45 Zenbakia 1999-09-08 / 1999-09-17

Gaiak

Ahari-apustuak: herri kirolen bitxikeria

IRIONDO, J. M.

Ahari apustuak: herri kirolen bitxikeria Ahari apustuak: herri kirolen bitxikeria * Joxemari Iriondo Herri kirolak "Herrialde edo lurralde baten berezko mugak gainditu ez dituen kirolak" omen dira. Kirol horietako batzuk ezagun eta ospetsu egin dira gaur egun, gure artean; beste batzuk, hala ere, oso jende gutxik ezagutzen dituela esan genezake. Ahari apustuak Ahari apustuak urte asko baino lehen galduko direla diote: "Gurekin batera joango dituk" esan ohi du Inazio Merketegi Azpeitiko Pastorkua tabernari eta ahari zale handiak. Eta gogoan izan orainaldiko ahari apusturik gehienak, edo ia denak, Azpeitiko zezen plazan jokatzen direla, igande arratsaldero; igande arratsaldero; eta etorkizuna, inork ikustekotan, ondo ikusi behar duela zaletasun hau buru bihotz bizi duenak. Izan ere, betiko jendea bakarrik biltzen da norgehiagoka horiek ikustera, adineko jendea, gainera. Ez da kontu ederra hori etorkizun ona izateko. Bistan denez, Ahari jokoa (ahari topeka Bizkaian, eta ahari talka Nafarroan) artzaien arteko norgehiagoka hutsa zen garai batean. Baina amaitzear den mende honen hasieran plazako jendeaurrera biltzen hasi ziren ahari zalea. Donostia, Eibar, Tolosa eta, bereziki Azpeitiko zezen plaza, moda modan jarri ziren herri kirolen zaleentzat. Aizkora apustu aipagarriak ezezik Ahari apustu bikainak ere antolatzen zuten aipatu plaza horietan, Rafael Agirre Frankok bere JUEGOS Y DEPORTES VASCOS (AUÑAMENDI Enciclopedia General Ilustrada del Pais Vasco) liburu mardulean idatzi duenez. Eta sekulako jendetza biltzen zen, zer ikusiko. Labur beharrez, aipamen soil bat egingo dut hemen, ahari apustuari dagokionez: kontatzen dutenez, 1912ko otsailaren 20an, 3.000 lagun bildu omen ziren Tolosako zezen plazan Astigarreta eta Altzoko bi ahari famaturen arteko desafio gogorrak ikustera. Diru asko jokatu omen zen, trabesean. Bestalde, apustu handietan eta edozein herritako zaindari jaietan ere ahari jokoak jendea erraz erakartzen zuen. Nikolas Ormaetxea ORIXEK ederki asko eginzuen jai arratsalden bateko ahari talkaren argazkia bere EUSKALDUNAK poeman: Biamona da. Apustu egiñak beinik bein Zintzo joka daitez ta besten bat aiekin Ari talka ta zanka nola dan itzegin Sanditse'kin Ezkurra'k, Uitzi'k Leitza'kin (Euskaldunak, Orixe) Garai bateko kronikariek ez dute aipatu ere egiten ahari apustu konturik, ez lehen eta ezta orain ere. Francoren garaian debekaturik zeudelako izango zen, nonbait; edo Azeaitian bakarrik jokatzen zirelako, eta beti isilka gainera. Gaur egun ere ez dira aipatzen, bailada horrexetara mugaturik daudelako, eta ezagutu ere ez direlako egiten, agian. Alabaina, han eta hemen bildu ditudan aipamenak egiak badira, (ahoz jasotakoari beroarena kendu behar zaio, esaten zuen nire aitak) Nafarroako goialdean, Uitzin, Leitzan, Salditsen, Ezkurran eta Baztan aldeko herriska askotan igande eguerdiko festa ahari talkak izaten omen ziren, aspaldi. Bizkaian, Elorrion, Durangon, Markinaldean, Berrizen etab, ahari topeka gogorrak egiten ziren artzaien arteko erronkak garbitzeko eta. Eta Gipuzkoari dagokionez, Eibar en, Azkoitian, Arroan, Donostiako Chofreko zezen plaza berrian, Tolosan eta, lehen ere aipatu dugun Azpeitian egin izan dira ahari apusturik aipagarrienak. Apustua zertan den Laburbilduz, ahari apusturako legeak eta baldintzak, duela urte batzuk Euskal Kirol eta Jokoetarako Federazioak argitara eman zuen Arautegian bilduta daude. Oso bitxia bada ere, "Azpeitiko Ahari apustuetarako Araudia" izenez argitaratu zen, eta ez dakit beste plazatarako balioko duen. Lau edo bost apustu joka daitezke igande arratsaldero. Eta noiz sei edo zazpitaraino bilduko balira, arratsaldean lau bakarrik jokatuko dira. Gainerakoak, eguerdiko 12:00 etan jokatu, edo hurrengo igandera atzeratu beharko dira. Apustua jokatu, 8 kintzetara jokatzen da, berez, 8 ekinaldietara, alegia. Arautegiak agintzen duenaren arabera, lehenengo lau botaldiak, motzean egin behar dira; eta hurrengo laurak, hirugarren epaileak aginduko duen arrastotik, luzean. Aharietako batek,jokoa hasteko beldurrez, igesari ematen badio (askotan gertatzen den lez), beste ahalegin bat edo gehiago egiteko eskubidea izango du bere jabeak, naiz eta behin igeska hasten den aberea borrokarako prestatzea oso zaila izaten den. Apustua irabazi kolperik gehien ematen dituen ahariak irabazten du, legezko denez. Araudiaren beste atal batek agintzen duenez, gutxienez ere ahariek lau kolpe ematen ez badizkiote elkarri, apustu horri dagokion sarrera dirua Udaletxerako izango da. Beste lege zorrotzik ere gogorarazten du Ahari apustuetarako Arautegi honek. Besteak beste, apustua galdu duen ahariak ez du beste jokorik egin ahal izango plaza ondorengo hiru hilabeteetan. Bataz beste, 30/70 kolpe inguru horretan errenditzen dira apustuan asko jota ere. Eta ez da izaten 8 borrokaldiren beharrik, lehenengo bi edo hiru kintzetan erabakitzen bait dira erabaki beharrekoak. Apustu gogorragorik ere izan zen, kontatzen dutenez, garai batean; eta orain ere izaten da, noski. Inoiz entzun izan dudanez, Oiartzungo Mendiolaren "Txato"k, 156 kolpe emanda irabazi omen zuen apustua. Edo, Rafael Agirre Frankok dioenez, Aiako Amunategiren ahariak 225 topekada eman omen zizkion Armendiarenari, apustua aise irabaziz. Urrestillako Jose Aranaga AUNTZAren ahariak kontrario gogorra izan zuen: 288 kolpe eman behar izan zizkion, behin batean, aurkariari. Eta 300 kolpe emandakorik ere izan da Urolaldean. Ahari jabeak, gaurregun Artzaien arteko lehiaketa hutsa izan ziren ahari apustuak erreuz aldatu dira azkeneko urte hauetan: mendian edo auzo txikietan egiten zirenak, zezen plazan erabakitzen dira orain. Bestalde, ez dira artzaiak izaten gaur egungo ahari jabe, baserriarekin lotura berezia dutenak baizik. Apustu ahariak, bakarka edo...taldean egosten dira, gehienetan. Izan ere, asko ordaindu behar izaten dira, eta geroko prestaketa ere garestia izaten da. Baserria utzi eta kalera bizitzera etorrri izan den bat baino gehiago ikusten dut orain ere, ilunabar aldean, aharia ondoan duela, mendi bideetan zeharkorrika, beren mutur beltza trebatzen. Eta areago: 60/100 apustu ahari eduki izan dituen edo daduzkan tabernariak ere badira, noski. Bada beste ahari jabe berezi bat ere egun: plazako apustutan dabiltzan artekariak dira, korredoreak, alegia. Baina, kontuz! Ez galdetu gero inori zenbat ahari dituen, nekez esango dizu eta egia zehatza. Gauza horiek isilik gorde behar ditu benetako apustu zaleak, norgehiagoka askoren gakoa hortxe legoke eta, agian. Zer nahi duzu? Ahari jokorik onenak, Urbasa eta Andiako mendietatik ekartzen omen zituzten garaia bateko artzaiek. Urbia eta Aralarkoak baino txikiagoak izan arrem, borrokari ausartagoak ziren, eta buruz eta adarrez gogorragoak. Eta gaur egungo aker ahari borrokarienak ere handixe ekartzen dituztela esan didate. Arraza berezia da, nonbait. Baina egia esan behar da: apustu ahari ona, diru asko ordaindu behar da orain: 350.000 pezetatik gora, gehienetan. Edo askoz ere diru gehiago ordaindu behar izan duela esango dizu norbaitek. Seirehun mila pezeta edo gehiago agindu eta saldu nahi izan ez duenik ezagutzen dut. Ahari jokoak dirua erraz irabazteko aitzakia bat direla pentsa lezake norbaitek aipatu ditugun tabernari edo bestelako ahari jabe horientzat. Bai zera! Ahari zalea afizioz dabil batez ere, eta askotan, gehienetan, dirua galduz ibili ere. Apustua ez da errenta esan zuenak arrazoi handia bota zuen. Egun ez dio etxeari habealdi berririk erantsiko apustu eta erronka dabilen ahari zaleak. Ahari apustuen prestaketa Ahari apusturako ondo trebatzeko, esaten dutenez, 4 5 kilometro egin behar ditu korrika edo pauso bizi bizian ibiliz, bi egunez behin gutxienez ere. Baina gehiegi nekatu edo leher eragin gabe erabili behar ordea. Aharia eduki zoru gogorra dagoen ikuiluan edo ezkura gutxiko estalpean eduki behar du, hanka.minik harrapa ez dezan. Eta aldian behin, mendean hartuko duen sparring bat botatzea ere ona da, kolpe batzuk eman eta joka egiteko konfidantza handia har dezan, burua eta adarrak minberatzeke. Ahariaren elikaduraridagokionez, zeregin honetarako inori aitortu nahi ez dizkion trikimailuak izaten ditu ahari jabe bakoitzak. Jan edanari dagokionez, Urrestillako AUNTZAK, adibidez, 900 gramu baba beltz ematen omen zizkion ahariari, egunean hiru emanalditan; eta litro erdi bat ardo beltz, besakada pare bat belar, ekarri berria; arraultza gorringoa eta azukre pittin bat, egunero. Inoiz ere ez urik, ahariak behar zuen likidoa belarretan eta ardoan bait zegoen. Gaur egun ahari prestatzaileek gutxi baian zerbait aldatu dute, noski: Baba beltza egunero ematen diote orain ere. Horrez gain, zahi larria (urdailerako ona omen du eta), azenarioa, tomatea eta sagar gordina. Ura ere aukeran jartzen diote, abereak egarririk sentituko balu ere. Inoiz ez ardorik, esaten dutenez. Ahariak, bestalde, kiloak galdu edo irabazteko erreztasun handia izaten du. Eta elikatze lana zuhurtasun handiz zaindu behar da, gero plazan jakineko pisuan jokatu beharko du eta. Non eta noiz ikusi Azkenik, ahari apustuak non eta noiz ikus daitezkeen esan beharko dut, baldin eta irakurkeren batek inoiz horrelako norgehiagoka bat ikusteko gogo eta gutiziarik senti baleza ere: Hasi urriko lehenengo igandetik eta ekainaren azkenera bitartean jokatzen dira ahari apustuak Azpeitiko zezen plazan. Lehen ere esan dudanez, egun batean bost apustu baino gehiago tokatzen badira, eguerdiko 12:00 eta arratsaldeko 5:00 etan izaten dira. Baina 4 edo 5 apustu bakarrik direnean, arratsaldez, esandako orduan. Uztailean, abuztuan eta irailean ez da izaten apusturik, plaza honetan behinik behin. Ez nioke inori ziririk sartu nahi hala ere: oso ikuskizun gogorra da, batez ere abereak maite dituenarentzat. Alabaina, 250 300 apustu zale eta ahari maitale biltzen dira igandero igandero Azpeitian. Betikoak eta jende heldua bereziki. Joxemari Iriondo, telebista aurkezlea eta herri kiroletako hainbat proben antolatzailea. Euskonews & Media 45.zbk (1999 / 9 / 8 17) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria