Estatutuari buruzko hainbat gogoeta Estatutuari buruzko hainbat gogoeta * Josu Erkoreka * Sakatu Autonomi Estatutua kontsultatzeko * Pulse para consultar el Estatuto de Autonomía Gernikako estatutuak hogei urte bete izanak hainbat gogoeta eragin dizkit. Hala ere, gogoeta guztiak ezin dira sartu artikulu honen muga estuetan eta, horrenbestez, bi nabarmendu nahi nituzke bereziki. Lehenengoak erakundeak hartzen ditu aintzakotzat; Estatutuari esker sortu ahal izan ditugun euskal erakundeak, alegia. Nire kasuan, ezinbestekoa da erakundeen aipamena; izan ere, azken urteotan herri erakunde bateko zuzendari izateko aukera eta ohera izan baititut: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundekoa, hain zuzen. Erakunde hori egotea bera ezinezkoa izango zatekeen gure autonomia erkidegoko erakundeen oinarrizko arauak 1979an hasitako autogobernuaren esparrutik kanpo. Izan ere, Estatutuak herri botere burujabe sendoa sortzeko bidea eman du: Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde multzo berezia. Eta erakunde horiek helduz joan diren heinean aukera ederra izan dugu hainbat arlo arautzeko, ekonomi baliabide kopuru garrantzitsua kudeatzeko, gai publiko asko administratzeko eta gizarte ekintzako hainbat arlotako politikak eta programak ezartzeko. Azken aldi honetan, gizarteko, politikaren munduko eta erakundeetako hainbat taldek salatu egin dituzte botere zentralak Estatutuaren garapenari jartzen dizkion oztopo gogorrak, batez ere garrantzi handien duten gaietan. Horrekin batera, Estatuko Administrazioak zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegora lekualdatzeko ezarri duen erritmo motela ere oso biziki kritikatua izan da. Ez diot nik garrantzirik kendu nahi Estatuko erakundeen jarrera larri eta kritikagarri horri; jarrera horrek jarraitzen badu euskal herritar askok Estatutua onartu zenean testuak eskaintzen zituen autogobernurako aukeretan jarri zituzten itxaropenak barkamen barik zapuztu baititzake. Nolanahi ere, orain egiaztatu nahi dudana da dagoeneko garatuta dauden Estatutuko aurreikuspenekoinarri sendoa eskaintzen dutela euskal botere politiko autonomoa egituratzeko. Oinarri hori, egia da, legez kontra hesitu du Estatuaren hertsikeriak eta zikoizkeriak, eskumenak autonomi erakundeetara eskualdatzerakoan, baina eremu interesgarria eskaintzen du ahalmen politikoa erabili ahal izateko. Autonomi administrazioko kargu publiko gisa ardura batzuk egokitu zaizkidanez, jarduera publiko batzuetan partehartze handiagoa izan dut eta horietaz bakarrik egin dezaket berba behar besteko zehaztasunez , eta jarduera horietako bat aipatzekotan euskarari dagokion atala nabarmendu nahi nuke bereziki. Euskal hizkuntzaren mendetako historian, Estatututik eratorritako araua izan da, zalantza barik, errotiko inflexio puntua, Euskal Herriko berezko hizkuntzaren egoera juridikoa, eta baita soziala ere, goitik behera aldatu duen norabide aldaketa. Esan daiteke mendeetan zehar lehenengo aldiz Estatutuaren indarrez aitortu dutela botere publikoek euskara, alde batera uzten baditugu azkarregi zapuztu zen 1936ko aurrekaria, eta tarteka ia modu anekdotikoan esan dezakegu historian zehar herri erakundeek euskaraz idatzitako dokumentazio ofiziala sortu eta onartu izana. Euskara komunikatzeko baliabide gisa aitortu dute, erabateko balio eta eragin juridikoarekin, administrazio barruko nahiz administrazioak herritarrekin izaten dituen harremanetarako. Euskarari ofizialtasuneko status juridikoa eman zaionez, edo, zuzenago esanda, ofizialkidetasuna gaztelaniarekin batera orain arte ezezagun zitzaigun aro berri bati ekin behar izan diogu, erronkez eta eginkizunez betetako aro berri bati. Aro berriak eragin dituen erronken artean hemen nabarmendu nahi nuke euskarari beharrezkoak dituen baliabideak eta tresnak emateari dagokiona, orain arte erabili ezin izan dituen eremuetan zuzen eta eraginkortasunez erabili ahal izateko. Ondoen ezagutzen ditudan zientzien eremuari dagokionez benetan uste dut Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak hizkera juridikoa eta administraziokoa normalizatzekoeta estandarizatzeko lan eskerga garatu duela eta, oro har, positiboa izan dela. Horri esker, eta baita noski gai juridikoak euskaraz irakasten ditugun unibertsitateko irakasleek egiten dugun ekarpen garrantzitsuari esker, eta Eusko Ikaskuntzak ELERIA aldizkariaren bitartez gai juridikoez euskara hutsez argitaratzen den bakarra hartu duen ekimenari esker ere, esan daiteke gaur egun euskarak badituela hizkera juridikoan eta administraziokoan beharrezkoak dituen tresna terminologikoak, fraseologiakoak eta sintaktikoak. Une gogoangarri honek eragin didan bigarren gogoeta pertsonalagoa da eta Estatutuaren Xedapen Gehigarria aipatzera narama. Estatutuko xedapen gehigarria hainbat arrazoirengatik iruditzen zait interesgarria. Lehenengoa guztiz hunkigarria da. Aitzindaririk zaharrena, Lizarrako Estatutuaren Xedapen Gehigarria, herri horretan bertan 1931ko ekainaren 14an izandako udalen biltzarrean onartu zuten, jatorrizko testuari aurkeztutako zuzenketa bati esker, eta zuzenketa hori nire herriko alkateak aurkeztu zuen: Bermeokoak. Bigarrena nire bizitzako esperientziarekin lotuta dago. Botoa emateko eskubidea izan nuen lehenengo aldia, hain zuzen ere orain hogei urte bete dituen Estatutuaren referenduma izan zen. Garai erakargarri hura bizi izan zutenek gogoan izango dute batzuk Estatutuaren aurka zeudela aberriko unitate sakratua hausten zuela eta, arrazoi ontologikoak tarteko, haustezina zela iritzi zutelako; gizarteko eta politikako beste sektore batzuk, berriz, ezezko botoaren alde zeuden testuak autogobernurako eskaintzen zuen esparrua eskasa iritzi zutelako herriaren nahiak asetzeko. Bada, azken arrazoi horren aldekoak ziren batzuk estatutuaren alde egin zezaten konbentzitzeko erabili genuen argudio erabakigarria xedapen gehigarriarena izan zen. Izan ere, xedapen gehigarriarekin badirudi iragankortasunaz bustitzen direla artikulu guztiak: "Estatutu honetan finkatu den erregimen autonomikoaren onarpenak ez du esan nahi, Euskal Herriari herri gisa historian barrenadagozkiokeen eskubideei uko egiten zaienik, ordenamendu juridikoak erabakitzen duenaren arabera gaurkotu daitezkeelarik." Estatutu hau hala argudiatzen genuen nahiz eta kasu guztietan solaskidea konbentzitzea lortu ez ez da kale itsu bat, ez da hermetikoki itxita dagoen tiradera. Aitzitik, aurrerapauso garbia da eta gainera ez du arriskuan jartzen Euskal Herriaren etorkizuna, ate bat zabalik daukalako, xedapen gehigarria, autogobernuaren zidorra hartuta aurrera segitzeko, historiaren indarrez legozkiokeen eskubideak asebete ahal izan arte. Azkenez, xedapen gehigarriak badauka niretzat eskuratzen zailak diren arazo juridiko guztiek oro har daukaten erakargarritasuna. Zaila da benetan zehaztasunez esatea zein den Estatutuko agindu berezi horren esanahia eta noraino heltzen den. Baina, horren exegesiak zailtasun handiagoa edo txikiagoak izanagatik ere, ezin dugu ahaztu arau juridikoa dela eta lege testu batez osatuta dagoela eta, horrenbestez, ezin dugula hartu balio erretorikoa besterik ez duen aldarrikapen huts gisa, eta ezin zaiola, ez eta ere, esanahi estua eman eta de facto eduki juridiko guztia kendu. Baina ikuspuntu erabat juridikoa hartuta arazoak ematen baditu ere, kontuan eduki behar da mintzagai dugun xedapena esangura politiko handia duen xedapena dela eta, beraz, gako eta erabaki politikoek bakarrik eman ahal izango diotela edukia Josu Erkoreka Gervasio, IVAP / HAEEko zuzendaria eta Administrazio Zuzenbideko irakaslea Deustuko Unibertsitatean Euskonews & Media 51.zbk (1999 / 10 / 22 29) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.