Harri jasotzaile baten hausnarketak Harri jasotzaile baten hausnarketak * Iñaki Perurena Orain dela ordu laurden Kanariar lurrak utzi eta, gu barruan goazen abioiak, nahiz eta abiadura izugarria daraman, oso gozo garamatza Europa aldera. Bi ordu eta erdi dauzkagu hegaldian eta tarte hauxe erabiliko dut orain dela egun batzuk Eusko Ikaskuntzako kideei emandako hitza betetzeko. Gran Kanarian herri kirol erakustaldi batean parte hartu dut. Kanariar eta euskaldunen artean osatu dugu gaurko emanaldia, eta bertako aurkezpenean entzundako hitz batzuk benetan poza eman didate. Teide izeneko herrian zen erakustaldia, eta bertako alkateak zera esan du: "Kanariar uharteetan milloi eta erdi lagun bizi gara, eta urtean hamabi milloi turista hartzen ditugu gurekin, mundu guztitik etorriak. Turista hauek eguzki bila datoz, eta horrela ikusi ohi dute hemen herri bat bizi dela, bere ohiturak eta nortasunarekin. Hori ikus dezaten, horrelako jaialdiak egiten jarraituko dugu". Adiskideok, horixe da herri kirola, eta uste dut, batzuek, behintzat, horregatik egiten dugula, eta horregatik egiten jarraitu behar dugula. Herri kirola, benetako kirola da egun, eta bihar ere, horixe izaten jarraitu behar luke. Iraganean, ordea, gure aurrekoek ez zioten herri kirolari ekiten guk orain ekiten diogun moduan. Beste modu batera eta beste zentzu batekin ekiten zioten herri kirolari, esaterako, aizkoraz egurra ebakitzen zutenak basolariak ziren, eta tarteka apustuak egiten zituzten. Belarra segaz ebakitzen zutenak, berriz, baserritarrak ziren, edo harria jasotzen zutenak, harkinak eta horien laguntzaileak, edo pitxar esneak eskuetan eramaten zituztenak, artzainak. Horien guztien arteko neurketak pixkanaka erromeri inguruko girotik atera ziren eta herrietako plazetara sartu, apustuaren bidez. Desafioa, apustua, erronka, neurketa...hori guztia ziren baina ez kirola, kirola gaur da. Gaur kirolariak zaletasunagatik edo ahalmenagatik ekingo dio herri kirolari, eta agian bere ogibide bihurtuko du herrikirola. Bestalde, prestaketa eta egiteko moduak erabat aldatu dira. Lehen aizkoran edo harri jasotzean oin hutsik egiten zen. Gaur, berriz, oinetako bereziz.Janariak, tresnak, heziketak...aldatu egin dira ere. Gauzak aldatu diren arren, egun ere, harri jasotzaileak harria jasotzen du, edo aizkolariak egurra ebaki. Gaur kirola da benetakoa, neke gogorrez egiten dena. Baina kultura ere, bada, bertan agertzen baita gure aurrekoek zer eta nola egiten zuten. Uste dut, herri kiroleko saio bakoitzean, gure aurrekoei omenalditxo bat eskeintzen diegula. Komeni da noizbehinka atzera begiratzea, aurrera bide zuzenetik jarraitzeko, eta gizaldiz gizaldi gure kirolek jarrai daitezen. Nik, euskal kirolari, eta guraso bezala txanda eskeini diot nire semeari. Berak jarraituko du nik hartutako bidea. Iñaki Perurena, harri jasotzailea Euskonews & Media 45.zbk (1999 / 9 / 8 17) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.