45 Zenbakia 1999-09-08 / 1999-09-17

Gaiak

Sokatira

AZKUNE, Laxaro

Sokatira Sokatira * Lazaro Azkune SOKATIRAREN JATORRIA: Sokatik tiratzeko lehiaren jatorria antzinako gurtza eta ospakizunetan kokatu behar da. Historian ez dago sokatiraren jatorria argitzen duen inongo datarik ez leku jakinik. Zenbait herrialdetan sokatiraren errituzko ekintzen aztarna batzuk aurkitu dira: Birmania, Halmahera, India, Borneo, Corea, Hawai eta Ginea Berriko irletan. Halaber Asia aldeko herrietan eta Afrikan (Congo, Zaire), Amerikan (Eskimalak) eta Ozeanian (Zelanda Berria) ere sokatira ezaguna da errituen bitartez. Sokatira ahalmen mistiko batzuen sinboloa da, hala nola, gaiztakeriaren porrota, on eta gaitzaren arteko eztabaidetan, hileta elizkizunetan…Urtaro berriaren eguraldi iragarpena. Honi buruz F.E.Lawyer etnografoak kontatzen du birmaniar sineskera: euriaren taldeak eta lehortearenak borrokatzen dute batak bestea narratzeko eta herritar ideiak dio, euria egiten duela talde hezeak lehorra gainditzen duenean. Munduko beste muturrean, Canadako eskimaletan, bi talde osatzeko ohitura dago, batak udazkena ordezkatzen du, besteak negua. Nork nori irabazten dionaren arabera aurreikusten dute nolako eguraldia izango duten. SOKATIRAREN HISTORIA KIROL BEZALA: Historian aurrera eginez, sokatira ez da berriro erlazionatu errituzko zeremoniekin eta indar fisikoen norgehiagoka huts bilakatu da. 2.500 K.a. Meretaku ren hilobiaren horma bateko grabatua, Sakaran (Egipto), sokatira kirol bezala azaltzen den aztarna garbiak aurkitu dira. 500 K.a. Praktikatzen zen Grezian, Joko Olinpikoen sorterrian. Atletak ibiltzen ziren sokatiran, lehiaketa kirol bezala edo beste kiroletarako entrenamenduetarako ariketa fisiko bezala. XII.mendean, Kristo ondoren. Sokatira lehiaketako parte zen enperadore Txinarren gorteetan. XIII XIV.mendeetan Mongolia eta Turkian ere norgehiagoka aztarnak aurkitu ziren. Mendebaldeko Europan sokatirari buruzko agerpenaren historia K.O.ko 1.000 urte inguruan hasi zen. Garai hartako txapeldunen historietan, Escandinavia eta Alemaniansokatiraren aztarnak daude "Kraftige Spiele" (indarraren jokoa) izeneko jokoetan. XV XVI. Mendeetan Frantzia eta Britainia Handiko torneoetan ere azaltzen da. Garai hartan gainera garrantzi handiago ematen zitzaion kirolari. Ekipoa osatzeko orduan pisu berdineko gazteen artean egiten zen aukeraketa. SOKATIRA ANTOLATURIKO KIROL BEZALA XIX. mendean, Europan gaur egun "antolaturiko kirola" izenez ezagutzen den sokatira mota dugu. Kluben artean lehenengo, baina gerora pixkanaka pixkanaka bilakabidean aurrera joan zen eta elkarte eta klub federazio desberdinak eratu ziren. Britania Handian esaterako, Zaletuan Elkarte Atletikoa sortu zen 1.880an eta aldi batean atletismo eta futbol elkarte nazionalak ere eratu ziren. Honako hauek ziren garai hartako atletismo motak:lasterketak, jauziak, pisu jaurtiketak eta sokatira. Beste kirol askotan bezalaxe, sokatirako arauak ere ez ziren oso argiak eta berdinak herrialde guztietan. Herrialde batzutan ekipoa lau gizonez osatua zegoen. Beste batzutan ordea, ekipoak zortzi gizonez osatzen ziren. Esan behar da, orduan sokatiran erabiltzen ziren teknika berak ere irain bat izango liratekeela gaur egungo arauekiko, baina garai hartan teknika on eta baliagarritzat jotzen ziren. Sokatik tiratzeko teknika ezberdinak daude: Austriako Tiroleko tabernetan duela bi gizalditik, Finger häkels edo pultsua behatzez. Eskimalek biren arteko borroka praktikatzen dute, Arsaaraga izenez ezagutzen dena. Corean, makilaz bakarka, batak besteari marra gaindiarazten dago lehia. SOKATIRA JOKO OLINPIKOETAN Gure aro honetako olinpiadetan hasieran, atletismoko kirol mota guztiak egitarauaren barruan azaltzen ziren, baita sokatira bera ere. Egitarauaren parte izan zen 1.900tik 1.920rarte. 1.920 urteaz geroztik egitarautik kendua izan zen Nazioarteko Batzorde Olinpikoko (COI) gehiengoaren botazioz eta jokoetako partehartzaile kopurua murriztu ahal izateko. Erabaki honek jakina, geldiarazi egin zuen, denboraldi batez, sokatiraren hedapen handiagoa nazioarte mailan.Olinpiadetako emaitzak (1.900 20) URREA ZILARRA BRONTZEA OLINPIAD 1.900 SUEDIA/ EE.BB. PARIS FRANTZI DANIMARK 1.904 EE.BB. EE.BB. EE.BB. SAINT LOUIS (EE.BB.) 1.908 BRITANIA LONDON BRITANI BRITANI HANDIA HANDIA HANDIA 1.912 SUEDIA BRITANIA STOCKHOLM BRITANI HANDIA HANDIA 1.920 EE.BB. HOLANDA AMBERES BRITANI HANDIA Amberes 1.920 Sokatirak gustuko modalitatea izaten jarraitzen du azkena izango duen olinpiada honetan. Bost dira partaideak: Britania handia, EEBB, Belgika, Holanda eta Italia. Britania Handiak Belgikari irabazten dio bi tiralditan. Lehenak 29 segundo eta 4 hamarren irauten du eta 38 segundo bigarrenak. Britaniako taldea londoneko poliziaz osaturik zegoen. Bigarren posturako EEBBek Holandaren aurka lehiatu behar zuten baina hauek gaizki ulertze batengatik Amberestik irtenda zeuden. Borrokarik gabe amerikarren taldeak eskuratu zuen bigarren postua. SOKATIRA ELKARTE NAZIONALAK: NAZIOARTEKO FEDERAZIOA Zorionez sokatira olinpiadetan ez azaldu arren, honek ez zuen kirol hau desagertarazi. Mundu osoan zehar, sokatirak bizirik darrai kirol jarduera bezala. Atletismoko elkarteen artean, sokatira oraindik diziplina atletikoa zen eta. Zenbait alditan, feria eta jaialdietan esate baterako, oso lehiaketa sutsua izaten zen herrien artean. Ekipoek sokatiraren aparteko eta burujabe izango zen erakunde baten premia ikusi zuten, Atletismoko Elkarte Nazionala, modalitate honetaz gehiegi arduratzen ez zelako. Suediarra da zaharrena: SUENSKA DARGKAMP FORBUDENT(1.933); BRITANIA HANDIA(1.958) eta HOLANDA (1.959) Elkarte nazionalak sortu ondoren, nazioartean lehiatzeko nahia eta beharra ezarian ezarian areagotzen joan ziren. Nazioarteko federazioa eratzeko ekimena 1.960. urtean hartu zuen, elkarte britaniarreko George Httonek. Federazioaren ideia, suediar elkarteko ordezkariekin lankidetzan sortu zen. 1. Nazioarteko Lehiaketa, federazio berriak antolatu zuen: Baltikoko Jokoak(1.964), Malmo Suedian. Britania Handia, Suedia, Holanda eta Danimarkak parte hartu zuten. Europako 1. Txapelketa: Cristal Palace London (1.965). Munduko 1. Txapelketa Holandan. Diru arazoak tarteko Kontinenteetako eta Munduko Txapelketak ez dira urtero antolatzen, txandaka baizik, hots, urte batean Munduko Txapelketa eta hurrengoan Kontinentekoa. Gaur egun Sokatirako Nazioarteko Federazioa(TWIF) osatzen duten herrialdeen helburu nagusia da Sokatira, kirol olinpiko bezala kontsideratua izatea. SOKATIRA EUSKAL HERRIAN Idatzizko aipamenik ez aurkitu arren, euskaldunen artean sokatira betidanik praktikatu izan den ustea dago. Ditugun aztarnarik zaharrenak, mariñelen eguneroko zereginari loturik ditugu. "Sirga"tik tiraka uretatik lehorreratzen zituzten arrantzuntziak. Era berean balearen arrantza ere aipatu behar da. Zetazeoaren heriotza lortu ondoren, zatikatzeko beharrezkoa zen arrastaka lehorreratzea burutik eta isatsetik sokaz loturik. Lanean hartutako sokari tiratzeko trebetasunari esker, euren artean lehiatzen hasi omen ziren. Etnografikoki esan behar da, soka izenak ezaugarri zeltiarrak dituela. Gaztelaniazko soga hitzak euskarazko soka hitzean du jatorria. Eta bidenabar zeltiar sukatik hartua da gure soka. Dena den, oroitzapenek eta ahozko tradizioak diote, joan zen gizaldian, sokatira desafioak ohikoak zirela euskal auzoetan. Pasadizo bezala esan daiteke, 1.915ko apirilaren 18ko, Euskal Jaietan, Atotxako futbol zelaian Sokatira lehiaketak burutu zirela, 12 gizonez osaturiko taldeekin. JOLASTOKIETA deituriko taldea gertatu zen garaile. Azpeitian ere 1.935. urtean edo, Euskal Jaietan Azpeitiko taldea, Keixeta aizkolari ospetsuak prestatu zuen, Oiartzungo taldearekin lehiatzeko, hau Espainiako txapelduna zen eta irabazi egin zieten oiartzuarrei. EUSKAL SOKATIRA NAZIOARTEAN Hirurogeita hamargarren hamarkada amaieran ezagutzen hasten da Nazioarteko sokatira. Atzerrian sokatira egiten zenik oso gutxik zekiten. Aipatu behar da hamarkada horretan Mutrikuko taldea zelajaun eta jabe Euskal Herrian eta bera izan zen 1.972an Ingalaterrako taldea Euskal Herrira ekarri zuena lur gaineko teknika erakusteko. Ordurarte ez baitzen hemen lur gaineko teknika ezagutzen. 1.978an Ingalaterran hartu zuen parte lehen aldiz klub mailan. Urte berean Montecarlo hirian burututako TWIFen Batzar Nagusian, Euskadiko ordezkariak, Espainiaren izenean, batzarkide berri bezala onartzen dituzte eta ondorioz hurrengo urtean Suediako Munduko Txapelketan, nazio mailan parte hartzen dute Aramaiok eta Mutrikuk, Euskadi (Espainia) ordezkatuz. Nuarbe 1.980an lehiatzen da lehen aldiz eta 83an Irlandan lortzen du klub mailan, 560 kilotan, urrezko domina eta 91an Suitzan nazio mailan. Geroztik ez Europako Txapelketan eta ez Mundukoetan ez dio inork irabazi azken 9 urte hauetan. Ez da hori marka makala alajaina. Nuarbek baditu 640 kilotan ere, pisu izarra sokatiran, beste bi urrezko domina nazio mailan lortuak, 93an Ingalaterran eta 97an Jersey n. Esan dezagun bestalde Euskal Herriko taldeek hala egiten ez badute ere Europako talderik indartsuenek nazio mailan selekzioak tiratzen dutela eta klub mailan ekipoak, horregatik bata eta bestearen arteko balioaren aldea. SOKATIRA MODALIDADE DESBERDINAK: Euskal Herrian sokatirak zoru gogorra izan du gehienetan tiratzeko leku. Oso urte gutxi dira lur gaineko modalitatea ezagutu dugula. Zoru gainean tiratzetik goma gainean tiratzera pasa zen 79 80 urte inguruan. Geroztik goma gaineko modalitatean Nazioarteko Txapelketa ere jokatu izan da. Lehenbizi Getxon jokatu zen 1.991an. Geroztik bi urtez behin jokatzen da mundukoa. Partaide ohi dira Europako taldeak eta Japon. Esan behar da bestalde goma gaineko tiraketa Nazioarte mailan entrenamendurako erabiltzen dela batez ere benetako modalitate baino gehiago. TIRATZEKO TEKNIKAK: Argi dago teknika desberdinak direla oso, lurrean ala goman. Askoz iraupen gehiago behar du lurrekoak, tiraldi luzeagoak dira, tiralariak lurrean hobeto kokatzen direlako. Teknika oso landua dute Ingalaterrakotaldeek batez ere. Haiei ikasi behar izan diete euskal taldeek eta zorionez ikasle onak direla frogatu dute. Dudarik ez da zortziko taldearen kokapena eta zeregina leku bakoitzean desberdina dela bakoitzaren berezitasunen arabera erabaki beharrekoa. Entrenatzaileak taldeari agintzeaz gainera gainerako talde kiroletan bezalaxe, arerioen ahuldadeak ere ikusi behar ditu une egokian agintzeko. Beste leku garrantzitsua "aingura" lana egiten duen azken tiralaria da. Berak sentitzen ditu sokaren presio uneak ongien eta bera egon ohi da altuen denak ikusiz. Oinetakoak dira beste puntu garrantzitsua bai lurrerako, bota egokiak aurkitu behar baitira egin behar den lanerako eta baita gomarako ere. Aspaldi ez dela lur gogorrean gomazko abarkak izan dira ia oraintsu arte ikusi izan ditugunak, lurrari itsasteko. Gaur egun gomari itsasteko zapatila egokiak bilatzen dituzte. PISU DESBERDINAK: 8 lagunez osaturiko taldeak dira eta gizonezkoen pisurik txikiena 560 kilotakoa. Bataz beste 70 kiloko mutilak dira. Euskal Herriko txapelketatan 600 kiloko pisua ere neurtzen da nazioartekoetan egiten ez bada ere. Bataz beste 75 kiloko mutilez osatua. Pisu izarra nazioarte mailan 640koa da, hots, 80 kilokoa bataz beste. Sarritan Euskal Herriko taldeak eskas samar ibiltzen dira pisu honetan, hots, kilo gutxiagorekin. Hurrengo pisua 680koa da, hots, 85 kilo bataz beste. Pisu handiena 720 kilokoa da, hots, 90 kiloko mutilez osatua bataz beste. Pisu honetan ez dute euskal taldeek neurririk eman oraingoz. Preparatuta 90 kilotan sartzeko mutil handiak izan behar baitute, Europa iparraldean ugariago dira horrelakoak. Emakumezkoetan, argi dagoenez pisu txikiagoak dira, 480 kilokoa, bakoitza 60 kilokoa bataz beste; 520ko, hots, 65 kilokoa eta 560koa, handiena, hots 70 kilokoa. Esan beharrik ez dago euskal taldeek mailarik onena txikienetan ematen dutela, bai goman eta baita lur gainean ere. EUSKAL HERRIA/ORDEZKARITZA: Beste gainerako kiroletan bezala Euskal Herriko agintariek badute horretan zereginiketa baita kirolariek ere. Euskal Selekzioaren aldarrikapena gero eta ozenago entzuten da gure artean eta kirolarik horretan oso aktiboki ari dira parte hartzen. Nazioarte mailan sokatirak bere kabuz orain arte egin izan dituen gestioetan ez dute aurrerapenik lortu. Argi dago ba hori lortzekotan beste maila batzutan lortu beharko dela aurrez. Nabarmena da sokatira taldeek bihotzez argi dutela Nazioarte mailan noren ordezkaritza eta laguntza duten. Antolatzaileek ordea beti SPAIN jarri ohi dute beren izenean. Lazaro Azkune, Herri Irratiko esataria Euskonews & Media 45.zbk (1999 / 9 / 8 17) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria