108 Zenbakia 2001-01-26 / 2001-02-02

Gaiak

Naturgune babestuak Euskal Herrian

AIZPURU, Iñaki

Naturgune babestuak Euskal Herrian Naturgune babestuak Euskal Herrian * Iñaki Aizpuru Aintzinatik gizakiaren aberri, Euskal Herrian nolabait eraldatu gabeko inguru zabalik ez zaigu ia geratzen. Hala ere, gizakiaren eragin hori oso desberdina azaltzen zaigu inguru batzuetatik besteetara eta, Natura aipatzen dugunean, berezko ekosistemak izango zirenetik gertuen geratzen direnetaz pentsatzen ari gara, nekazaritza, abeltzaintza edo basogintzarako erabiltzen diren hainbat sail hain zuzen ere Bizitzaren geografi aldetik, hiru eragile orokor nagusitzen dira Euskal Herrian, klima handiak eratzen dituztenak: Atlantiarra euritsua eta epela iparraldetik, Mediterranearra lehorra hegoaldetik eta elur eta izotza mendi aldetik, Piriniotarra, Auñamendi ingurutik barrena. Hain klima desberdinak izateak, bioaniztasun aberatsa dakar berarekin eta lurraldea hain txikia bada ere, Europar Kontinentean aurkitu ditzakegun ekosistemen ordezkaritza zabal bat du berean. Hariztiak eta pagadiak isuarialde kantauriarrean, artadiak eta erkameztiak Ebroko haranari begiratzen dioten lurretan, pinudiak eta mendi larreak Piriniora arrimatzen diren lurretan. Orain milaka urte batzuk, basoak nagusitzen zireneko lurralde hontan, gizakiaren eraginak eremu zabal eta irekiak sortzen joan da orain gutxi arte, ikus dezakegun paisai anitza lortu arte. Horien lekukoak gordetzearren hainbat Parke Natural, Erreserba edo Biotopo Babestu deklaratu dira, hala nola, Urbasa edo Bardeak Nafarroan, Araba eta Bizkaia elkartzen dituzten Gorbea eta Urkiola, edota Aiako Harria edo Aralar Gipuzkoan beste batzuren artean. Gizakiaren eraginak hainbat aldaketa izan ditu orain arte bainan azken hamarkadetan ematen ari direnak inoiz baino handiago eta zabalagoak dira. Orain gutxi arte, lurralde osoan zabaldurik bizi zen gizartea gune batzutan pilatzen ari da eta eremu gero eta zabalagoak hutsik geratzen ari zaizkigu. Horrela, Natura erasotzeko beharra eta ahalmena geroz eta handigoak bihurtzen ari diren honetan, gizakiarenkudeaketa ahalmena murrizten doa hainbat lekutan, gero eta eremu zabalagoak ia eraginik gabe utziz. Egoera honen aurrean, natura gordetzeko herri agintariek izan dezaketen kezka, herri eta eskualde asko eta asko hustutzeak sortzen duenarekin batera doaz. Horregatik, Natur Eremu Babestuak deklaratzerakoan flora edo faunako espezieak, ekosistemak eta paisaiak kontutan hartzen diren bezala, eremu horietan dauden herrien etorkizuna kontutan hartzea ezinbestekoa gertatzen da. Horregatik, Naturagune Babestuetarako Antolaketa Planak eratzen direnean, nekazal jarduerak mantentzea eta hobetzea dira kontutan hartzen diren helburu nagusienetakoak. Azken finean, babes ikuspegitik ere, ekosistema horietako elementuak eragin hauetara egokitu dira mendeetan zehar eta beraien iraupena eta jarduera hauena lotuta doaz. Honen adibide argia gure mendietan dugu; Aralar edo Aizkorri bezalako mendietan interes haundiko hainbat landare eta animali ditugu eta hauetatik asko goikaldeko larreetan eta larreetatik bizi dira. Kontutan izanik larre hauek ez direla berezkoak baizik gizakien aziendak eratu eta mententzen dituenak, mendi hauetan larreratzen den azienda gutxitu edo desagertuz gero, ekosistema hauen oreka eten eta espezie askoren etorkizuna arriskuan jarriko litzateke. Espezie horien artean ezagunenetakoak, hegazti harrapari haundiak ditugu, hala nola, sai arrea, sai zuria, ugatza edo arrano beltza. Bere urritasuna dela eta, Naturagune Babestuen helburuetako bat horien iraupena ziurtatzea izango da eta, horretarako, ezinbestekoa da azienda eta artzaiak mantentzea. Horregatik, Aralarkoa bezalako Parke Natural batean, bertako fauna bitxia iraunarazteko bide egokienak, ohiko artzantza mantentzera doazenak izango dira. Baina jarduera horiek mantentzeko ahaleginak ez dira zeharkako helburuetan bakarrik oinarritzen, nahiz eta horiek garrantzitsuak izan. Bizi gareneko gizarte honetan arriskuan dagoena ez baita landaretza edo fauna bakarrik baizik eta, hauekin batera, ar tzantza edo nekazaritzabezalako jarduerak. Adibide hau Araban edo batez ere Nafarroan eremu handietara zabaldu dezakegu, Erronkari edo Zaraitzu bezalako haranetara, Urbasa eta Lokiz bezalako mendietara etab., Horregatik, Parke Naturaletarako Antolaketa Planak egiten direnean, hiru izaten dira helburu nagusiak: Natura babestea Bertako gizartea eta ekonomia suspertzea Natura jendeari zabalduz, heziketa eta aisia egokitzea Naturak bere zati bakoitzean dituen aberastasunak erakusteko modua egitea dirudi oraingoz bertako ekonomia nolabait suspertzeko modu egokiena, naturako turismoa eratuz eta zabalduz. Edozein gauza irensteko, gero eta ahalmen gahiago duen gizarte honetan, Naturarentzat egokia izango den babesa eta jendea erakarri nahi duten ekimen hauen artean oreka egoki bat lortzea da egun Natur Ingurune Babestuak duten erronka nagusienetako bat. Iñaki Aizpuru, Aralar Parke Naturaleko zuzendaria Argazkiak: Gipuzkoako Gida Turistikoa webgunetik Euskonews & Media 108.zbk (2001 / 1 26 / 2 2) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria