45 Zenbakia 1999-09-08 / 1999-09-17

Gaiak

Aizkora, gogorra bezain ikusgarria

AGIRRE, María

Aizkora, gogorra bezain ikusgarria Aizkora, gogorra bezain ikusgarria * Maria Agirre Beharbada aizkora da herri kirolen barruan kirolik gogorrena eta baita ikusgarriena ere. Aizkolariak beharrezkoa du indar handia eduki eta ondo prestatua egotea, aurrean duen enborra kolpez kolpe ebakitzea ez baita lan erraza, eta gainera, bere denbora eskatzen du lan horrek. Migel Mindegiak, kirol honetan oso ezaguna den aizkolariak dioen bezala, oso gogorra da aizkoran aritzea. "Beste herri kiroletan deskantsua hartzeko aukera duzu, baina aizkoran ez dago arnasa berritzeko betarik ere". Behin aizkolaria enbor gainean jartzen dela, aurrean dituen enborrak ebaki behar ditu, eta lan horretarako ordu erdi edo gehiago behar izaten du. Apustuetan, berriz, bi orduko saioak ere egin ditzake aizkolariak. Aizkoraren jatorriaren gainean arakatzeko, beharrezkoa da denboran atzera egitea. Erdi Aroan, untzigintzak eta burdinolek garrantzia handia zuten Euskal Herrian, eta egur eta ikatz kopuru handiak behar zirenez, ugari ziren aizkolari eta ikazkinak. Horrela, basoan aizkoran aritzen ziren gizonak, apostuak egiten hasi ziren enborra nork lehenago ebaki. Hasieran norgehiagoka horiek basoan egiten baziren ere, denborarekin indarra hartzen joan eta XIX. mendean "Fiestas Euskaras" deiturikoen egitarauaren barruan hasi ziren egiten aizkora probak. Gaur egun, berriz, herri kirol ezagunenetarikoa da. Garai batean Euskal Herrian pago ugari zegoela eta, zuhaitz hori bihurtu da aizkoraren sinbolo. Gaur egun, hala ere, hainbeste pago ez dagoenez, zuhaitz horren prezioak gora egin du nabarmen. Horregatik, ugariagoa den piñua ere erabiltzen da egun aizkoran aritzeko, baina gutxitan eta batez ere Bizkaian. Mindegiaren ustez, pagoa nobleagoa da eta berak nahiago izaten du pagoa ebaki behar izatea. Baina piñua ebakitzea ez da errazagoa, eta Mindegiak berak nahiago du piñu enbor on bat, pago enbor txar bat baino. Aizkora, kirol garestia izanik, pentsaezina da aizkolaria aizkoratik soilik bizi daitekeenik.Pilotari profesionalek ez bezala, aizkolariak ez du enpesa baten kontraturik eta ahal den moduan antolatzen ditu kirola eta eguneroko lana. Horrek ez du esan nahi aizkoran dohainik aritzen denik. Desafioa, erakustaldia edo txapelketa izan, aizkolariak diru kopuru bat poltsikoratzen du. Desafioa edo apostua, erronka bota eta diru kopuru bat jokoan jartzean datza. Kasu honetan, irabaztea lortzen duen aizkolariak eta horren alde apostu egiten dutenek poltsikoratzen dute dirua. Apostuetan, aizkolariak bi laguntzaile izaten ditu alboan: "erakusleak" aizkorakadak non eman esaten dio, eta "botilleroak" denbora neurtu eta beste aizkolariak nola doazen jakinarazten dio. Artekariak, bestalde, apustuetaz arduratzen dira. Erakustaldietan, bestalde, izaten da diru saririk ere. Kasu honetan udaletxeak edo erakustaldia antolatzen duenak diru kopuru bat ematen dio aizkolariari emandako ikuskizunarengatik. Txapelketetan, azkenik, bakarrik aritzen da aizkolaria. Euskal Herrikoa, txapelketarik garrantzitsuena, urtero antolatzen da eta aurtengo final nagusia, aizkorarako zaletasun handia duen Donezteben (Nafarroa) jokatuko da urriaren 10ean. Euskal Herriko Txapelketan maila desberdinak daude: nagusia, bigarrena, hirugarrena eta gazteena. Lehen fasean kanporaketak jokatzen dira, eta lehen sei postuetan sailkatzen direnek finalerako txartela eskuratzen dute. Iaz jokatu zen Euskal Herriko Txapelketa Nagusia Joxemari Olasagasti igeldoarrak irabazi zuen. 35 minutu eta 17 segundutan lortu zuen Olasagastik aurrean jarri zizkioten 12 enborrak erdibitzea. Ezin aipatu gabe utzi azken bi urteetan indarra hartu duten Donostiako Urrezko Kopa, Urrezko Aizkora edo Nafarroako Federazioak antolatzen duen Nafarroako bi bitako txapelketa. Lehenengo bietan Euskal Herriko aizkolari onenek parte hartzen badute, hirugarrena nafarroako sei onenei zuzendua dago. Ontza izeneko neurria erabiltzen da aizkoran, eta enborraren perimetroa neurtzeko balio du. Neurri ohikoena oinbetekoa da (36 ontza), baina apustuetan80 ontzakoak, kanakoak (108 ontzakoak), eta handiagoak, 110 ontzako enborrak, ere erabiltzen dira. Txapelketetan, berriz, kanaerdikoak (54 ontzakoak), 60 ontzakoak eta oinbikoak (72 ontzakoak). Enbor mozteak, bestalde, bi fase nagusi ditu: azalekoa eta bihotzekoa. Hasieran aizkolariak bi epai edo aizkorakada jotzen ditu enborraren gainazalean norabidea emateko. Bi epaiak puntu berean elkartzen dira, eta hortik aurrera enborraren barnealdera sartu eta kolpeka jarraituko du enborra bitan banatu arte. Gainazalerako aizkora bat erabiltzen da, eta barruko lanetarako beste bat, pisu gutxiagokoa eta zorrotzagoa. Aizkoraren gainean esan, azken 20 15 urteetan aizkora australiarra erabiltzen dela, izan ere, garai batean Euskal Herrian erabiltzen zirenak baino arinagoak eta zorrotzagoak dira australiarrak. Rafael Aguirre Frankok gogoratzen duenez, 1975ean Australiara bidaia egin zuen hango aizkolariak nola aritzen ziren ikusteko. Urtebete beranduago, 1976ko urtarrilaren 18an, Anoetako Belodromoan australiako hiru aizkolariren eta Astidia, Arria II. eta Arria III.aren arteko desafioa jokatu zen. Aizkolari australiarrek aise irabazi zieten hemengoei, eta frogatuta geratu zen aizkora australiarra askoz hobea zela. Horregatik, 1977ko azaroaren 28an Atotxako futbol zelaian egin zen norgehiagokan, aizkora australiarra erabiliz Arriak eta Mindegia nagusitu zitzaien Kanada, EEBB, Australia eta Zelanda Berritik etorri ziren aizkolariei. Ikusten denez, aizkora ez da Euskal Herrian bakarrik ezaguna. Estatu Batuetan, Kanada, Australia eta Zelanda Berrian ere izaten da aizkora lehiarik. Hala ere, toki horietan aizkora probek ez dute Euskal Herrian bezain beste irauten. Hemen aizkora proba batek 30 minutu iraun baditzake, beste toki horietan saioak 2 edo 3 minutukoak izaten dira. Gainera, Euskal Herrian batez ere baserri giroan mugitzen direnak izaten dira aizkorarekiko zaletasuna izaten dutenak. EEBBtan edo Kanadan, berriz, tenisean edo antzerako kirol batean aritu beharrean, enborrak mozteaaukera dezake abokatu nahiz mediku batek, nahiz eta modu afizionatuagoan izan. Emakumeak ere aizkoran Batez ere gizonezkoak ikusi ditugu aizkoran, baina azken urteetan izan da aizkora hartzera animatu den emakumerik ere. Hor ditugu, besteak beste, Itziar Goenaga azpeitiarra, Kristina Saralegi leitzarra eta Maika Ariztegi iturengoa. Emakumeentzat ez da erraza gizonezkoekin estuki lotuta egon den kirol honetan toki bat bilatzea, baina gaztetxoentzat ere ez. Badira laupabost gazte aizkoran ari direnak, baina jarraitzaile askorik ez du aizkorak. Koldo Alduntzin, Euskaldunon Egunkarian herri kiroletaz arduratzen den kazetariak adierazi bezala, lana ematen du aizkorak. "Gaur egun gazte gutxik egiten du lan basoan. Ez dute egurra eskura eta entrenamenduetarako egurra ekarri eta prestatu egin behar dute. Alde horretatik, beste kirol batzuk errazagoak dira gazteentzat. Gainera, laguntza teknikoa eta prestatzaile egokiak aurkitzea ez dago hain eskura". Alduntzinen ustez, erakustaldietan parte hartzeko gonbitea egiteak asko animatuko lituzke aizkoran lehen pausuak ematen ari diren gazteak, eta baita ez hain gazte ez direnak ere. Aizkolari ezagunenak Aizkoraren inguruko idatzizko lehen erreferentzia 1802ko ekainaren 7koa da. Egun horretan, Hernaniko plazan, Ramon Elizalde Ezkurrakoa eta Astigarragako Hernandorenaren arteko apustua jokatu zen. Aizkolariei dagokienez, XIX. mende bukaerako aizkolari ezagunenak hauek izan dira: Agustin Unanue, Manuel Azpillaga, Juan Bautista Aierretxe, Antonio Garcia "Iturritxa", Francisco Iriondo "Otola", Manuel Uruesagasti, Ignacio Amutxategi "Arbiseta" eta Roque Epelde. Baina zalantza gabe, Joxe Arrospide azpeitiarra izan zen XIX mende bukaerako aizkolaririk ospetsuena. Ondoren etorri ziren Pedro Mari Otaño "Santa Agueda", Joxe Martin Goenaga "Atxumarria" eta Joxe Aranburu "Keixeta". Geroago, berriz, "Arria", "Korta", "Luxia", "Errekalde" edo "Polipaso". Gaur egun puntakoak diren aizkolari batzuk aipatzearren Donato Larretxea, Migel Mindegia etaJoxemari Olasagastiren izenak azpimarra daitezke. Argazkiak: Eusko Ikaskuntzaren Argazki Artxiboa eta Euskaldunon Egunkaria Euskonews & Media 45.zbk (1999 / 9 / 8 17) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria