108 Zenbakia 2001-01-26 / 2001-02-02

Gaiak

Euskal mendi eta basoak

RUIZ URRESTARAZU, Manuel Maria

Euskal mendi eta basoak Euskal mendi eta basoak * Manuel Mª Ruiz Urrestarazu Arbasoen oihanak oihan mardulak zirela pentsatu izan ohi dugu. Zelakoak ziren ba edo uste dugun zirelarik gure arbasoen oihanak? Aspaldiko basoak, oihanak, nolakoak ziren jakitea betidanik interesatu zaigu. Antzinako garaiaren mendi eta basoen egoera ezagutzea inbestigazio zehatzen jarduera litzateke. Zehatz mehatz jakin jakitea ez zen ahalegin makala izango. Baina azalpen honetan, honelako azalera orokor batetan, zehaztasuna mehazkeria gerta lekiguke eta egokiagoa iruditzen zait garai haietako basoei gainetikako begirada lasaia botatzea, zertzelada batzuk opatzea eta pintore inpresionisten modura, joandako euskal oihanen enbor liluragarri bezain ilunpeko hura irudi mardo baten itxuran zuei hemen agertzea. Ez naiz aurrehistoriaren bidezidor estuetan sartuko. Pinu eta urkiak jaun eta jabe ziren garai haietan airera bota zuten eta gaurdaino zohi ikaztegietan gordeta izan den polena hor bego. Aski izan bekit "Anni Domini" deitzen ditugun azken bi mila urte hauetako basoen bilakaera zuei azaltzea. Mitxelena hizkuntzalariak idatzi zuen bezala, Akitanian aurkitutako erromatar garaiko harlanduetan agertu ziren inskripzioak gaurko euskarazko arbola arrunteren izenen bidez argi genezazke. Lau izen bildu zituen inskripzio haietan Mitxelenak: arixo, artehe, fago eta leheren. Arixo haritz, artehe art(h)e, fago pago eta leheren leher (pinu). Baso testigantza hura euskaraz idatzitako lehenengoa litzateke. Izandako basoen beste testigu irmo bat toponimia zaharrean legoke. Toponimiari so egiten badiogu adierazpen jori eta mamitsu topatzen ditugu. Landare toponimo baten oparotasuna, hor hemen errepikatzea, landare beraren sarritasunaz mintzo da. Hori dela eta, haritzak, pagoa eta artea espezie gailenak ziren joandako azken bi mila urteetan, bertako espezieen artean behintzat. Haiekin batera pinuek ere beren garrantzia bazuten Euskal Herriko bi ertzetan: ekialdean eta mendebaldean; garrantzitsua zen batezere leher gorria edo pinu silbestre deritzana. Bigarren garrantziko espezie multzoa ere ez da toponimian alboragarria; interesantea da oso. Dena dela eta haritzen aztarna gure lurrean hain nabarmena izanik, gera nadin puska batean behintzat Quercus Genus honetan. Euskaraz haritz izena ematen zaie Quercus robur L. eta Quercus petraea (Matt.) Liebl. ri. Baina ez bakarrik bi espezie hauei. Quercus faginea Lamk. eta Quercus humilis Miller espezieen euskal izena ere eta beti toponimiari jarraituz haritzarena da. Bada beste Quercus espezie bat, Quercus pyrenaica Willd. delakoa, bere izen propioarekin euskaraz, gure ametza alegia. Toponimian garbi bereizten da haritz eta ametz izenen artean. Baina badago Nafarroako haran bakan batzuetan beste izen berezi eta bitxi bat. Ezkametz izena. Ezkametz izen hori goi nafarreraz hitz egiten den haran edo ibar hauetan gertatzen da: Imotz, Odieta eta Anue. Hor bildu zituen Xabier Irigarai ingeniariak ezkametz deitura eta bere barianteak; hauen artean erkametz erreduna; herren ez ibiltzearren jo dezadun behingoz hitz horren errora, izen zuzen zein den erabakitzeko. Ezkametz izena izen konposaturikoa da. Ezk eta ametz dira bi osagaiak. Etimologiaz izen hibridoa da. Ametz nondik datorren argi dago. Eta aurreneko zati hori, Ezk soil hori zer da? Pierre Landhe ren Hiztegira jotzen badugu han aurkitzen dugu ezkanda hitza eta honen esan nahia adierazteko esaten digu: vide harixkanda. Plazido Mujikaren Hiztegian miakatuz gero hor agertzen da pottol exkamotx (alto navarro) = "roble de hoja rizada y ramas cortadas". Eta azken froga beharko bagenu, ezk hori harizko dela ikusteko hor dugu erruz erabiltzen dugun ezkur hitza. Zer da ba ezkur ezk hur, haritz hur, harizko hur baino. Xabier Irigaraik berak Odieta ibarreko Gendulain herrian haritz ametz bariantea aurkitu zuen, ametzari zuzenduta hori bai, Quercus en nabaritasunak gehiago nahastuz; baina hizkuntzari gagozkionez berezitasun falta hori azalekoa gertatzen zaigu kasu honetan, hitzaren mamiahitz beraren konposaketan bertan baitatza; haritz ametz honek argi eta garbi uzten digu zein den egiazko euskal izena Nafarroako ibar horietan: ezkametza. Toponimiara itzuliz, eta ezkametz izen hori euskararen zokotasun polita bada ere, toki izenetan berriz haritz eta ametz formak dira agertzen direnak, batez ere haritza, haritzak izanik espezie multzo zabalduena Euskal Herrian eta inguruko herrietan. Zuhaitz eta zuhaitzetik etorritako toponimoak ere maiz agertzen zaizkigu gure herrian. Dirudienez zuhaitz eta haritz hitzak erlazionatuak dira eta zuhaiztiak hariztiak omen dira. Hariztien eta ameztien berezko zabalerera joanez, lehengo egoera hauxe zen: hariztiak, lur marduletan haritz hosto zabalekoak eta lur idorragotan haritz hosto txikikoak, eta ameztiak, beste aldetik, hareatsuetan, euskal mendi eta ibarretan edonon topatzen ziren, batez ere hariztiak. Aspaldidanik murriztuz joan ziren ibar gurenetako hariztiak, nekazaritzaren zabalkundearekin batera. Hori izan zen hariztien urritasunaren zio nabaria. Artatza eta artadiak lur gutxiko maldetan, eguteretan, kare harkaitzetako lur zuloetan aurkitzen ditugu. Ebro ondoko eskualde sikuagoetan, berriz, arteak lur hobeagotan ere aurkitzen ditugu. Pagadiak. Gaur ditugun baso ederren artean beharbada ederrena. Batez ere biharko egunari begiratzen badiogu, eta dauden pagadiak behar den bezala maneatzen baditugu. Diren pago basoak, osoan begiratuta, zirenak dira eta gainera eta lur zabalerari so egiten badiogu handiagoak ia Euskal Herri osoan. Pagoa azken mendeetan gehiagora joan den espeziea dugu. Batez ere goiko mendietan. Pagoaren gehiagotze horretan, batzuetan, beste espezieren kalte gertatu da, hala nola haritzarenean, basoaren itzalak pagoaren alde jokatzen baitu. Espezie laguntzaileei gagozkiolarik, euskal toponimian aztarna askotarikoak eta zabalekoak izan dira, beren maiztasunaren ondorio bezala. Arbola laguntzaileak deitzen direnak lehengo mendeetan, gaur egun bezala, eta dirudienez gaur baino gehiagotan, sarri aurkitzenziren gure mendietan. Baso txikietan, multzoetan, taldeetan, bakanetan. Hagina, lizarrak, ezkiak, sahatsak, zumarrak, haltza, hurritza, iharrak, astigar edo azkarra, urkiak eta frutarbolak edonon gordetzen dira euskal toki izenetan. Sastraka eta sasiak. Arbola gabeko mendiak ezagutzen ditugu Euskal Herrian. Baina ia kasu guztietan, gehienetan behintzat, gizonak denboraren poderioz horrela moldatu dituelako. Azienda edo ganaduaren bidez, nohiz behinka suaren laguntzaz, arian arian, aspaldiko baso eta oihanak iratzagorri, garobel, otegi, otakadui, ilarratza, iñarradi, orreaga, ipurua, sasieta, isasti, arantzazu, elorrieta eta abar bihurtu ziren, lehengo zuhaitz lerden haiek sastraka konkor bilakatuz. Huraxe bai izan zela bihurkera atzerakoia. Ederra eder mantendu ordez motz bihurtu. XVIII mendea, argien mendea, Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen eskutik, Peñaflorida kontearen lehendakaritzapean, ikusiko dugu. Urte haietan Azkoitiko Intxausti Jauregia (Intxausti horrek ere baso edo baserri kutsuko izena daramalarik) eta Bergarako Seminarioa Zientziaren santutegi bihurtu baitziren. Orduan hasi ziren, Ameriketatik batez ere, espezie berriak ekartzen. Europako parke eta jardin edo lorategietan barreiatu ziren espezie horiek, lehendik zetorren aspaldiko parkeen itxura aldatuz eta neurri inportante batean itxura hori ederragotuz. Paisaiaren estetika berria osatu zen. Gaur zail egingo litzaiguke diren parke eta jauregi askotatik espezie handi eta eder horiek kenduko bagenitu. Atlantiar Europako parke eta etxalde askotan ingurua hain nabar ornitzen duten zedro, izei, sekuoia, taxodium, hemlock, arbor vitae eta hainbeste eta hainbeste espezie, ez bakarrik Ameriketatik, baita Japonia, Txina, India, Australia eta beste herri askotatik ekarritakoak ere aisa europartu ziren. Ordutik datoz leku izen batzuk gure herrian. Horra hor Durangoko Pinondo, Zudaireko Pinodieta baserria (Nafarroa beherean). Kontura gaitezen orduko toponimoetan pino forman sartua zela euskaran egungo piñua.(Nafarroako toponimian Pinadibeltz, Pinaduia, Piñodia, Pinadorre, Pinape,... badira), ler forma Erronkarin pino silbestrerako gordetzen zen bitartean. Gero XIX eta XX mendeen aldagunean beste pino mota bat etorriko zaigu gure mendi eta baserri edo etxaldeetara; hizkuntzaren permebilitatea handiagoa zen ordurako eta pino forma zaharragotik pinu forma berriagora igaroko zen; harrez gero pinua esaten bazen artikuludun hitzean pinu geratuko zen artikulugabekoan ere. Honaino euskarazko hausnarketa hau. Ikustapen zabala eskaini dizuet eta gaztelaniaz arituko naiz hurrengoan, mendiak, basoak eta horien barruan zuhaitzak nola kokatzen diren eta hori dena gizonaren eskuz nola moldatu den mendeetan zehar eta nola gero eta moldatuagoa izango den gure munduan. Inozenzio Munita apaiz basozale hura gogoratuz, XX mendeko erdialdean Araman aritu zena, abadegintzan zein basagintzan jakituna; ondo eta egoki hazten ziren zuhaitzen zabaltzaile sutsua izan zen gipuzkoar apaiz argia. Munita apaizak erakusten zigun bezala, gogora dezagun Gipuzkoan ezaguna zen eta ia gaurkotu behar ez duen aspaldiko esaldi hura (gaurkotzekotan erreka dioen lekuan ura ulertu behar genuke); esaldi harek hauxe zioen: "Basoa eta erreka auzo, hau ez duen etxea gaizto". Manuel Mª Ruiz Urrestarazu, Arabako Foru Aldundiko Ingurugiro zuzendaria Euskonews & Media 108.zbk (2001 / 1 26 / 2 2) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria