45 Zenbakia 1999-09-08 / 1999-09-17

Gaiak

Nuarbeko Sokatiraren Museoa: Soka eten ez dadin

IRAZU, Ainhoa

Nuarbeko Sokatiraren Museoa: Soka eten ez dadin Nuarbeko Sokatiraren Museoa: Soka eten ez dadin * Ainhoa Irazu Azpeititik (Gipuzkoa) 5 kilometrotara Nuarbe auzoa dago. 100 biztanle inguru baino ez ditu, eta hala ere, bertako sokatira taldea dugu Euskal Herriko indartsuena. Auzo horretan, sokatira sakon uztartutako kirola da. Bertan, ez dago tabernarik, ez eta kultur azpiegiturarik. Bada, baina, gure kulturaren zati garrantzitsua diren herri kirolen modalitate zaharrenetakoari sendo heltzen dion leku bat: sokatiraren museoa, alegia. Txiki nahiz bitxia, auzotarrek lanean jarraitzen dute Nuarbeko Sokatiraren museoa egitasmo zabalago baten hazia izan dadin. Sokatiraren Museoak, herri kirol hori gertutik ezagutzeko aukera ematen dio bisitariari. Helburu horrekin zabaldu zituen ateak 1995ean. Luis Mari Gurrutxaga, Nuarbeko sokatira taldeko lehendakaria, eta museoa aurrera eramateko buru belarri lanean aritu den irakasleak, eman dizkigu horren inguruko xehetasun guztiak. "Museo atal ezberdinetan, egituratuta dago. Bertan, besteak beste, gure taldearen historian murgiltzeko aukera dago. Urteak joan urteak etorri, sokatiraren inguruko material piloa bildu dugu: argazkiak, dominak, datu tekniko eta historikoak eta abar luze bat. Hargatik, horiek guztiak museoan biltzea otu zitzaigun, datozen belaunaldi berriek, sokatirak gure artean zer nolako garrantzia izan duen jakin dezaten" diosku Luis Marik. Museoa ireki aurretik, jasotako material franko, auzoko taberna bakarra zen Loreton zegoen ikusgai. Horixe zen 90eko hamarkadaren hasieran Nuarbeko sokatira taldeko kirolarien nahiz zaleen topagune nagusia. Haatik, zoritxarrak astindu zuen ekimena, izan ere, 93an, taberna erre egin zen. Nuarbetarrek, ordea, ez zuten etsi, eta lanari ekin zioten. Loreto erre ondoreneko urteetan museoa izango zenaren hastapenak finkatu zituzten. Auzolanari esker egindako museoa "Taberna erre ostean, egitasmo landuago bat gauzatzea otu zitzaigun. Zergatik ez sokatirari buruzko museoa bat abian jartzea?.Asmo horrekin bada, Azpeitiko Udalarekin zein Gipuzkoako Aldundiarekin harremanetan jarri ginen. Museoa osatzeko gure asmoa azaldu genien. Erakundeok beren laguntza eskeini ziguten" dio Luis Marik. Gipuzkoako Aldundia eta Azpeitiko Udala, ordea, ez ziren izan laguntzaile bakarrak, izan ere, Nuarbeko bizlanle guztiak batu ziren egitasmoaren alde. Behin lokala lortu ondoren, auzolanean antolatu zuten museoaren osatzea. Hori guztiari esker, egun Euskal Herrian kirol honi buruz dagoen museo bakarra dute Nuarben. Nuarbeko Sokatiraren Museoa apaizaren etxe ondoan dago, Eskola zaharrean, hain zuzen ere. 1995an inauguratu zen ofizialki. Ordutik, ostiralero, EAEko ikastetxeetako makina bat haur igaro ohi dira bertatik. Edonork bisita dezake museoa, beti ere, Udaletxean ordua aldez aurretik eskatuz. Bisitak ordu bete inguru irauten du. Mari Carmen, desagertutako Loreto tabernako etxekoandreak, gidatzen ditu haurrak museoan zehar. Sarrera, berriz, dohainik da. Zer ikusi bertan Museoak 100 metro karratu ditu. Atal ezberdinetan banaturik dago. Bakoitzak sokatiraren inguruko zenbait ezaugarriren inguruko informazioa jasotzen du: Nuarbeko taldearen bilakaera, sokatiraren baldintza teknikoak eta modalitate ezberdinak, sokatira Euskal Herrian, herri kirol horren historia zenbait herrialde eta gizataldetan, kirol olinpikoa zeneko nazioarteko sailkapenak...eta abar luze bat. Ikusentzutezko bi muntaia ere dira bertan. "Bi bideo egin ditugu. Batak, Nuarbeko taldearen bilakaeraren berri ematen du. Bestea, berriz, kirol horrek Euskal Herrian zein nazioartean duen jardunaz mintzo da". Museoaren helburu nagusia didaktikoa da. Edonola ere, Luis Mari Gurrutxaga, museoa indarberritu behar delakoan dago. "Orain arte egindako lana oso garrantzitsua izan da, Euskal Herrian dagoen sokatirari buruzko museo bakarra egin dugu eta. Nolanahi ere, uste dut, gure ekimena mugatu samarra dela. Jende askok, ez du gure museoaren berririk. Beraz, nire ustez, erakundeen esku beharko luke egon museoak, behar bezalakudeatuta egon dadin. Horrek guztiak museoa hobetzeko, eta ostean, Euskal Herri osoan ezagutarazteko aukera emango luke" diosku Luis Mari Gurrutxagak. Hala izan bedi, bada, soka eten ez dadin. Ainhoa Irazu, kazetaria Euskonews & Media 45.zbk (1999 / 9 / 8 17) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria