
Gaiak
Liburuen isiltasun samurra
Denok dakigu, unibertsitateko titulu batek gordetzen duen egindako bide isilean, pedagogiaren ezaugarriak aurkitzen direla. Denbora eta espazio ezberdinetan gertatutakoak, titulazioa jaso arte, agertzen dituzte ezaugarri pertsonalak eta pedagogikoak txirikordatuak. Azken batean nola egin den bidea garrantzitsuena izanik.
Gauza bera gertatzen da idazkerarekin. Beti gustukoa izan dut idaztea, nerabe garaian egunerokoa idazten nuen eta hemeretzi urtekin etxetik atera nintzenean, nire lagun Maite Imaz Sobrinori, utzi nion idatzitako egunerokoa. Gero ikasketak zirela tartean eta unibertsitatean, nire idazmenak naturaltasuna galdu zuen, gaiak gainditzeko bakarrik idazten bainuen. Baina, Brasilen São Pauloko Pontifizia Unibertsitate Katolikan, Paulo Freirek esan zidanean, “horrelako artikuluak zure hizkuntzan eta zure herrian idatzi beharko zenituzke”, nire izaera profesionala aldatzen hasi zen. Ordun 40 urte nituen eta pedagogia ikasketak egindakoa nintzen baina une hartan sentitu nuena inoiz sentitu gabea nintzen. Hau gertatu zen, kurtsoa gainditzeko indibidualki egin nuen testua, berak irakurri ondoren. Entzun niona ezin nuen sinetsi eta bi aldiz errepikatu behar izan zidan esandakoa, berarekin ohituta geunden pedagogia samur eta tinkoan, ongi ulertu nendin. Orduan jakin nuen, Freirek ez zuela nire testua bakarrik irakurri, ni ere irakurri ninduela. Etxera itzuli nintzenean eta Joxerra, nire senarrari esan nionean gertatutakoa, Zeruko Argia aldizkaria jasotzen genuenez, nire lehenengo artikulua bidali nuen aldizkari honetara, Paulo Freirerekin izandako topaketari buruz eta berriro ere etxeko kutxan hurrengo zenbakia jaso genuenean ikusi genuen bazetorrela ditxosozko artikulua. Hunkiturik geratu nintzen. Orduz gero idazteari ez diot utzi.
Paulo Freireri eskertu nahian, Euskal Herrira itzultzea gindoazenean, bere “A importância do ato de ler” euskarara itzuli nahi izan nuen Udako Euskal Unibertsitatearen babespean. Autore eskubideak eman zizkigun eta “Irakurtzeko Egintzaren Garrantzia” argitaratu genuen. Garai honetan hasia nintzen idazten nire herrian eta hein berean jasan ezina egiten zitzaidan hezkuntza eremuan sumatzen nuen Freireri buruzko isiltasuna.

1982an Freirerekin unibertsitateko gela aurrean.
Brasiletik Donostiara etorri berria nintzen urte haietan 1990. hamarkadan, Eva Forestekin elkartzen nintzen puntualki Okendo Jatetxean elkarrekin gosaltzeko eta aukera ezin hobea eduki nuen emakume jator eta argia honekin konpartitzeko zenbait egoera. Gauzak horrela, idatzita neukan testu bat, “Emociones” hain zuzen, eskuratu nion bere iritzia idatzitakoari buruz jakiteko. Aholku batzuk eman ondoren, argitaratzeko esan zidan.

Garai hartan, Eusko Jaurlaritzak laguntzak eskaintzen zituen “Euskal Etxeen” bidez aurkeztutako proiektuei eta nik São Pauloko “Gernika Kutun” babespean aurkeztu nuen idatzitakoa. Horrela onartua izan zen “Emociones”. Behar bada gordetzen zuen informazioagatik eta pedagogia aldetik Paulo Freire hurbiletik agertzen zuelako, jadanik pedagogo brasildarra ezaguna bai zen Euskal Herrian. Horrela geratu ziren Eusko Jaurlaritzak argitaratuta bi emozioen adierazpenak: Brasilekiko maitasuna eta hein berean euskaldun izateko aukera, hitz batean esanda etxekotasun brasildarra, azken batean gehiengoak etxean sentitzen ginelako brasildar lurretan.

Etxekotasunari buruz ari naizela esan nahi nuke oso hunkigarria izan zela niretzat “Bagera” elkarteak antolatu zion omenaldia Toribio Alzagaren antzerki taldeari, nire aita Donato Ugartetxea Zabala, talde honetako partaide izan zenez, gogoan dut nire ume eta nerabe urteetan Donostiako Tomas eta Sebastian deunen eguneko, Antzoki Zaharrean aurkezten zituzten antzezlanak. Probintziako jendeak batez ere betetzen zituen antzokiko eserlekuak. Dugun izaera euskalduna nabarmenki sentitzen nuen egun haietan, garenak izateko aukera puntuala eta zoragarria barreiatzen zen geure artean, nahiz eta frankismo garaiak izan. Gurasoak Toribio Alzagari buruzko miresmena dastatzeko aukera eman ziguten eta gero Maria Dolores Aguirrerena, nire ahizpa eta niri. Aitak, Toribio Alzagari buruz hitz egiten zuen eten gabe bere azken egunetan, beregandik euskaraz alfabetatutako ikaslea sentitzen bai zen. Antzerki lanetan Euskal Herri osoan ibili ziren, antzezten, gozatzen eta ikasten, hitz batean iparraldetik hegoalderaino euskal kultura zabaltzen.

Bigarren lerro erdian Toribio Alzaga eta bere atzean Donato Ugartetxea.
Omenaldiaren egunetan mila histori entzun nituen antzerki taldeko sendien ahoetatik bai Toribio eta bai antzezlariei buruz. Maria Luisa, Toribioren alaba ezagutu nuen eta iturri ezin hobeaz disfrutatu nituen berak adierazitakoak. Ukitu bereziena sortu zidan Toribioren ikasle batek idatzitakoak. Garai hartan “Euskara eta Iztunde Ikastola” kale Garibaien, tabakalera zegoen lekuan azken pisuan. Ikasgela xume batean behar ziren tresna mugatuekin euskara lantzen zuen Toribio Alzagak. Handik pasa ziren garaiko zenbait pertsona garrantzitsuak, sendagileak, lege gizonak e.a. Tartean eta ikasle bezala Elbira Zipitria ere egon zen, eta erregistratuta dago bikain kalifikazioarekin.
Ezer edo gutxi hitz egiten zen talde honi buruz Brasiletik itzuli ginen (1990) une hartan. Niri iruditu zitzaidan zeuden lekukoak jaso behar nituela familietakoekin batera eta asmo horrekin heldu nintzen garaiko “Antzerti” taldera. Ez nituen behar zuten duintasunez tratatuak aurkitu garai honetako, zenbait argazki, programa, obrak, antzokiko sarrerak e.a. baino izandakoari bizitasuna berreskuratu nahian, jaso nuen guztiarekin artisau lan bat egin nuen eta hobe beharrez Euskal Unibertsitateko pedagogia departamentura eraman nuen, hezkuntzari buruz dagoen erakusketarako baliogarria zela iruditzen zitzaidalako. Dena dela egun, Toribio Alzaga eta bere “Koadroari” (horrela deritzen genion) buruzko guzti hauek, Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian daude.
Gauzak Horrela “Euskal izkera ta iztunde ikastola”ren Irazkintzari (Escuela de Declamación Vasca) buruz informazioa jasotzen ari nintzela, “Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos”ekin topatu nintzen, erakunde honetan urtero nolabaiteko aurkezpena egiten bai zuten Toribio Alzagaren Koadrokoak. Pentsatuz gero, erabaki nuen erakunde hau ezagutu behar nuela eta horrela heldu nintzen lehenengo aldiz Eusko Ikaskuntzara, jarraian bazkide egin nintzen eta gaur arte jarraitzen dut. Garaia,n Olatz Zumalabe zen zuzendari teknikoa eta berarekin hitz egin nuenean, nire lekua erakunde honetan zegoela etxekotasun giroari jarraituz, sentitu nuen. Hautaketa honek lagundu zidan, sozialki elitista fama zuen erakundeak gainditzen.
Jakinda idazten edo erregistratzen ez dena gehienetan ez dela existitzen eta Joxerramon Zubizarreta Oteiza, nire senarra, ondoan neukala, bururatu zitzaidan “Gernika kutun” Brasileko euskal etxeari buruzko historiari ekin behar niola, iturri bizia gertu neukalako Joxerra fundatzailea zenez: “Vasconia” cuadernos de historia-geografía nº 25 pg. 385-413, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos 1998.
Gero Paulo Freiren heriotza gertatu ondoren, hurbilagotik bizitu nahian pedagogo brasildarra zenbait ekitaldi egin ziren Eusko Ikaskuntzan, tartean Freiren alarguna Ana María Araújo Freire gonbidatua izan zen baita ere. Hauek denak, parte hartutako Ikastaria 10. 1999 bi Koadernoetan, bilduta daude. Brasil eta Euskal Herriaren arteko joan-etorriak gordetzen dituen ikasketak adierazten dituena, Estebe Ormazabal, Elça Martin, Alfredo Soeiro (bi hauek brasildarrak) eta nik egindako Ikastaria 13. 2004n agertzen dira. Zenbaki honek herritik joatea gauza bat dela eta berriro herrira itzultzea bestea agertzen du, jakinduriaren pedagogia tartean dela. Geroago XVII. Eusko Ikaskuntzako Kongresua izan zen eta Sebastián Fuentealba Valenzuela irakasle chiletarrarekin, memoria sozialaren tailer bateko partaide izan ginen Alejandro Jodorowskyren haritik bere Marsellako tarotaren sinbologien esan nahia agertuz: XVII. Eusko Ikaskuntzaren Kongresua 212-214 or. 2009.

Urte hauetan Eusko Ikaskuntzako bazkide izateak asko lagundu dit behar nuen distantzia jartzeko han eta hemen ibilitakoak aztertu eta orden batean jartzeko emozional eta intelektualki.

Zubi horren eraikuntzan nabil, bi aldeak nigan banaezinak direlako. Ezaguera edonorengan bizi den zerbait da, horregatik harreman pertsonalak zaintzen ditut orden gabeko bertso solte gisa bizi den jakinduriaren bila, posible izan dudan bizitutako herrialdeetako espazio soziokulturaletan murgilduta.
Horrela gertatu zen baita ere, Itziar Idiazabal eta Ines Garcíaren zuzendaritzapean idatzi genuenean “Ikasle-Irakasle” esperientzia, Herrerako Txingurri Euskaltegian bizitutakoa hain zuzen: autogestionatua eta Paulo Freirek aipatutako ikasle-irakasle hitz banaezina praktikatuz euskararen ikasketa tartean genuela. Ahaztu ezina dugu une hartako txoko akademiko hau: Ikastaria 14, 103-183or. 2005. Jakinduria bertso solte gisara, bizitu naizen edozein herrialdeetan aurkitu dut. Harreman pertsonalen bidez aurkitu eta maitatu ditut hainbeste aberastu nauten ezaguera bereziak. Egun honi gehitzen badiot, erakunde honek agertu didan abegikortasuna proposatu dudanean ekitaldi edo Euskonewseko artikuluren bat, esan dezaket etxekotasun sentsibilitate akademikoa sentitzera eramaten nauela.
Euskal Herritik Brasilera egindako bidai batean, São Pauloko Unibertsitate Publikotik eskatu zidaten Estatu Espainoleko hizkuntzaz hitz egitea. Nik, euskara denez ezagutzen dudana, gure hizkuntzari buruz hitz egin nuen eta ondorio arrakastatsua lortu ere. Gauzak horrela, errepikatu behar izan nuen egun hartan ezin izan zutenentzat, gure hizkuntzaz jakin nahi zutenez. Gero gonbidatua izan nintzen, beste zazpi emakumeekin batera, liburu baten idazkeran parte hartzera. Estatu Espainolean jaiotako zortzi emakume profesionalak, denak Brasileko biztanleak eta bizitutakoak han eta hemen konpartitzeko gogoz. Lekukotasun anitzez esperimentatuak, ideologi eta familiako giro desberdinetakoak, benetan talde oso aberatsa. Lan koloretsua, erreala eta eskuzabal jakinduriaz idatzitakoa izan zen lortutako liburua: “Recordando no Brasil a Espanha de Ontem”: conversas femeninas” edit. Mandruvá. São Paulo 2004. Gaztelerara itzulia: edt. Narcea 2006 “Tejiendo recuerdos de la España de ayer”.

Lan honen idazketaren arabera konturatu ginen zortziak genituela ezaugarri komunak: Espainiako 1936. gudako ondorengoak bizitutakoak; hein berean Brasilgo biztanleak ginela; gurasoen interesa, emakumeak izan arren, ikasketa profesionalak egiteko aukera izatea, garai hartan hau ez zelako hain arrunta; eta azken batean jasandako errepresio erlijiosoa.
Unibertsitate honekin edukitako harremanetan artekari profesional bikaina izan zen Vanessa Ingegneri. Egun hezkuntza munduan lana egiten duena. Nerabe zenean ezagutu nuen bere gurasoen etxean, lagunak bai ginen, hobeto esanda familia hau gure familia brasildarra da. Familia giroan beti sentitu arazten gaituzte, Euskal Herria eta bere kulturari dioten miresmena eta lotura afektiboagatik. Milesker brasildar etxeko familiari!
Alfredo Soeiro-ri esker, lagunak gara, hasi nintzen ni eleberriak idazten. Bera, Pilota Federakuntza Internazionaleko Presidentea hain zuzen Brasilen eta egun batean komentatu zidan pilotariei buruzko eleberri bat idatzi beharko nukeela, gutxi idazten zela pilotariek bizitzen dituzten abenturei buruz eta beraiek izan direla euskara eta nortasun euskaldunaren globalizazioaren parte handi bat. Horrela gauzak auto argitaratu nuen: “Andrea”, 2011. edit. Pasionporloslibros.
Auto edizioaren aukera ezin hobea izan da gure ezaguera konpartitu nahi dugunontzat, naiz eta idazle profesionalak ez izan.
Gero, hunkipenak eta bizitutakoak orekatzearren idatzi nuen terapia pertsonal gisara: “El hijo de la matrona de Pampa”, 2012an.
Jarraian, etxean gertatutako samurtasun handienaren, Jokin etxera etorri zenean hilabete bat zuela, adierazle izan nahian: “Kontxako amona eta kapitaina”, 2013an.
Unibertsitateko irakasteko eta ikasteko eraz beti kezkatuta nengoela eta sistematik kanpo disfrutatu nahian: “Cuentos en la Universidad”, 2013an.
Elizatik kanpoan daudela ebanjelioaren ezaugarri nabarmenenak jakinda: “Katedraleko atarian/A las afueras del templo”, 2014an.
Goibel eta jasan ezinik, erakundeek agertzen duten isiltasun konplizea, haur lapurtuei eta adopzio ilegalei buruz, inongo egozpen edo errurik gabekoak izango balira bezala: “Violetas en el lodazal”, 2015ean eta “Cartas desde el conflicto”, 2016an, azken hau Flor Díaz Carrasco-rekin batera, garaian Euskal Herriko “S.O.S. Haur Lapurtuak” elkarteko presidentea.

Egun batean gonbidatua izan nintzen, São Pauloko, Pontifizia Unibertsitate Katolikan, Paulo Freireren ikastaroetan parte hartutako zenbait hunkipen, ezagueraren ildotik, bizitutakoa idaztera: “Querido profesor Paulo Freire” Editorial Académica Española. 2019, oraingo honetan ez dut asmatu editorialarekin.
Gauzak horrela 80 urte betetzera heldu nintzenean nire familia eta lagunekin ospatu ondoren, Brasilen, Txilen eta Kolonbian leku horietako familia eta lagunekin ongi zelebratzea falta zitzaidala konturatu nintzen, nire bizitzaren erdia beraiekin konpartitu dudalako. Bereziki lehenbizi Chinca Porrasekin (Kolonbiarra) eta Soraya Cuellasekin (brasildarra) elkartu nintzen Bogotán eta gero Chinca eta ni Juana Fuentealbarekin (Txiletarra) Txileko Santiagon . Euskal Herrira heldu nintzenean bizitutakoaz idatzi behar nuela pentsatu nuen: “Amores puntuales amigos y amigas para siempre” 2024. Lau emakumeen, kultura eta familia desberdinetakoen bizipenak, irudikatutako hizkietan gozatu nituen. Ez dira literalki agertzen diren bezalakoak baina komuna duten estilo berak elkartzen ditu, kidetasunaren aberastasunak.

Orain dela hamar urtetik gutxi gora behera gaur arte, nire energia eta espiritualitatearen iturria, Alejandro Jodorowskyren Marsellako tarotan aurkitzen dut. Argitasun terapeutikoaren babespean sentitzen naiz tarot honen ildotik egiten dudan irakurketa bakoitzean. Ez dauka zer ikusirik, nik ordu arte, suposatzen nuen tarotaren erabilerak zuen asmakizunerako ahalmenarekin. Karta hauen eguneroko kontenplazioa, nigan dagoen inkontzienteaz gero eta gehiago kontzienteagoa izatea naraman ikasketa eta praktika bihurtu da. Izan behar dudana izaten laguntzen nauen terapia da. Sinbolo bakoitza bizitzaren irudia da, ez dago karta hona edo txarra, bizitzan gertatzen den bezala alde baikorrak eta ezkorrak daude sinbolo bakoitzean, zer eta nola landu, bizitzaren alde edo kontra egiteko da, erabili behar den pedagogia. Irakurketa honek zer ikusi handia du Paulo Freirek irakasten gaituen irakurketarekin, hain zuzen, esaten duenean “hitzaren (letrak sinboloak dira) irakurketa/bizitzaren irakurketa” izan behar duela; kasu honetan esan dezakegu “sinboloaren irakurketa/bizitzaren irakurketa” izan behar duela baita ere. Azken batean pedagogo brasildarrak aipatutako “kontzientizazioa”-ren praktika bikaina izanaz. Egun badakit, sinbologiaren alfabeto baten aurrean nagoela.

Karta hauek tresna ezin hobea bihurtu dira niretzat, eman beharreko inkontzientetik kontzienterako pauso horretan zubi gisara. Honi gehitzen badiogu eskuen mugimenduaren bidez, kartak mahai gainen isurtzen ditugun unean ikusten duguna, magikoa dirudien gertaera bihurtzen da. Eta nik galdetzen dut, ez da horrela bizitza?
Orain Nabil dut izena.


