791 Zenbakia 2025-11-15 / 2026-01-15

Gaiak

Euskera xuxurla gisa

PIERRE, Thomas

Antropologoa

Gelatik irtetera zihoala, izebak, duin eta akituta, hezur eta azal, ahotsa ahulduta, galdetu zion: “Bakarka euskara ikasteko metodoa ekarriko zenidake hurrengo bisitan?”. Hasteko, harrituta utzi zuen eskaera bat. Ondoren, berehala erantzun beharreko eskaera bat. Aukera bat izebari mesedea egiteko, eta sendatu ezin zenaren aurrean baliagarri izateko. Kontsolamendu pixka bat emateko aukera. Medikuak harrituta zeuden gaixotasunaren aurreko irmotasuna ikusita. Familiari aitortu zioten: emakume hark aurre egiten zion. Bizi egin nahi zuen. Eta, erremediorik gabekoaren kontrako azken saiakera horretan, euskal letretan murgildu nahi zuen, oraindik garaiz zegoen bitartean. Bakarka eskuliburuak izan behar zuen bere oheburuko liburua. Bere kontsolamendua. Bere lasaigarria. Bare egoteko modua. Funtsezkoa denari ekin nahi zion izebak. Itxaropena gorpuzten zuen liburuari. Hizkuntzak aurrera jarraitu nahi zuen, itxaropena erakusten zion, eta izebak behar zuen euskarri hori. Eusten duenaz fidatu. Iraun behar duenaz fidatu. Norberaren zati horrek iraun egingo zuen, hizkuntza baita arimaren sinonimoa.

Euskara ikastea ez zen bere asmoa bakarrik. Euskaldunen ondorengo askoren behar komuna baizik. Askoren buruan jira-biraka dabilen pentsamendua. Bizitza osoan. Elkarren segidan datozen olatuetan. Azken arnaseraino irauten duen beharra. Hain urrutitik datorren eta hain gertu daukagun hizkuntza ikastea. Etenaren kolpea. Haustura-sentimenduaren iraunkortasuna. Hizkuntzaz jabetzea, erronka. Hitzekiko eta hildakoenganako leialtasunaren seinale. Ase gabeko desioa, gehienetan. Askapena batzuetan, erronkari aurre egiten zaionean. Kasu batean zein bestean, norberak baztertu ezin duen sentimendu bat: hizkuntzaren garrantzia. Haren tamaina. Hizkuntzaren inguruan mugitzen da euskal munduari dagokion dena. Han sortzen da sentitzen den guztia.

Izeba euskara jaso ez zuen lehen belaunaldi hartakoa zen. Edo hein oso txikian jaso zuen. Partzialki. Progresuaren eta justifikazio pila baten izenean, Aitorren intonazioak erabili ezin izan zituen belaunaldi hartakoa. Belaunaldi hark hizkuntza entzun zuen, baina ezin izan zuen benetan menderatu. Ez zen gutxi. Euskotarra izatea zen kontua, ez euskalduna. Zauri bat. Batzuek, hamaika argudio erabilita, trauma arintzat jo zuten. Beste batzuentzat, ordea, neurtezina izan zen injustizia, hain sakona ezen isildu egin behar izan baita. Kaltea zuzenean jaso zutenek bakarrik dakite, zekiten, nolakoa den egoera hura. Gehienek ez zuten inoiz aitortu. Edo zeharka egin zuten, iradokizunen bidez. Begirada galduta. Txantxetan, bestela. Umorea baliatuz terapia gisa. Ez ziren familian haserretzeko moduko kontuak behin eta berriz esaten zituzten horietakoak. Eta gainera, ezin diezu errua gurasoei bota. Ez da zilegi. Arrazoi onak izango zituzten. Eta, gainera, euskarak kantuaren hizkuntza izaten jarraitzen zuen. Garrantzia duten uneen hizkuntza. Sehaska-kanten, bataioen, ezkontzen eta ehorzketen hizkuntza. Hori ere bazen zerbait. Konpentsazio bat. Zutik eustea.

Beraien seme-alabek bazuten zauri horren berri. Bazekiten zer zen. Malenkonia hori heredatu zuten. Antzeko zerbait sentitzen zuten. Gabezia. Baina gabeziak ez du inondik inora absentziaren antzik. Ez du zerikusirik galerarekin. Gabezia presentzia bat da. Etengabeko xuxurla. Ahanzturaren espazioari arrotza zaion sentimendua. Orainaldi bat. Gainditu ezin den egoera psikiko bat, zarena egiten zaituena. Eta izan zintezkeena egiten zaituena.

Gaur egun jakina da giza zelulek barruan daramatela sentimenduen memoria. Pozen eta malenkonien memoria. Sentsazioak, intuizioak transmititu egiten dira, norbanako batetik bestera, belaunaldi batetik bestera. Esparru mental horrek iraun egiten du. Horregatik, erabileraren aldetik umezurtz izan arren, norbanakoek adinik gabeko hizkuntzarekin amesten zuten, kanta eta bultza egiten zioten, berpiztu zedin. Bedeinkapenaren garaia heltzean, izebak ere parte hartuko zuen mugimendu hartan. Lasai. Betikotasunaren bila.