Euskal baso paisaien baloreak eta hauen babesa Euskal baso paisaien baloreak eta hauen babesa * Miren Askasibar Bereziartua Paisaiari dagokionez, honekin erlazionatzen diren baloreak aztertzeari ekitean pertzepzioaren eremuan sartzea ezinbestekoa da. Paisaia gizakia bere inguruaz jabetzean lurraldeak irabazten duen koalitatea da, eta inguruaz jabetzearen prozesu horretan gizakiak bere inguruneari baloreak ezartzen dizkio, lurrarekin dituen loturen adierazle direnak. Lotura eta balore hauek era askotakoak izan daitezke: alde batetik, inguruarekin sortzen diren loturak, eta ondorioz ingurune horri ezartzen zaizkion baloreak banakoak edo taldekoak izan daitezke, eta bestalde, lotura eta balore hauen izaerari dagokionez mota ezberdinetakoak izan daitezke, hala nola, emoziozkoak, nortasunezkoak, estetikoak, sinbolikoak, izpiritualak, eta abar. Paisaia sinboliko edo ikonikoak inguruneari tankera honetako baloreak ematean sortzen dira hain zuzen ere. Paisaia jakin batekin, edo paisaia mota jakin batekin sortutako loturak gizatalde oso baten ondare komunaren osagai bihurtzen direnean, talde horrek paisaia horiek bere nortasunaren adierazle bihurtzen ditu, eta taldeko kideek amankomunean duten ondare kulturalaren zati bat bilakatzen dira. Euskal Herrian, baso paisaien inguruan honelako prozesu bat gertatu dela esan daiteke, artea, historia, erlijioa, kirola, eta eguneroko bizitzaren zati diren hainbat euskal paisaia ikonikotan mendi eta basoak nagusitzen direla ikus daiteke eta. Honela, literaturan, margogintzan, zinean eta beste arte motetan agertzen diren tokiak; prehistoria eta historiako gertakizun askorekin lotutako tokiak; mitologia eta erlijioarekin erlazionaturiko tokiak; eta euskal kulturaren gordailu diren tokiak mendi eta basoekin erlazionaturik daude gehienetan. Hau dela eta, mota honetako paisaiek garrantzi berezia dute Euskal Herrian, eta ondorioz arreta berezia merezi dute ere. Garai batetan, mendi eta basoak naturaren indar on eta gaiztoen iturri ziren,altxorrak eta pizti beldurgarriak aldi berean gordez, ipuin eta kondairetan erakusten zaigun moduan. Gaur egun, aldiz, baso eta oihanak balore positiboekin lotzen dira soilik: estresa, ustelkeria eta maltzurkeria pairatzen ez dituzten eta naturarekin bat bizi diren azken gizataldeen etxe dira; orain sendaezinak diren gaitzak sendatu ahal izateko sustantziak gordetzen dituzte; gizakiak ezagutu aurretik desagertzeko arriskuan dauden landare eta animaliei babesa ematen diete; eta herri industrializatuenetan Naturaren gordailu dira. Mendiak, basoak eta oihanak Natura badira, beraien itxura, hau da, osatzen dituzten paisaiak, naturalak beharko dute izan. Baina, zein da itxura natural hau? Baso eta oihan naturalen ezaguera, eta gizakiaren pertzepzioa arautzen duten prozesuen azterketa konbinatuz, baso paisaiak eta naturaltasunaren arteko erlazioaren inguruan basoen kudeaketan baliagarriak suerta daitezkeen ondorio batzuk aurkez daitezke: Baso naturaletan lurzoruaren ezaugarriak, erliebeak, eta hauen ondorioz sortzen diren hazkuntzarako baldintza desberdinak direla eta, masaren kanpoko ertzek forma lobulatuak, bihurriak, kurbadunak izaten dituzte; marra zuzenak, eta are gehiago angelu zuzenak oso arraroak direlarik. Paisaian marra zuzenak, paraleloak eta perpendikularrak azaltzea gizakiaren ekintzen arrasto argia da, beraz. Baso naturalak osatzen dituzten zuhaitz, zuhaixka eta landare belarkaren aleen kokapena irregularra izaten da, bai ale batetik bestera dagoen distantziari dagokionez, baita espezie ezberdinen banaketari dagokionez. Gizakiak zuhaitz eta zuhaixkak landatzen dituenean, aldiz, hauen landaketa, hazkuntza eta ondorengo uztaren bilketari ekiteko beharrezkoak diren lanak erosoagoak izan daitezen aleak bata bestearengandik distantzia jakin batetan landatzen ditu, eta espezieak nahasten baditu, banaketa erregular batek eskainitako eskema erabiliz egiten du. Honela, gainera, naturaltasun gutxi duten lerro zuzenak sortzen ditu paisaian. Euskal Herrian hain hedaturikdauden zuhaitz landaketak ekologia eta botanikaren ikuspegitik basoak ez diren arren, ukaezina da zuhaitzak nagusitzen direneko paisaiak osatzen dituztela. Hau dela eta, populazioaren zati handi batek gizakiak kudeaturiko zuhaitz masa hauetan ere naturaltasunaren izpiren bat bilatzen du. Bestalde, ingurugiroa eta naturaren babesa eta hobekuntzarekin erlazionaturiko politika eta ekintzen garapenak zuhaitzen landaketa hauetan balio naturalak areagotzea kudeaketaren helburuetako bat izatea ekarri dute. Beraz, gizakiak kudeaturiko basoetan, eta zuhaitz landaketetan, ondoko ekintzak faboratu beharko lirateke, hauen ezaugarri naturalen hobekuntza paisaiaren kalitatearen hobekuntzan islatzea nahi bada: Forma lobulatuetarantz jo, horretarako elkarren ondoko lursailen jabeak ados jartzea beharrezkoa dela kontutan hartuz, askotan paisaian unitate bakar moduan ikusten den basoa benetan lursail ezberdinen batura baita. Ahal den neurrian beraien artean paralelo diren marra zuzenak, marra zuzen perpendikularrak, eta sestra kurbekiko paralelo edo perpendikular diren marra zuzenak sortzea ekiditea garrantzitsua da, bai masak mugatzen dituzten marretan, baita pista, suebaki eta bestelako bideetan, edo landareen banaketan. Paisaian marra zuzenak azaltzen direnean (suebakiak, elektrizitate lineak, eta abar), hauek beste elementu berriak ezartzeko ardatz moduan erabiltzea ekiditea beharrezkoa da, horrela ez bada erregulartasunaren efektua areagotuko litzateke eta. Basoek zeruertza zeharkatzean, mendien gailurretarik ahalik eta urrunen egin beharko lukete, erliebearekiko eta garrantzitsuen den bistarekiko diagonala den ardatz bat jarraituz. Hau, noski, ezinezkoa da baso guztietan eta ikuspuntu guztietatik lortzea, eta honegatik zenbait basori edo ikuspunturi lehentasuna eman beharko litzaieke. Basoak, orokorrean, paisaiaren eskalarekin bat etorri beharko lukete, hau da, eskala zabala den tokian eta agertzen diren paisaiaren unitateek lur eremu zabalak betetzen dituztenean, basoekere lur eremu zabala bete beharko lukete; eta aldiz unitate txikiz osatutako mosaiko itxurako paisaietan basoak tamaina txikiko unitateetan banatu beharko lirateke, paisaiaren aldetik integrazio ona lortzeko. Bestalde, gogoan izan behar da orokorrean paisaiaren alde jokatzen duten neurri hauek balio naturalen onurarako direla, eta horregatik paisaiaren kalitatea hobetzeko ematen diren pausoak direla bide, baso hauen ezaugarri naturalen hobekuntza ematen da. Miren Askasibar Bereziartua, Paisaia, S.M. ko langilea Euskonews & Media 108.zbk (2001 / 1 26 / 2 2) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.