45 Zenbakia 1999-09-08 / 1999-09-17

Gaiak

Harri-jasotzaileak: harria baino gogorragoak

IRAZU, Ainhoa

Harri jasotzaileak: harria baino gogorragoak Harri jasotzaileak: harria baino gogorragoak * Ainhoa Irazu Harri jasotzea historiaurreko garaietan errotuta dago. Aspaldian, gizakiek harritzarrak garraiatu behar izaten zituzten arrastaka dolmenak eraikitzeko. Ondoren, basoan lan egiten zuten aizkolariek denbora pasa moduan enborrak moztuz norgehiagoka jarduten zuten legez, harginek beren indarra neurtzen zuten harria jasoz. Harri jasotzea gurean aski sustraitutako jarduera den arren, honen inguruko lehendabiziko berri historikoak joan den mendearen bukaerakoak dira. Salbuespenak ere badira, izan ere, historia egileek artxibategietan jasotako zenbait daturen arabera, harriarekin egindako desafioak eta lehiaketak asko ziren XVI. mendean, eta dirudienez, baita askoz lehenago ere. Herri kirol honen inguruko lehendabiziko aipamenak 1886an jaiotako Arteondo izeneko harri jasotzaileari buruzkoak dira. Harri jasotzaile hori izan zen harriak plazetara eraman zituen lehen gizona. Berarekin ezarri ziren harrien neurriak zein pisuak. Txapelketa garrantzitsuenak Gaur egun ezagutzen dugun harri jasotze probek, zerikusi gutxi dute orain urte asko ospatzen ziren apustu eta desafioekin. Egiteko moduaren aldetik, oinarriz, probak berdintsuak dira. Haatik, lehen, desafioak eta apustuak ziren harri jasotzearen ardatz nagusia, eta egun, erakustaldiak eta txapelketak dira nagusi. Denborak aurrera egin ahala, kirol honen inguruan egitura zehatza sortu da. Hego Euskal Herriko herrialde bakoitzak bere txapelketa jokatzen du. Iparraldeari dagokionean, Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko harri jasotzaileak Iparraldeko txapelketan lehiatzen dira. Aurtengo harri jasotze denboraldia joan den maiatzaren 16an hasi zen III. Insausti Harria Txapelketarekin. Ordutik, kirolariak markak apurtzeko ahaleginetan dabiltza. Euskal Herriko harri handien eta kinttopekoen txapelketa abuztuaren 21ean ospatu zen Ekoran. Harri txikien txapelketa, berriz, irailak 13an egingo da Artzienagan. Gaur egungo harrijasotzaileak Zalantzarik gabe, Juan Unanue, Goenatxo, Zelai eta Izeta II.a dira gaur egungo harri jasotzaile onenak. Iñaki Perurena eta Mieltxo Saralegi, gure harri jasotzaile ezagunenek, berriz, erakustaldiak eskaintzen dituzte bakarrik. Badira beste hainbat harri jasotzaile ere: Jesus Mari Iruretagoiena, Joseba Arizaga, Luis Mari Elusukorta, Jose Goikoetxea, Joseba Ostolaza, Betelu, Zelailuze, Carlos Atxa eta Isaak Martinez Gesaltzako Tigrea, besteak beste. Edonola ere, azken horiei oraindik entrenamendu ordu franko falta zaizkie punta puntako kirolarien pareko maila lortzeko. Hemendik urte batzuetara aurrekoen lekukoa hartzeko moduan egongo den gazterik ere bada: hala nola, Aiako Izeta III.a, Jon Beristain Aitzeta, Iñaki Oliden, Javier Arriola Egi eta Joseba Arizaga. 17 urteko Joseba Arizaga dugu gazteena. Horrek maiatzaren 16an egin zuen lehen agerraldia jende aurrean. Harri jasotzaile gazte gutxi Gaur egun, harri jasotzaile gazteak sortzea gauza aski zaila da. Beste garai batean, ez bezala, oso gazte gutxi hasten dira harri jasotzean. Horri buruz, Jose Ramón Aretxabaleta, Aretxabala, Leioako Eskolako Harri jasotzaileen entrenatzailearekin solastu gara. Aretxabalak 70.hamarkadan jardun zuen harri jasotzean. "Gauzak asko aldatu dira. Lehen marka okerragoak egiten ziren baina plazak jendez beteta egoten ziren. Orain, alderantzizkoa gertatzen da. Perurena, Saralegi, Goenatxo eta horiek guztiek, marka izugarriak egiten dituzte, baina, batik bat, zaharrak joaten dira plazara. Zaletasun falta dago. Horrexegatik, oso gazte gutxi animatzen dira honetan hastera" diosku Aretxabalak Gazteen gutxitzearen beste arrazoi batzuk ere, aipatu dizkigu Aretxabalak. "Kirol hau oso gogorra da, eta gaur egungo gazteak ez daude sofritzera ohituta. Bestalde, gainditzeko zailak diren markak ezarri dituzte kirolariek" diosku Jose Ramónek. Horrek hainbat eta hainbat kirolari prestatu ditu: Aretxa IIa, Yurrebaso, Ussia... Egun, 13 eta 15 urte bitarteko 3 gazteekin dabil lanean. Horien artean,Bilboko Unai Anasagasti, 15 urtetako gaztea. Nolako txapelketa halako prestakuntza Gogortasuna aipatu digu Aretxabalak. Hitz bera aipatu digu, Juan Unanue, Goenatxok, kirolariek harri jasotzean jarduteko behar dituzten ezaugarriez galdetu diogunean. "Lehenik eta behin zaletasun handia behar da, jarduna gogorra baita. Gero, noski, harri jasotzean hasi nahi duen edonork indar handia behar du" esan digu Goenatxok. Azkoitiako kirolari hori punta puntakoen artean dago. 8 urtez jarraian izan da Euskal Herriko txapelduna, eta askok diotenez, bera izango da aurtengo Euskal Herriko txapelduna. Goenatxok,139 kilo dituen Igeldoko Harriarekin errekorra ezarri du, 5 minututan 18 jasoaldi eginez. Bere azken errekorra, berriz, hauxe dugu: beruneko 175 kiloko harriarekin, ordu erdian, 37 jasoaldi. Goenatxok egunero entrenatzen du. "Prestaketa beharraren araberakoa izaten da. Oro har, harriekin zein pesekin entrenatzen dut.Lehen ez bezala orain ez naiz mendira joaten. Harri handien txapelketa baterako prestatzen ari banaiz 250 edo 260 kilotako pesekin aritzen naiz. Harri txikiak altxatu behar baditut, pisu gutxiagoko pesak erabiltzen ditut" diosku Goenatxok. Bere ustez, harri biribilak dira zailenak eta errezena, zilindro berria. Harri irregularren artean, berriz, "Arbizuriandi" omen da eusteko okerrena. Harrien ezaugarriez Gaur egun, harri jasotzean bi harri ezberdin erabiltzen dira: irregularrak eta aldez aurretik landutakoak (erregularrak). Bi modalitate ezberdin daude: harri txikiak eta harri handiak. Modalitate bakoitzean neurri ezberdinak daude. Harrien formak direla eta, irregularrek zailtasun handiagoa ematen diete kirolariei. Harri irregularren artean arrakastatsuena, 170 kilo pisatzen dituen Amezketako "Albizuriaundi" da. Euskarririk ez duenez, kirolariek azti lanak egin behar izaten dituzte harriari eusteko. Bada besterik, hala nola, Azpeitiko "Pipia" (191 kilo), Igeldoko Harria (139 kilo) edo Aiako "Arrautz" (154 kilo). Harri erregularrei dagokienean, forma ezberdinak daude:zilindrikoak, kubikoak, errektangeluarrak eta esferikoak. Forma edozein izanik ere, guztiak granitozkoak dira. Estimagarrienak "Harri beltzak" delakoak dira. Nolanahi ere, azken urteetan, berunezko harriak erabiltzen dira ere. Perurena eta Saralegi bi harri jasotzaile handi Iñaki Perurena eta Mieltxo Saralegi harri jasotzaileak dira harri jasotzaile garaikide handienak. Perurena, Leitzan jaio zen 1956an. 182 zentimetro da luze eta, 119 kilo pisatzen ditu. Nafar harri jasotzaile hau, handiena izan da harri handienetan, markak etengabe hautsiz. Bera izan zen lehena 300 kiloko harria jasotzen; 267 kilokoa jaso du beso bakarrez. Bi eskuekin, berriz, 320 kilotan du marka.Egun, erakustaldiak egiteaz gain, aktore lanetan dihardu ETBn. Perurenaren seme nagusiak aitaren lekukoa hartu du. 15 urte ditu eta 100 kilo pasatxo pisatzen ditu. 190 zentimetro da luze. Bi eskuekin 170 kilo altxatu ditu eta esku bakarrez, 130. Adituek diotenez, horrela jarraituz gero, aitaren marka guztiak apurtuko ditu. Saralegi, Leitzarra dugu ere. 1968an jaio zen. 182 zentimetro da luze, eta 132 kilo pisatzen ditu. Egun, kirol entrenatzailea da Iruñeko Jolaskide kiroldegian. Jose Luis Tobías da bere entrenatzailea. Saralegiren kirol ibilbidea ez da nolanahikoa. 12 urterekin, 80 kiloko harria jaso zuen. Urte bat, beranduago, berriz, 100 kilokoa. Hortik aurrera, urtez urte, gora egin du. Errekorra 327 kilotan du. XX. mendean, 11 harri jasotzaile Aritza, 1. Victor Zabala, Arteondoren "Arteondo", 1886an aurkako lehian jaio zen Itziarren. (1925 3 15). Luze aritu zen Harrijasotzeare harria jasotzen, 62 oinarrizko urte baitzituen faseak ikus azken erakustaldia daitezke hemen. eman zuenean. (Auñamendi entziklopedia) 2. Pedro Mari Txurruka, "Aritza". Mutrikun jaioa 1894an. Arteondo eta Aritzaren lehen desafioa 1925an egin zen Eibarren, 187,5 kiloko harriarekin. Aritza izan zen garaile 21 jasoaldiekin. Errebantxan, Arteondo izan zen garaile, 78 jasoaldiekin. 3. Jose Iraeta "Usuola" etaIgnacio Larrañaga "Etxezakorta". Biek Azkoitian jaio ziren 1907an. Biek 20. hamarkadako bukaeran protagonistak izan ziren. 4. Manuel Arakistain "Ziaran zar". 1934an, garai hartarako harrigarria izan zen errekorra ezarri zuen, 112,5 kiloko harri zilindrikoarekin 202 jasoaldi eginez. 5. Santos Iriarte "Errekartxeko". Azpeitian 1913an jaioa, 40. hamarkadako harri jasotzaile ospetsuenetarikoa izan zen. Santosek, 14, 15 eta 16 arrobatako harri kubikoarekin jardun zuen nagusiki. 6. Luis Atxaga. Aian jaioa 1925an. Ezagun egin zen 1949an, Tolosan "Soarte"ren aurkako desafioan. Atxagak irabazi zuen, 100 kiloko harri zilindrikoa 54 aldiz jasoz. 7. Luis Lopetegi "Agerre I". 1927an jaioa, erakustaldi batean hil zen enbolia batek jota. Harri kubikoetan zein errektangeluarretan ez zuen parekorik. 8. Angel Albizu "Soarte". Itziarren jaioa, harri jasotzaile handienetarikoa dugu. 1948tik 1968 bitartean, lehiaketa franko irabazi zituen. 9. Juan Ibarguren "Manterola". Soarteren dizipulua, 1959an Atxaga II.arekin Azpeitian jardundako desafioan 1988ra arte hautsi ez zen errekorra ezarri zuen Aiarrak: 152 kiloko zilindrikoarekin 82 jasoaldi. 10. Teodoro Irazusta "Usategieta". Harri jasotzaile izateaz gain, arraunlari, segalari eta aizkolari izan zen. 8 eta 9 arrobatako harriekin nagusitu zen. 11. Jose Manuel Agirre "Endañeta". Deban, 1943an jaioa. Harri errektangeluarretan nahiz kubikoetan jardun zuen, 60 eta 70eko hamarkadan. Hain zen trebea harriekin non bere lehiakideei abantaila uzten zien. Ainhoa Irazu, kazetaria Euskonews & Media 45.zbk (1999 / 9 / 8 17) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria