuntzarako prestatzea izan da. Bertsolariek orotariko gaiak erabiltzen eta jorratzen dituztenez, beste albo helburu bat ere badu metodo honek, gizartean munta handiko diren gaiak plazaratu eta eztabaidatzeko aukeraezin hobea eskaintzen baitu bertsoak. Aukeratutako gaiak ikasleentzat esanahi handikoak direnez, hizkuntzaz aparte iritziak aurkezten eta eztabaidatzen ere ikasiko dute, itxaron daitekeenez, metodo honen bitartez. Orain artean buruturiko lan hori esperimentalki lau ikastetxetan aplikatuko da 1999/2000 ikasturtean, 14 16 urte bitarteko ikasle geletan.( ) METODOAREN OINARRI PSIKOPEDAGOGIKOAK Metodoa guztiz induktiboa da. Esan nahi baita, nola halako emozioren bat sortu izan duen piezaren bat hartzen dela beti abiapuntu. Kasu honetan bertsoak dira pieza horiek guztiak. Metodoaren oinarri praktikoa ahofitxa deitu ditugun unitateak dira. Ahofitxa bakoitzak bertso(saio) bat du abiapuntu, ikasleek gustoko duten gairen bati buruzko eta komunikazio arrakastatsurako eredugarri. Bertso(saio) hori kantatuz ekiten zaio beti unitateari (aukeratutako bertso guztiak ikus entzunezko euskarrian eskaintzen ditu metodoak), eta honako hiru urrats hauetan egiten da lanketa: 1) Gozatu: bertsoak entzunez, jatorrizko grabaziotik abiatuta. Bertsoak zein testuingurutan kantatu ziren agertzen da atal honetan, eta ikasleek berek adierazi behar dute ze emozio mota eragin dien bertsoak eta zein pasartetan izan den bereziki bizia emozio hori. Goza prozesuaren buruan, ikasleek epaia ematen dute, bertsoak eragin dien edo ez adieraziz. 2) Jabetu: bertsoak ikasleengan emoziorik sortu badu, ez da halabeharrez izango. Bertsolariak emozio hori sorrarazteko antolatu zuen bertsoa, baliabide poetiko erretoriko deitzen ditugun estrategien laguntzaz baliatuz. Bigarren urrats honetan, emozioa sorrarazi dion bertso(saio) horren estrategiak bistaratuko zaizkio ikasleari. Ideia edo sentipen bakar bat adierazteko estrategia txikietatik hasi, eta bertso bat baino gehiago hartzen dituen estrategietara, ahozko komunikazioan maizenik erabiltzen diren baliabideak azalduko dira, beti ere beren komunikazio egitekoari loturik. Komunikatu beharraren zerbitzuan jartzen da, beraz, teoria, edo, hala nahiko balitz, teoria praktikobat da guztiaren oinarrian dagoen ikuspegi psikopedagogikoa. Ikuspegi honek erretorika (zaharra zein berria), pragmatika, oralisten ikerketak, persuasioaren teoriak hartzen ditu oinarritzat, guzti hori irakaskuntza aplikatzeko orduan marko teoriko berri bat eratu beharrean aurkitzen bagara ere. Baliabideen sailkapen formaletatik harantzago, ikasleak dituen behar espresiboei irtenbidea emateko balio duten neurrian soilik erabiltzen dira aukeratutako baliabideak. 3) Jardun: bertsoaz gozatu eta gozamen hori eragin duten estrategia eta baliabidez jabetu ostean, estrategia eta baliabideok bertsozko ez diren beste jardunetan aplikatuko ditu ikasleak: jendaurreko hitzalditxoak, irrati nahiz telebistarako berbaldiak, debate eztabaidak, eslogan publizitarioak eta gisako jardunak osatuz. Lanketa hori guztia idatziaren laguntzaz egingo da hasieran. Laguntza hori soilduz joango da piskanaka gero, eta azkenerako inprobisazioa ere landuko da. Aipatu hiru atalok metodologikoki baino ezin dira bereiz, gozatzen ari denean bertsoaren egituraz, bertan agertzen diren estrategia eta errekurtsoez jabetzen ere ari baita ikaslea aldi berean. Eta estrategiez jabetzen joan ahala hauek imitatzen eta beste esparru batzuetan aplikatzen ere jardun beharko baitu. Irakasleak metodologian prestaturik daude jada, 1998/1999 ikasturtean GARATU programaren barruan eskaini zaien ikastaro luze batetan parte hartu ondoren. Ikasleek erabili behar dituzten lanketa fitxak ere prestaturik daude, nahiz eta berriak prestatu beharko diren prozesuak eskatzen duenaren arabera. ( ) EGITASMO METODOLOGIKO/DIDAKTIKO HAU ETORKIZUNERA BEGIRA Adierazi beharra dago, era berean, gaur egun Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) ohikoa den hizkuntzaren eremuko planteamendu curricularrarentzat alternatiba bat izan nahi duela proposamen berri honek. Hizkuntza bera izan da eta da oraindik ere aztergai eskolatze aldi horretan. Beren ikasleak EGA ziurtagiria eskura dezaten prestatzen ahalegintzen ari dira, nekez eta ahaleginez,DBHko eskola asko eta asko. Eskola ordu gehiegi eskatzen die eginkizun horrek beren ideiak eraginkortasunez adierazteko zailtasun handiegiekin aurkitzen diren ikasleei. Harreman eta komunikabide eraginkor eta aberatsa izan behar du lehenik hizkuntzak, horretarako sortutako tresna baita. Eta, ondorioz, helburu honen lorpena dago zihurtatu beharra. Tresna egokia denean ekin beharko litzaioke hizkuntzaren azterketa gramatiko/ sintaktiko/morfologikoari. Honek guztiak ez du zera esan nahi, ordea, zuzentasun eta egokitasun gramatikalari eta besteri garrantzirik eskaintzen ez zaionik. Oso bestela, hizkuntza adierazbide moduan lantzen den neurrian eta horren zerbitzuan aztertu beharko litzateke, gure ikuspegitik, tresna hori. Inolaz ere ez alderantziz. Baina landu beharko litzateke; ez dugu hau ukatzen. Datozen bi ikasturtetako saioaren emaitzek adieraziko digute ahaleginak merezi izan duen ala ez. Gu baiezkoan gaude. ( ) Joserra Gartzia, Lontxo Oihartzabal, UPV/EHUko irakasleak Euskonews & Media 56.zbk (1999 / 11 / 26 12 / 3) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria